GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-04-16
Plazido Muxika, 1.900 orrialdeko hiztegi erraldoia eskuz idatzi zuen gizona
Gaur bete da mendea Plazido Muxika, bere izena daraman hiztegi erraldoiaren egilea, jaio zela. Lauaxeta, Jokin Zaitegi eta Andima Ibiñagabeitiaren promozio berekoa izan zen jesuitetan. Kolonbiako Pasto hirian irakasle zela, mendi ibilaldia egitera joan, eta «Argia» aldizkari bat aurkitu zuen mendian, eta halakoxe zirrara eragin zion, euskal kulturaren alde bere indarrak baliatzea erabaki baitzuen. Horrela jaio zen bere hiztegi erraldoia.

Plazido Muxikak “Diccionario Castellano-Euskara” erraldoia argitaratu eta izen pixka bat bereganatu zuenean, «Lanpetua» hitza jartzen omen zuen zintzilik bere gelako atean, inork molesta ez zezan. Hala ere, tarteka norbait etortzen omen zitzaion ate joka, eta, askotan, kupularen ondoan zeukan zoko batera joaten omen zen lanera. «Lanpetua» hitza da beharbada gizon horren izaera eta bizimodua ondoen definitzen duena. 1906an jaio zen Urnietako Oria auzoan. Gaur bete da jaiotzaren mendeurrena, eta, horren kariaz, Urnietako kultur etxean zabaldu duten erakusketan auzo horretako garaiko argazki batzuk ikus daitezke. Brunet enpresaren etxeetan eman zuen haurtzaroa. Engrazia eta bera bizkiak ziren. Bera jesuita sartu zen eta arreba moja. Jesuita ikasketak egiten ari zela Ibiñagabeitia, Lauxeta eta Jokin Zaitegi izan zituen lagun, promozio berekoak baitziren. 1926an, hogei urte zituela, beraz, Azkueri lantxo batzuk bidali omen zizkion, ikasketak egiten ari zen lekuan, Oñan, euskal giroa bazegoen seinale. Hogeita bederatzi urterekin Kolonbiara bidali zuten Andima Ibiñagabeitia eta beste zenbait lagunekin batean, Pastoko jesuita ikastetxean irakasle lanetan aritzeko.

«Argia» bat mendian

«Santa Kruz apaiza ez zuen aurrez arre ezagutu, 1926an hil baitzen. Armak utzi eta berriro apaiz lanetara itzuli zelarik, jesuitekin atzerrian lan egitea erabaki zuen, eta Paston egon zen 35 urtez, ikastetxean ingelesa eta frantsesa erakusten. Plazidok mirespena zion Santa Kruzi.

Egun batez, hiru milatik gorako mendi batera ibilaldia egitera joan eta eseri zelarik, ‘Argia’ bat aurkitu omen zuen lurrean, mendiko bakardade hartan. Halakoxe zirrara sentitu omen zuen, euskararen alde bere indarrak erabiliko zituela erabaki baitzuen han bertan», kontatu zuen Jon Lizasok, Urnietako Udaletxeko Euskara teknikariak.

Kultur etxeko erakusketan ikus daitezke Santa Kruz apaizaren azken hiru argazkiak, hil baino urte batzuk lehenago, 86 urte zituela eginak. Kapelu kolonbiarra darama buruan, eta bizar zuri luzea aurpegian. Bayo izeneko zaldiarekin ibili luzeak egiten omen zituen.

1937tik 1963ra bitartean Europan barrena ibili zen. Euskal Herrian, Xabierren zegoela latin hiztegi bat egin zuen sei hilabetetan. Baina, buruan euskal hiztegiaren egitasmoa omen zeraman. 1944an hasi zen fitxak idazten, eta 1958an liberatu zuten (klase batzuk ematea beste lanik gabe) hiztegi erraldoia egin zezan; 1965ean argitaratu zuen. Sekulako arrakasta izan zuen. «Izugarri saldu zen, garai hartan besterik ez zegoelako eta bere akats eta guzti lan erraldoia zelako», jarraitu zuen Jon Lizasok.

