- Belar Hockeya
Reala eta Atletiko itxura txarra ematen ari dira
DONOSTIA
Ezin esan azkeneko jardunaldietan ibilbide ona daramatenik Ohorezko Mailan dabiltzan bi euskal taldeek. Realak, nesketan, eta Atletikok, mutiletan, galdu egin baitituzte norgehiagokak.
Mutiletan, Atletikok 2-1 galdu zuen Taburienteren zelaian. Etxekoak aurreratu ziren markagailuan, baina Oscarisek berdinketa lortu zuen. Hala ere, ezin izan zioten horri eutsi, eta Taburientek bigarren gola sartu zuen. Atletikok ezin izan zion horri erantzun. Honako hauek jokatu zuten Atletiko San Sebastianen: Zulueta, Hector, J.Kamio, Usarraga, Piñero, Abellan, Rey, I.Kamio, Oscaris, Lorente eta Astier. Gorriti, Mendizabal eta Cruz ere aritu ziren norgehiagokan. Donostiarrak orain zazpigarren geratu dira.
Realak 5-0 galdu zuen Poloren zelaian, eta emaitzak erakusten duen moduan, gipuzkoarrek oso gaizki jokatu zuten. Etxekoek lehen zatian erabaki zuen norgehiagoka, 4-0 joan baitziren atseden hartzera.
Bigarren zatian donostiarrak hobeto aritu ziren, baina ordurako dena erabakita zegoen. Hauek aritu ziren Realean: Lopez de Egilaz, Jaunarena, Yarza, Azkoaga, Altuna, Flores, Larrañaga, Sanz, Blanco,Guajardo eta Garcia. Gero, Ruiz eta Goñi ere aritu ziren. Reala orain zazpigarren postuan geratu da.
|