GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-04-16
Gizon onen artean, Placido bat
Gertutik ezagutu zuen gotzon garatek placido mugica, eta bere jaiotzaren mendeurrena betetzen den honetan haren nortasuna eta lanaren berri ematen du artikulu honetan. Hiztegiari dagokionez, zera dio idazleak: «Bere altxorrera jotzen duena oso aberastua aterako da».

Gaur ospatzen dugu Placido Mugica jaio zeneko ehungarren urteburua. Urnietan sortu zen (1906) eta Loiolan hil (1982).

Norbait harri liteke Mugica eta Placido erdal erara idatzi dudalako. Berak bere hiztegietan horrela idazten zuen, ordea. Dena dela, bere “Diccionario castellano-vasco” ezaguna 1965ean sinatu zidanean, “Muxika’tar Pl. S.I.” idatzi zidan. Hementxe dut oraintxe neure begien aurrean sinadura hori.

Mugica ezagutzeko era izan nuen 1953 urtean Loiolan jesuita sartu nintzenean. Orduan bere euskal hiztegia egiten ari zen. Nobiziatuan, baina, bi urtez, ez nuen berekin harremanik izan. Nobiziatuan espirituzko gauzetan jarduten genuen, eta ia maisuarekin bakarrik hitz egiten genuen.

Nik ezagutu nuenerako ezaguna zen Mugica. 1940an “Diccionario Latino-Español” idatzia zuen. Zazpi argitalpen izan zituen.

1952an Svensson aleman jesuitaren “Nonni und Manni” euskaratu zuen. Nik badut oraindik liburu horren ale bat. Orduan ere bai, baina orain ere gustura irakur liteke abentura liburu hori, euskara indartsuz itzulia.

Nobiziatuko bi urteak egin eta junioratua hasi genuenetik oso elkartuak ibili ginen. Nik, jesuita sartu arte, gure herriko euskaraz bakarrik nekien. Ez nuen sekula gramatikarik neure eskuetan izan.

Nik gerla zibilaren ondoko urte gogor haiek bete betean harrapatu nituen. Eskolan euskaraz egitea erabat debekatua zen. Durangora joan nintzenean ere, jesuiten ikastetxean ez genuen eskoletan sekula hitz bat euskaraz entzun.

Junioratuan Mugica izan genuen euskarazko irakasle. Lehena neure bizitzan. Ostegunetan pare bat ordu izaten genituen berekin. Batez ere, aditza ikasten genuen eta gramatikako gorabehera nagusiak. Orduan hasi nintzen ni euskaraz idazten.

Mugicaren gelara joaten nintzen eta hantxe egoten zen, bere hiztegia egiten. Dena eskuz egiten zuen, fitxekin. Oinetako kaxak zeuzkan, eta hantxe sartzen zituen fitxok. Ikusgarria zen bere gela oinetako kaxaz betea ikustea. Horrelako gizon langilea!

Eta azkenean bukatu zuen “Diccionario Castellano-Vasco hiztegia”, 1965 urtean. Hitzaurrean berak esaten digu nola hartu zuen lan hori egiteko asmoa.

1929 Kolonbiako Andeetan barna zihoala, “Argia” aldizkariaren puska bat aurkitu zuen. Zirrara handia hartu omen zuen hura ikusita. Itxuraz, Santa Kruz apaizak utzitakoa zen, handik igarotzen baitzen urte batzuk lehenago.

Orduantxe hartu omen zuen gaztelera-euskara hiztegi bat egiteko asmoa.

Hiztegiari Luis Michelenak egin zion kritika aipatzeak merezi du. «Múgica merece en conjunto un elogio incondicional por la riqueza casi exhaustiva de su documentación». Gero berriz goraipatzen du. Egiten dion kritika, baina, zuzena da. «Su libro será ‘peligroso’ en manos de personas de escasa formación en nuestra lengua, aunque vaya a ser útil y aun utilísimo para quienes disponen de una buena preparación y son capaces de elegir por su propia cuenta y con arreglo a criterios bien establecidos». Halaxe da. Mugicaren hiztegian elkarren ondoan daude toki askotan, eta egunero erabiltzen diren hitzak eta esamoldeak, oso bakan eta ia inon ezagutuak ez direnak.

Euskaraz ongi ez dakienak aukera dezake oso baztertua edo ia inork ulertu ez dezakeen lexikoa edo esapidea, besteren bat askoz hobeto letorkeen kasuan.