Kultur Etxeko erakusketan haren lan egiteko modua erakusten duen lekukotasunak aurki ditzake bisitariak. Zapata kaxetan sartzen zituen fitxak, eta, hiztegia osatzera iritsi zenean, hamar liburuki loditan idatzi zuen eskuz hiztegi osoa. Ondoren makinaz transkribatu zuen. Edizio berri bat prestatu zuen; gaztelera-euskaraz ateratakoa euskara-gaztelera bihurtu zuen. 1982ko abuztuan hil zen Loiolan. «Langile nekazeina izan behar zuen. Hiztegiaren zati handi bat ordu libreetan eta asteburuetan egin zuen-eta. 1965ean hiztegia kaleratu eta jendea bisitan etortzen hasi zitzaionean “Lanpetua” idatzita zuen kartela jartzen omen zuen atean bakean utz zezaten», esan zuen euskara teknikariak.

Autobiografia

Loiolan ba omen zen jesuita bat adinean aurrera zihoazen bere kideen lekukotasunak bildu eta bakoitzaren biografia idazten zuena. «Jaiotzatik zahartzarora bitarteko bizitzako gorabehera gehienak biltzen ditu lan horrek. Loiolan gordeta dute biografia hori», esan zigun Lizasok.

Lexikografian, ordea, aurrerapen ikusgarriak egin dira geroztik, eta hark egin zuen lana itzalean geratu da. Urnietako Udalak Plazido Muxikaren omenez prestatu duen egitarauaren barruan haren iloba Joxe Antonio Mujika eta Ibon Sarasola mintzatuko dira hilaren 27an, 18.30ean, kultur etxean. Hain zuzen ere, gai horixe aztertuko dute, Muxikaren lan lexikografikoa. Hilaren 16an jaio zen, ordea, Plazido Muxika Oriako elizaren kontra Brunet fabrikan egindako etxeetan. 1986an Lasarte herri bihurtzean Oria bereganatu egin zuen, herritik bertan geratzen zelako. Lasarte Donostiako egiten zen bitartean Oria Urnietara egiten zen eta Plazidok berak urnietartzat zuen bere burua. Haren izena daraman plazan irudi bat bistaratuko da eguerdiko 12etan, eta Erketz eta Aurrera Gure Ametsa taldeek dantzak egingo dituzte. -



«Ilobei hiztegi bana oparitu zigun»
Joxe Antonio Muxika, Donostiako Irakasle Eskolako irakaslea, Plazidoren iloba da. «1944an, Oñan zegoela hasi zen fitxak egiten loari eta oporrei orduak kenduz. Eta 57tik aurrera Veruelako monasterioan Moncayoren oinean zegoela hasi zen fitxa horiek liburuki handi batzuetara eskuz pasatzen. Bidenabar, harpidedunak bilatuz, Mitxelenarekin gutunez harremanak eginez, bere lana gizarteratzen ari zen. Nik garai horretako irudiak baditut, baina Loiolara etorri arte ez nuen harreman esturik izan», kontatu zigun. Hiztegia Bilboko Mensajeron atera behar zuenez, bi urte lehenago ekarri omen zuten Loiolara, inprimategia hurbil izan zezan. «Iloba guztioi ale bana oparitu zigun, eta bere biziko lana bukatu duenaren pozarekin bizi zen. Euskara batua ez zuen onartu, baina ez zen liskarretan sartu, eta lanean jarraitu zuen euskara-gaztelera bertsioa egiten. Lan erraldoi hori egiteko indarra nondik atera zuen? Zaitegi eta abarrekin batean euskaltzaletu zen, eta garai horretako erabakia zela uste dut hiztegiarena», esan zuen.
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
La despedida que se quedo en el aire
Mundua
Sinn Féin saluda la implicación de Dublín en los actos pero le recuerda los principios
Mundua
«Una terrible belleza ha nacido»
Kirolak
La salvación se acerca con un gran gol de Mark González
Kirolak
Confía todas sus opciones a la firmeza de su trinchera
Euskal Herria
Los firmantes del Acuerdo de Base reclaman que se cree «ya» la Mesa para la Resolución
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea