Baserria biziberritzeko lehen urratsak
Nekazaritzak azken urteetan izan dituen arazoak ikusita, euskal herriko baserritargazte batzuek akuilu erakundea sortu dute. Bertan, nekazaritza biziberritzeko aritzen dira lanean. zehazki, nekazaritza eskola ikastaroak osatu nahi dituzte, gizartea sektoreko partaide egin, baserri hutsei irtenbidea eman, baserritar berriei laguntza eskaini...
Baserria maite dute, eta hori gutxi balitz, bizibidea handik atera nahi dute. Premisa horrekin aurkeztu nahi izan dute euren burua Akuilu izeneko ekimena abian jarri duten Euskal Herriko baserritar gazteek. «Baserria biziberritzeko gazteen arteko auzolan» gisa aurkeztu duten, hain zuzen, elkartea. Nekazaritzaren sektoreak azken hogei urteetan gainbehera nabarmena izan du; salmenta prezioak ez dira igo ordutik, gero eta lur gutxiago daude ereiteko, belaunaldien arteko errelebo falta... «Izan ere, etorkizuneko nekazaritzak aurrera egin behar badu, gazteak instalatzen garelako izango da», argitu du elkarteko kide den Aitor Aranburuk. «Nekazaritza herri honentzat estrategikoa den alorra da, euskarazko egunkari bat edukitzea den bezala. Gure ustez, nekazaritza bizi bat edukitzeak eredu propio horrekin egiten du bat», gaineratu du. Hori gutxi balitz, Aranbururen esanetan, kontsumitzaileek arazo horren inguruko informazioa ere jaso behar dute: «Guztiona den arazoa baita, ez gurea bakarrik». Elkartearen zereginetako bat, beraz, horixe izango da. Elkartea orain urtebete hasi ziren garatzen, baina «aurkezpen ofiziala» pasa den asteburuan izan zen Euskal Herriko Gazte Nekazarien Topaketetan. «Hasieran denak batera talde bakar baten moduan egiten genuen lan, baina orain bi azpitaldetan banatu gara», esan du Aranburuk. Barrura begirako lana egiten duen taldea eta kanporakoa egiten duena, hain zuzen. «Lehen taldeak nekazaritzan instalatu nahi duten gazteei babesa emateko egiten du lan. Zehazki, egitasmo konkretuak daudenean aurrera eramateko laguntza ere ematen saiatzen gara, adibidez, lurra falta duen norbaiti ereiteko eremuren bat bilatzen saiatzen gara. Bestalde, jakin badakigu nekazaritza eskoletako formazioa hankamotz geratzen dela, eta, horregatik, hori osatzen saiatzen gara praktikak eskainiz. Lista bat egiten dugu norbera bere kabuz lanean hasi baino lehenago beste baserriren batera praktikak egitea joateko. Baserri hutsen lista bat ere egiten ari gara. Nekazari eskolak lantzeko asmoa ere badugu», azaldu du Akuiluko kideak. Lan komunikatiboa egiten dutenak daude beste taldean. «Gizartea kontzientziatu egin behar dugu, hau guztion arazoa delako, eta horretan egiten du lan bigarren taldeak. Oraingoz urtaro bakoitzean kaleratzen dugun aldizkaria egiten dugu», esan du. Gizartean nekazaritzak duen eragina ikusita, hitzaldiak, mintegiak eta antzekoak ere antolatzen dituzte Akuilukoek. Pasa den asteburuan antolatutako jardunaldiak ere bitan banatu zituzten. Batetik, Barriako aterpean egin barne eztabaida, eta bestetik, larunbatean Agurainen egindako «jaia». Izan ere, Agurainen azoka izan zuten, eta jokoak, hitzaldiak, kalejira, bertsolariak, triki-poteoa, herri kirolak, kontzertuak... Aitor Aranburuk jardunaldietan «zein bide desberdin» dituzten aztertu zutela adierazi du, eta nola ez ekoizteko dauden modu desberdinak, horren inguruan jendea nola bildu daitekeen... Eta, ondorio gisa arazoa «salmentan dagoela» atera dutela ere agertu du. Hori bai, «irtenbidea ere hor dago».
Salmenta zuzena irtenbidetzat
«Gaur egun dugun arazorik larriena salmentena da, baina etorkizuna bermatzeko salmenta ahal dugun era zuzenenean egin behar dugu. Hori da irtenbidea. Arazoak asko dira, hala ere.Administraziotik salmenta egiteko behar ditugun baimen sanitarioak enpresa handiei eskatzen dizkieten berberak dira. Europako beste herrialde batzuetan ez da arazo hori. Baimen sanitarioak dira behar bezala saldu ahal izateko traba nagusia». Hemendik aurrera lanean gogotsu jarraituko dute, hori garbi dute Akuilukoek, eta lehen erronka badute jada mahai gainean. «Bi gazteren kasu zehatzak hartu genituen lanean jarraitzeko. Bata lur bila dabil, eta besteak bere egitasmoa abian jarri nahi du. Horrekin batera, nekazaritza eskoletako gaia jorratzen jarraitu nahi dugu eta nekaza- ritzarekin lan egin nahi duten gazteak bilatzen ere jarraitu nahi dugu». Akuilun egun 50 lagunetik gora dira, baina ahal den talderik handiena egin nahi dute, animatzen denak, hortaz, baserritargaztesarea.net helbidera idatzi besterik ez du egin behar. -
|