Fundazioan herri eta gizarte mugimenduek beren beharrak zaindu eta asetzeko lekua aurki dezaten lan egin nahi dugu». Joxemi Zumalabe Fundazioaren webgunean www.joxemi.org argi azaltzen da zein den duela hamarkada bat sortutako ekimen horren izaera eta zeintzuk diren xedeak. Atal horretako auzipetuek epaimahaiari azaldu dizkiotenak, eta fiskalak zalantzan jartzen dituenak, hain zuzen.2000. urteko udazkenean jo zuen Baltasar Garzon epaile espainolak fundazioaren kontra, eta hainbat kide eta langile atxilotu eta kartzelara eraman zituen. Sei urte geroago, haien lana aldarrikatu dute epaileen aurrean, oraindik ere, eta orduan bezala, herri mugimenduen alde egiten duten lana.
Joxemi Zumalabe Fundazioaren aurkezpen digitalean esaten da «Euskal Herriko herri eta gizarte mugimenduen azterketa orokor bat» egiten hasita, «hainbat datu interesgarrirekin» egin dutela topo.
Batetik, «komunikazio eza» sumatu dute, betiere mugimendu horiei dagokienez, «eratuta dauden adierazpenetan, eta zenbaitetan baita arlo edo lurralde berean lanean ari direnen artean ere». Horrekin batera, esaten dute herri eta gizarte eragile horietan «parte-hartze sozial txikiagoa» dagoela, barne eta kanpo jardueretan.
Mugimendu horiek dituzten edo sortzen dituzten baliabideen gainean «ezagutza eza» ere antzeman dute fundazioko kideek, edo kudeaketa ezegokia, beste batzuetan. Gainera, uste dute «informazio urria» dagoela erakunde publikoek eskaintzen dituzten programa, diru laguntza eta azpiegituretara heltzeko.
Azterketa horren ostean, eta herri eta gizarte mugimenduak «Euskal Herriak bizi dituen arazoen aurrean gizartearen dinamizazio eta antolakuntzan duen eta aurrera begira izango duen garrantziaz» jabetuta, Joxemi Zumalabe Fundazioak bere laguntza eskaintzen die talde horiei guztiei.
Izan ere, webgunean azaltzen den legez, beren helburua da «herri eta gizarte mugimendua eragitea, bultzatzea eta aholkatzea». Helburu nagusi horrekin batera, beste zehatzagoak ere baditu fundazioak.
«Herritarren premiak»
Besteren artean, herri mugimenduari «beharrezkoa duen zerbitzu-azpiegitura» eskaintzea du bere egitekoen artean, «ez bere eguneroko lanerako, haren funtzionamendua hobetzeko baizik». Zerbitzu horien artean, euskarri informatikoak, lege aholkularitza eta diru-laguntzak kudeatzeko bideak aipatzen dira orrialdean.
Horrekin batera, eta epaiketan aipatu duten bezala, fundazioak garrantzi handia ematen dio formazioari, eta era guztietako ikastaro, mintegi eta topaketak antolatzea du xede, «pertsona hauen ezagutza eta gaitasunak areagotzeko».
Mugimenduen arteko komunikazioa ere garatu nahi dute, eta fundazioaren helburuekin zerikusia duten argitalpenak argitaratu eta banatzeko prestutasuna daukate. Gainera, «ofizialak ez diren komunikazio eta informazio bide alternati-boak» bultzatzea da beren beste helburuetako bat.
Zerbitzu horiek guztiak zein taldek jaso ditzakeen zehaz- tean, webguneak azaltzen du «Euskal Herriko herri eta gizarte mugimenduan kokatzen diren pertsona, elkarte, antolakuntza eta beste edozein organizatibori» zuzentzen zatzaizkiela, eta herri mugimendu legez jotzen dituztela «politika ofizialetik kanpo herritarren premia zehatzei erantzuteko sortu den antolakunde mota oro». «Hitz batean esateko, gaur egun gizarte alternatibo baten oinarri diren balioak bultzatzen dituena da herri mugimendua», bukatzen du.
Horren ordezkaritza zabal bat Madrilen egon zen aurreko
astean auzipetuei babesa emateko. Fiskalak ez zien galdetu. -