GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-04-16
Xabier ISASI | Gaindegiko presidentea
«Euskal Herri osoko datuak edozeinentzat eskuragarri jarri ditu Gaindegiak»
Edozein herriren argazkia egiteko datuak ezinbestekoak dira, eta egun Gaindegiaren lanak Euskal Herri osoaren alderdi sozioekonomikoaren berri izateko aukera ematen du. «Lehen aldiz, Euskal Herri osoari dagozkion datuak edonoren esku daude, eta oinarri metodologikoak horiek oso fidagarriak direla bermatzen du», azaldu du Xabier Isasik. «Gure herria sakonago ezagutzeko lanean jarraituko dugu», esan du etorkizunari buruz.

Urtebete pasatxoan egindako lana egundokoa izan da. Gaindegia erakundea hutsetik eraikitzea ez dela erraza izan adierazi du Xabier Isasik, baina egun oinarriak jarriak ditu. Honako hau nabarmendu du: «Ahal dela, Euskal Herriaren errealitate sozialaz eta ekonomikoaz dagoen informazioa bildu eta hutsuneak bete nahi genuke. Erraz esaten da; egiten zaila da, ostera». Zailtasunak zailtasun, egindako lanak lehen fruituak eman ditu eta, esan duenez, lehenengo aldiz, homogeneoak izango dira mugaren bi aldeetako datuak. Gaindegiko presidenteak adierazi du proiektuz beterik dagoen erakunde horrek sozializazioari eman nahi diola garrantzia aurten.

Urtebete igaro da Gaindegia jendaurrean aurkeztu zutenetik. Zein iritzi duzu orain arteko lanari buruz?

Oro har, ona. Urtebetean Gaindegiak bere berariazko eremua izatea lortu du. Ez da gutxi. Euskal Herri osoko erakundea hutsetik eraikitzea ez da ohikoa garaiotan, eta Gaindegiak horren oinarriak jarri ditu. Bazkide kopuru polita lortu dugu, izaera eta lurralde askokoak. Kanpo harremanetan eragile askorekin hitz egin dugu, ekonomia eta gizarte esparrukoak, politikoak, unibertsitatekoak, eremu sindikalekoak eta abar. Guztiek artatu gaituzte begirunez, eta guztiek adierazi digute gure lana beharrezkoa dela. Gaindegiak egindako urteko batzarrean positibotzat jo dugu. Halere, egin behar dugun lanaren tamainari erreparatuta, askoz laguntza handiagoa eta elkarlan sendoagoa behar dugula agerian geratu da.

Zeintzuk dira mugarriak?

Mugarriak Euskal Herriko ekonomiako eta gizarteko eragileek jarri behar dituzte. Euskal Herria bada, hori dela-eta zein urrats egiten dugun da auzia. Gaindegiak eragile horietan eragin nahi du Euskal Herria eratzen, eta garapenean subjektu aktiboak izan daitezen. Mugak, berriz, Gaindegiaren proiektuaren zabaltasunari dagozkionak dira. Hau da, gure egitasmoaren handitasunak berez dakartzanak. Herriaren babesetik harago baliabide asko eta esfortzu handiak behar dira. Gezurra badirudi ere, ia dena egiteko dago. Ekonomia eta gizarte arloan informazio eta ekimen ugari sortzen da herri honetan. Horretan egunero hainbat eragile ari dira, bai, baina sakabanaturik eta bakarturik, askotan herri gisa behar dugun kohesio nazional edo soziala aintzat hartu gabe. Ahal dela, Euskal Herriaren errealitate sozialaz eta ekonomikoaz dagoen informazioa bildu eta hutsuneak bete; hori egin nahi genuke. Erraz esaten da; zaila egiten da, ostera.

Abiapuntuan, Euskal Herriari buruzko informazio estatistikoa biltzen hasi zen Gaindegia. Zein da eginiko ibilbidea?