Nik hauxe esan behar dut. Ia berrogei urtez nabil zazpi probintzietako baserrietan eta Mugicaren hiztegia altxor agortezina aurkitzen dudala. Baserrietan egunero erabiltzen dituzten moldeak hortxe edirenen dituzu. Ez dago horrelako hiztegirik. Ibon Sarasolaren “Zehazki Diccionario Castellano-Vasco” hiztegiak badu Mugicarenak ez duen alderdi oso estimagarria. Aukera egin duela, ongi aukeratu ere, altxor horretatik egokiena iruditzen zitzaiona. Orain ere, ordea, Mugicaren altxorrera jotzen duena oso aberastua aterako da. Nik neuk etengabe erabiltzen dut eta maiz harriturik gelditzen naiz gizon horrek egin zuen lana ikusita.

1969an Franz Weiser-en “Das Licht der Bergen” euskaratu zuen, Mendiko argia. Liburu hori ere erraz irakurriko duzu, kilikagarria baita eta euskara bikainez itzulia. Mugicaren “Diccionario Vasco-Castellano” ere oso da txalogarria. Guztirakoa, zinez. Esapideetan, adibidez, iturri joria. Bi ale dira eta merke saltzen. Hiztegi honek duen alderdi seinalagarria: Euskal hitza erdarazko sinonimo askorekin agertzen dela. Itzulpena egiteko oso komenigarri. Beste hiztegiek euskal hitzaren ondoren gaztelaniazko hitz bakarra dakarte.

Mugicaren hiztegiok duten alderdi beltza “h” ez erabiltzea da. Batzuek esan dute Mugica euskara batuaren etsaia zela. Nik harekin gai horretaz behin baino gehiagotan hitz egin nuen. Euskara batuaren kontrario baino “h” sartzea ez zuen laket.

«H»rik ez

Bere “Diccionario Castellano Vasco”ren hitzaurrean honela dio: «En cuanto a la h, no nos convence su empleo.... La razón etimológica y el espíritu de tradición no tienen para mí y para otros muchos tanta fuerza, como las indudables ventajas que supone la supresión de la h». Ematen zuen arrazoiak bazuen pisurik. Euskaldunetan bostik batek bakarrik “h” ahoskatzen zuenez gero, euskaldun guztien bizkarrean “h”­ren losa hori ipintzeak ez zuela merezi.

Pierre Lafittek ere uste hori zuen, baina beste alderdi batetik begiratuta. Lafittek esaten zuenez, Iparraldean bakarrik ahoskatzen zen “h” eta Iparraldean euskara galdu egingo zen. Beraz, euskara, irauten bazuen, Hegoaldean bakarrik erabiliko zela eta alferrik zela h hori hegoaldekoak ikastera behartzea.

Laburpen honetan Mugicaren bizitzaren alderdi batzuk aipatu nahi nituzke. Mugica nobiziatutik bizi izan zen euskal giroan. Jesuita kide Leon Lopetegi, Felix Korta, Andima Ibiñagabeitia, Migel Mari Zubiaga, Frantzisko Sarobe eta batez ere Jokin Zaitegi izan zituen. Guztien artean Zaitegi zen euskara kontuetan sutsuena eta langileena. Placidok nobiziatuaz geroztik beti eraman zuen bihotz zolan euskararenganako maitasuna.

Neure denboran ezagutu ditudan gizaki onen artean, Placido bat. Gizon goxoa, apala, maitagarria, malezia gabekoa. Zentzu askotan haur on bat bezalakoa zen. Gertatzen zitzaion guztia kontatzen zuen, ezertxo ezkutatu gabe. Goizean ohean iratzarri zela, zangoak burkoan zituela eta burua zango aldean. Belgikan autoz zihoala mintxuria egin eta botaka hasi zela. Bota zuela jana ez ezik, gezurreko hortzak ere bai. Konturatu ez, ordea. Gero konturatu omen zen. Atzera joan eta hantxe omen zeuden hortzak.

Plazido euskaltzale zen, baina bere gisa. Euskaldunekin ere erdaraz egiteko joera handia zuen. Nik dena dela, ez nuen amorerik ematen eta nirekin euskaraz egin beharra zegoela bazekien.

Bestaldetik Placido hizketan nahiko totela zen, tartamutu samarra. Hitzak labaindu egiten zitzaizkion, irristatu bata bestearen gainean.

Ziur egon gaitezke Placido, bere izenak dioen bezala, Jainkoaren altzoan “lasai” dagoela. Han, beharbada, euskarak Euskal Herrian iraun dezan Jainkoari otoitz egingo dio. Ez dakit iritsiko ote duen. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
La despedida que se quedo en el aire
Mundua
Sinn Féin saluda la implicación de Dublín en los actos pero le recuerda los principios
Mundua
«Una terrible belleza ha nacido»
Kirolak
La salvación se acerca con un gran gol de Mark González
Kirolak
Confía todas sus opciones a la firmeza de su trinchera
Euskal Herria
Los firmantes del Acuerdo de Base reclaman que se cree «ya» la Mesa para la Resolución
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea