- Top14
Avironek garesti ordaindu zuen hasiera makala
·Lehen hogei minutuetan hiru entsegu jaso zituzten, eta jaitsiera oso gertu du
AVIRON 19 AGEN 25
DONOSTIA
Aviron Baionakoak atzerapauso nabarmena eman du etxean Agenen aurka galduta. Ondorioz, azken bi postuetatik alde egiteko borrokarekin jarraitu beharko du hurrengo jardunaldietan, nahiz eta atzo defentsan puntu gehigarria behintzat lortu zuten etxekoek. Agenek, berriz, Europako Kopa jokatzeko txartela ematen duen seigarren postua eskuratu du Lapurdiko hiriburuan irabazita.Ikusleak oraindik eserlekuetan jartzear zirenerako hasi zen Agenen erakustaldia. Lehen 20 minutuetan hiru entsegu lortu zituzten kanpokoek. Lafforguek hirugarren minutuan hasitako bideari jarraitu zioten Elhorga eta Caucaunibucak, eta partida aldapan gora jarri zen. Hasiera hori ikusita, bazirudien Agen zela maila galtzeko arrisku bizian dagoen taldea. Hala eta guztiz ere, Dourthek etengabe lortutako kolpeei esker, Aviron aldeak murrizten joan zen. Zigor-entsegu batek eman zion azken bultzada talde euskaldunari eta atsedenaldira hiru puntugatik galtzen joan ziren zuri-urdinak. Lehen minutuak ikusita eta ondoren taldeak erakutsitako jarrera kontuan hartuz, bigarren zatia Avironen aldekoa izango zela pentsatzen hasiak ziren Jean Dauger zelaia beste behin bete zuten zaleak.
Amaiera pattala
Baina usteak erdia ustel. Atsedenaldira 16 eta 19 galtzen joan eta partida 19 eta 25 galdu zuten. Agen gero eta oldarrago aritu zen erasoan nahiz defentsan, eta Avironek sekulako zailtasunak izan zituen kanpotarren lerroa zulatzen.Miquelek lortutako drop bati eta makila artean sartutako beste zigor-kolpe bati esker, markagailuan aldea egin zuen Agenek. Aldeak 16-25era arte ireki zituzten 76. minutuan eta azken txanpan Dourthek lortutako hiru puntuek puntu gehigarria utzi zuten etxean.
|