Datu Talaia genuen hasierako erreferentzia. Udalbiltzak hasi zuen lan hori. Ondoren, horri esker, guk Euskal Herriari buruzko oinarrizko datu estatistikoak erabilgarri ipini ahal izan ditugu: demografia, biztanleria eta lurraldea, biztanleriaren bilakaera, jaiotzak, heriotzak; migrazio mugimenduak, sektore ekonomikoak, etxebizitzaren gaineko datuak eta abar.

Euskal Herri osoko datuak edozeinentzat eskuragarri jarri ditugu. Gure ustez, sekulako pausoa da. Lehendabiziko aldiz, Euskal Herri osoari dagozkion datuak edonoren esku daude, eta oinarri metodologikoak bermatzen du horiek oso fidagarriak direla. Horrelako tresnak ezinbestekoak dira planifikaziorako edo hezkuntzarako. Orain, urtez urte datuak eguneratu behar ditugu, eta datu berriez hornitu behar dugu Euskal Herriko datu-basea.

Ibilbide honetan datu-iturri ugari dagoela ikusi ahal izan dugu. Baina datuetan hutsune larriak daude zenbait sektore eta lurraldetan; Ipar Euskal Herrian, batez ere. Hura existitzen zela ukatu dute baita informazio estatistikoan ere. Horrekin batera, bateragarritasun arazoak ditugu tradizio estatistiko desberdinak dituztelako Frantziak eta Espainiak. Zorionez, Europar Batasunak estatistikak bateratzeko hartutako bideak mesede egingo dio Euskal Herriari.

Lehen aldiz homogeneoak izango dira mugaren bi aldeetako datuak. Sakabanatuta dagoen informazioaren bilketa lana ezinbestekoa da Euskal Herri osoko informazio koherente eta erabilgarria zabaldu ahal izateko. Horretan dihardugu.

Noizko izango dugu Euskal Herriaren estatistika institutua?

Ulertzen dugun horren arabera izango da estatistika institutu hori lehenago edo geroago. Euskal Herri osoa hartuko duen oinarrizko estatistika zerbitzu bat antolatzea ez litzateke oso zaila izango. Bizpahiru urteren buruan abian egon liteke diseinuan adostasuna eta nahikoa baliabide aurkituz gero. Euskal Herriko Estatistika Erakundea izateak, ostera, beste dimentsio batean jartzen gaitu. Estatistika Erakunde nazionala izatera iristeko Euskal Herriko Instituzio nazionalaren erreferentzia ezinbestekoa da-eta.

Edozelan ere, Euskal Herriko Estatistika Erakundea izango bada, eragile batzuen arteko lankidetzatik etorriko da. Bien bitartean, nazioko kalitatezko estatistika zerbitzu on bat antolatzen badugu, nahikoa lan.

Zein da Euskal Herriaren argazki sozioekonomiko gaurkotua eta bateratua?

Gure argazki-kamera oraindino ez da oso ona. Hau da, ez daukagu Euskal Herriaren argazki sozioekonomiko oso zehatza egiterik, detaile askotara oraindik ez baikara iristen. Argazki xumea daukagu, beraz. Labur-labur esanda, Euskal Herria Europako nazio industrializatu txikia dela esango dugu, biztanleria zahartuena duena. Parametro nagusietan oso hurbil dago Europar Batasuneko herri- alde aurreratuenetatik. Zerbitzuek, ekonomiaren hirugarren sektoreak, euskal herritar okupatuen % 61,6 hartzen dituzte; industriak, berriz, okupatuen %35,4 hartzen ditu. Lehen sektoreak, ostera, laborantza, abeltzaintza eta arrantzak, gero eta langile gutxiago biltzen du.

Euskal Herriak Europako nazio aurreratuenen abantaila eta aje bertsuak ditu. Europako hego-mendebaldeko nazioa gara, gune estrategikoan dagoena. Gure kokapen geografikoak baldintzatzen ditu gure garapen ildoak. Datuek adierazten dute Euskal Herriko gizartea zerbitzu-gizartea dela, abiadura handiko aldaketa teknologikoan sartuta dagoena. Euskal Herria lurraldez txikia bada ere, Pettarratik (Zuberoan) Enkartazioetaraino (Bizkaian) eta Baionarik Tuteraraino desoreka nabariak ditu.

