Patxi GARAT | Kantaria
«Edozeinek bizitzen dituen gauzez mintzatzen naiz kantuetan»
Patxi Garat 25 urteko saratarra duela bi urte Ipar
Euskal Herrian eta Estatu frantsesean ezagun egin zen “Star Academy”
emankizunean agertu ondoren. Berak halaxe esan du, Estatu frantseseko “Operación
Triunfo”n egin zela famatu. Arrakasta lortu ostean, Zuzenbide ikasketak utzi eta
musika munduan sartu zen buru-belarri. Urtebetez egon da maiatzaren 29an aterako
duen «S’embrasser” (Musukatu) diskoko hamabi kantetako hitzak eta musika
konposatzen; orain promozio kanpainan dago sartuta.
Zertan aritu izan zara Star Academytik atera zinenetik?
Lan asko egin dut, nire diskoa egin dut urte batean, kantuak idatzi, gero jendea ere aurkitzen aritu naiz kantuak egiteko, eta, beraz, orain oso kontent naiz guzti hori egin izanagatik.
Zuk idatzi dituzu zure hitzak.
Hitzak eta musika bai, baina gizon batzuk aurkitu behar izan ditut musika jokatzeko; izan ere, nik gitarra pixka bat jotzen dut, baina ez oso ongi, beraz, behar ziren bateriak eta kontrabaxuak aurkitu ditut.
Zeri buruz mintzatzen zara zure kantuetan?
Amodioa, bizia... edozeinek bizitzen dituen gauzak, egia esan, kantuak aski sinpleak dira. Euskal Herria ere bai, hemendik joan diren gizonak eta emazteak aipatu ditut. Bizitza.
Zer esaten duzu Euskal Herriari buruz?
Kantua “Hegalekin” deitzen da, eta baditut hitz batzuk ere euskaraz kantu horretan, besteak frantsesez dira. Bertan azaltzen dut gizon eta emazte guztien gogoa berriz haien herrira sartzeko.
Zure kasuan ere horrela al da?
Ni ere bai, orain Parisen bizi naiz eta nahi nuke etxera gehiago sartu; sartzen naizelarik profitatzen dut.
Euskaldun asko al dira Parisen?
Bai, badira asko. Kontzertu bat egiten dudalarik Bruselan, edo Lilen edo Parisen, edozein lekutan beti bada ikurrin bat.
Nola hartua da euskalduna izatea Parisen?
Parisen ez da egiazko paristarrik, beraz, denak dira edo Bretainiakoak edo Korsikakoak... denetarik; beraz, euskalduna naizela esaten dudalarik esaten dute eurak bezalakoak garela. Ni hemengoa naiz, baina berdinak gara guztiak.
«S’embrasser» deitzen da zure diskoa, atera berri den singlearen izena ere hori al da?
Bai.
Zergatik aukeratu duzu kantu hori izenbururako?
Amodiozko kantu positibo bat da, ez da hain tristea, eta hori nahi nuen, aski positiboa izatea.
Zer musika estilo du zure diskoak?
Aski gitarra eta energia elkartzen dituen musika. Pop-folka da, aski akustikoa, baina energia asko eman dugu.
Hitzak idazteko zure bizipenak baliatu dituzu edo amodioaren ideian oinarritu zara?
Amodioaren ideian: «S’ embrasser» kantuan ideia da neska bat ikusten dudala, eta neska hori sobera tristea eta sobera polita dela tristea izateko, beraz, kantu bat idatzi diot triste egoteari uzteko, eta amodioa bizitzeko esaten diot.
Euskaraz osorik den kanturen bat idaztea pentsatzen al duzu?
Nik ez, ez dakit aski ongi euskaraz hitz egiten eta idazten, baina, norbaitek idazten baditu nire hitzak euskaraz, zergatik ez, bai, aterako nuke.
Diskoa maiatzean agertuko da, baina singlea jadanik banatu duzue.
Bai, banatu dugu, eta orain arrapostuen zain gaude jakiteko zein irratitan pasatuko duten eta zeinetan ez.
Diskoa aurkezteko kontzertuak eskainiko dituzu?
Bi Baionan izango dira, Luna Negran ekainaren 26 eta 27an, eta Bordelen maiatzaren 30ean emango dut beste bat. Gero kontzertu gehiago izango dira.
Telebistan agertu zinenetik bi urte pasa direnean jendea oraindik zurekin oroitzen al da?
Bai aski, beti buru bera dudala uste dut, ez naiz sobera aldatu.
Nola bizi izan duzu fama?
Ongi, ni gauza guztiak ongi bizitzen saiatzen naiz. Banuen lan asko, beraz, beti estudioetan nintzen lanean eta nire kantuak idazten eta ez nien sobera kasu egiten beste gauza guztiei. Zortea dudala uste dut, izan ere, ez ditut sobera kritika entzun, iruditzen zait jendea aski zintzoa dela nirekin.
Zein da zure argitaletxea?
Atmospheric deitzen da, Estatu frantseseko etxe txiki bat da, han badituzte aski ezagunak diren taldeak. Bada Mouss eta Hakim, Zebda taldekoak eta haiek Fermin Muguruzarekin kolaborazio bat egin dute, «Sumendia».
Gustura zaude han?
Bai, disko-etxe txikia da, han denek elkar ezagutzen dute, eta beren kantarientzat lan egiten dutela iruditzen zait. -
|