BAIONA
Koldo Amestoy idazlearen ipuinaren inguruan alor anitzetako artistek hainbat ekarpen egin dituzte. Istorioa aberastu dute, eta, aldi berean, ikusgarriaren partaide bilakatu dira. Izakien bost zentzumenak baliatzeko aukera eskaintzen du ezohiko antzezlan honek.
Marko Armspach marrazkilari «grafistak» eszenatokian gertatzen denarekin bat eginik, eta ipuinarekin erlazio zuzenean, pantaila handi batean erakutsiko diren marrazki bizidunak sortu ditu bere arkatz sorginduarekin. Amestoyren hitzez gain, entzumenaren bitartez Jesus Aured musikariak bere akordeoiarekin kontatzen dituen istorioak ere bereganatu ahalko ditu ikus-entzuleak.
Armspach eta Auredek aurkeztu behar dituzten lanak aitzinetik prestatuak izango badituzte ere, inprobisaziorako tokia egongo dela nabarmendu zuten. Irudien eremuan lan aski konplexua dela ematen du, baina marrazkigileak teknologia berriek lagunduta eszenatokian gertatzen denarekin bat egiten duten irudien antolaketa egingo duela ziurtatu zuen.
Txokolatea dastatzen da ikusgarriaren bukaeran, bost zentzuetako dastamena eta usaimena baliatzera eramaten dutenak «Harilka» antzezlanaren ikuslea. Horretarako, Baionako Atelier du Chocolat etxeko gustu eta zaporeen maisua den Serge Andrieuren laguntza izan du Amestoyk. Jeremie Spencer ehuleak iruten eta harilkatu dituen oihalak eskainiko dizkie antzokira hurbildutakoei, ukimenaren bitartez ikusgarria sentitzeko.
Aitaren bila joaten den neska baten bidaia iniziatikoa da antzezlanaren oinarria. Ainara izena duen neskatoari amatxik, bere aitari buruz, hauxe esaten dio: «Ederra eta harroa da, zuhaitz baten irudikoa». Hori entzunik, Ainarak gizakiarengandik hurbil dauden zuhaitzen bilaketari ekingo dio. Horren bitartez, Amestoyk zuhaitzen eta gizakiaren artean dauden paralelismoak baliatu ditu eta eszenatokian zuhaitza izango da protagonista. Bilaketak kakaoaren zuhaitza dagoen Quetzalcoatlen herriraino eramango du Ainara, eta han baba idortu batzuk gorderik dauzkan zakutxo baten hariak bere etxeko bidera gidatuko du. Koldo Amestoyek txokolatearen benetako historia jakintsuei utzi die, eta horren ordez, egiazko kondaira sortu du asmatutako kontakizunen bitartez.
Baionako Scène Nationalak eta Euskal Kultur Erakundeak eskaini diote sustengua egitasmoari. Azken erakunde honetako zuzendari Pantxoa Etxegoinek ikusgarriak hainbat arte disziplina elkartzen dituzten obrak sustatzen dituen Batekmila programaren irizpideekin bat egiten duela nabarmendu zuen. Etorkizunean ikusgarria Euskal Herrian eta estatu Frantsesean antzeztu nahi dute egileek eta babesleek.