Hainbat sektoretako txostenak kaleratu ditu Gaindegiak. Zeintzuk dira eskuartean dituen lanak?

Joan den urteko ildo bertsuetatik gabiltza. Euskal Herria zertan den ezagutarazi nahi dugu. Euskal Herriko demografian lan handiagoa egin nahi dugu, baita laborantzan, etxebizitzan eta abarren. Ahalegin berezia egin nahi dugu Euskal Herrian Europako Egiturako Adierazleen indizeak ezagutzeko. Egiturako adierazle horiek egoera ekonomiko orokorra, enplegua, ikerkuntza eta berrikuntza, ekonomia aldaketa, gizarte kohesioa eta ingurumena biltzen dituzte. Adierazle horiek lortuko bagenitu, orduan bai, Euskal Herriko argazki homologagarria izango genuke.

Iaz egin moduan, aurten zenbait txosten kaleratu nahi dugu. Euskal Herriko urtekari estatistikoa ere egin nahi genuke. Ekonomiako eta gizarteko eragileen eskuetan lanabes fidagarri eta erabilgarriak ipini nahi ditugu.

Norekin egin du lan Gaindegiak eginiko bidean? Zer-nolako harremanak ditu erakunde eta eragileekin?

Hasteko, Euskal Herriko ekonomiako eta gizarteko eragileekin. Beraien artetik sortua da Gaindegia; enpresa eta sindikatuetakoak, hedabideetakoak, profesionalak eta unibertsitatekoak dira, batik bat. Ekimen sozial moduan hasi ginen; gurean ekonomia eta gizarte esparru zabalean diharduten eragileak biltzen gara.

Euskal Herria aintzat hartzen dutenekin egin ditugu harremanak, batez ere. Alderdi politikoekin eta zenbait administrazio publikorekin harreman ugari izan dugu. Udalbitzarekin, joera bateko nahiz bestekoekin, harreman berezia egin nahi izan dugu. Lehen esan moduan, oro har, oso harrera ona izan dugu. Aurten, iaz izandako harremanen ondorioak ikustea espero dugu. Gure karpeta beharrezko proiektuez beterik dator, eta ahaleginak egingo ditugu baliabide publikoen zati bat Euskal Herri osoa aintzat hartzen duten proiektuak laguntzera etor dadin.

Etorkizunari begira, zein asmo du Gaindegiak? Zein erronka ditu?

Galtzak bete lan gabiltza. Euskal Herria sakonago ezagutzeko lanean jarraituko dugu. Lehen aipatutako Euskal Herriko Egiturako Adierazleak; bakan batzuk, bederen, aztertu nahi ditugu. Ipar Euskal Herriko informazioa biltzen ere ahalegin berezia egin nahi dugu. Mintegi bat edo beste ere antolatuko dugu. Kataluniarekin harremanetan ari gara mugaz gaineko harremanei buruzko hausnar- ketak egiteko. Euskal Herriko demografiaz, Euskal Herriko lurralde antolamenduaz, mugaz gaindiko lankidetzaz eta harremanaz, lan merkatuaz, enpleguaz eta abarrez ari gara. Egitasmo zabala daukagu.

Dena dela, aurten sozializazioari eman nahi diogu garrantzia, ekonomiako eta gizarteko eragile ahalik eta gehienek ezagut ditzaten gure egitasmoak. Bere lanarekin Euskal Herria egunez egun egiten dutenen erreferentzia xumea izan nahi genuke. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
La despedida que se quedo en el aire
Mundua
Sinn Féin saluda la implicación de Dublín en los actos pero le recuerda los principios
Mundua
«Una terrible belleza ha nacido»
Kirolak
La salvación se acerca con un gran gol de Mark González
Kirolak
Confía todas sus opciones a la firmeza de su trinchera
Euskal Herria
Los firmantes del Acuerdo de Base reclaman que se cree «ya» la Mesa para la Resolución
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea