Agosti Chahoren kantutegia inprimatuta, 150 urte geroago
Agosti Chaho da seguru asko Euskal Herriak XIX. mendean sortu zuen pertsonarik berezienetako bat. Politikan, errepublikazale, ezkertiar eta abertzale aitzindaria izan zen; letretan, berriz, literaturgile, hizkuntzalari eta kazetaria. Kantu biltzailea ere izan zen, goi mailakoa, gainera, eta horren lekuko da bizirik zela inprimatu ezin izan zuen kantutegi aberatsa. 150 urte geroago, Patri Urkizuk eta Susak burutu dute «igerle» zuberotarrak burutu ezin izan zuen lana. Atzo aurkeztu zuten.
DONOSTIA
XIX. mendeko kantu biltzaileen artean ere leku bat merezi du Chahok, eta aurkezpen ekitaldian, oroz gain, hori nabarmendu nahi izan zuen Patri Urkizuk, kantutegiaren edizioa paratu duenak. Eginkizun horretan bi laguntzaile izan zituen atzo ikertzaile lezoarrak, Gorka Arrese Susako argitaratzailea eta Mikel Markez. Errenteriarrak, a capella, bi kantu abestu zituen Chahoren omenez.Guztira, 101 kantuk osatzen dute “Agosti Chahoren kantutegia”. Chahoren jatorrizko eskuizkribua Bergaran dago gordeta, Telesforo Monzonen Olaso Dorrean. Izkribu horrek, egun, 60 kantu baino ez ditu, baina hasieran 70 izan zituen. Denboraren poderioz sakabanatu ziren 10 horiek ere berreskuratu ahal izan ditu Urkizuk. Gainerako kantu guztiak 101 arte Chahok berak “Ariel” aldizkarian eta zenbait liburutan aipatu zituen. Kantuak XVI. eta XIX. mende bitartekoak dira. Batzuek egile ezaguna dute Hiribarren, Iparragirre, Iztueta, Bordaxuri, Etxahun; beste batzuk, aldiz, egile ezagunik gabekoak dira, herrian ahoz aho zebiltzan eta Chahok bildu zituen. Halaber, kantu horietako batzuk ezagunak dira beste kantutegiei esker. Horra hor Leloren kantua, Altabizkarkoa, “Jeiki jeiki etxenkoak” edo “Berterretxen khantoria”. Baina beste batzuk ezezagunak dira; orain arte inprimatu gabeak dira, behintzat. Hori gertatzen da, adibidez, XVII. mendeko zenbait itsas kanturekin. Dena dela, kantu ezagunen kasuan ere oso interesgarriak dira Chahok bildu zituen aldaerak, gehienetan Salaberrik, Barbierrek, Azkuek edo Aita Donostiak bildutakoak baino zaharragoak direlako, eta horrek esan zuen Urkizuk kantuek denboran zehar izan duten bilakaera aztertzea ahalbidetzen du. Adibide moduan, “Atharratze jauregian” ezaguna aipatu zuen. «‘Atharratze jauregian bi zitroin doratü’, kantatu ohi dugu, baina Chahoren aldaeran, zaharrenean, alegia, ‘Atharratze jauregian bi zitroin loratü’ irakur daiteke», ohartarazi zuen.
Amodiozko kantak, nagusi Susak argitaratu duen liburuan kantuak gaika sailkatuta daude, “Gerla eta laudorio”, “Itsas kantuak”, “Baladak”, “Irri eta ziri” eta “Amodiozkoak” izenburuko ataletan. Amodiozko kantuak dira ugarienak; diferentzia handiarekin, gainera. Guztira, hirurogei bat.
Zenbait kasutan, kantuen hitzak ez ezik doinuak ere aipatzen ditu “Agosti Chahoren kantutegia”k, partiturak eta guzti. Horietako batzuk jatorrizko eskuizkribuan bertan agertzen dira; beste batzuk, berriz, beste kantutegietatik hartu dituzte. Partiturak transkribatzen Patxi Intxaurrandietak eginiko lana goretsi zuen Urkizuk. Ikertzaile lezoarrak aitzin-solasa eta ohar ugarirekin hornitu du kantutegia, baina, horrez gain, Chahoren beraren bi testu aurkituko ditu irakurleak liburuan. Lehenengoa kantutegiaren berri ematen “Trilby” aldizkarian 1844an argitaratu zuen artikulua da. Bigarrena “Biarritz” liburuan maitasun kantuei eskaini zien atala da. Biak ala biak Koldo Izagirrek euskaratu ditu frantsesetik. Agosti Chaho Lagarde (Atharratze, 1811-Baiona, 1858) oso sortzaile oparoa izan zen, batez ere frantsesez, euskaraz ere idatzi zuen arren. Kazetari gisa, “Ariel” aldizkaria sortu zuen eta hor argitaratu zituen lan gehienak, baina hari zor zaio ere bai inoiz izan den euskarazko lehen egunkaria, “Uskal Herriko Gaseta” izenekoa. Egun, Aitorren leienda eta karlistaldiari buruzko “Voyage en Navarre pendant l’insurrection des basques” izan daitezke bere lanik ezagunenak. Hemendik aurrera beharbada kantutegia gailenduko zaie.
Musa nazionalaren naufragioaren aurka
DONOSTIA Agosti Chaho kantuzalea zen, ezbairik gabe, baina, zaletasun hori ez zen kantuak biltzera eraman zuen arrazoi nagusia, 1844an “Trilby” aldizkarian ondotxo argitu zuen bezala. «Euskaldunak ditugu, egun, bat-bateko proesigintza populuarena den Europako nazio bakarra», idatzi zuen aldi hartan. «Kantuz osatu kazeta bat daukate horrela. Xalotasun naif berberaz dira kantatuak drama politikoak eta bizi intimokoak, maila arrunteko gertatuak, pilota partida, amodiozko altekeria, galdu edo garaituriko bataila», jarraitu zuen, betiere bertsolaritza goretsiz. Alabaina, sistema hark akats bat bazuen; honakoa: «Gertatuak jin arau, egungo berriak ahantziarazi egiten du bezperakoa; eta Musa nazionalaren ekoizpenak, oroimen pribilegiatuen gogoan aldi batez egon ondoren, galdu egiten dira betikoz belaunaldi guti batzuen buruan». Orduan ematen du Chahok kantutegia osatzeko arrazoia: «Gure kantu nazionalen eta gure antzinako ahaireen naufragio handi hau eragozteko deliberatu gara argitalpen honen ateratzera». «Argitalpen honen ateratzera», idatzi zuen Agosti Chahok 1844an. Beraz, ordurako kantutegia prest edo ia prest zuela pentsatzekoa da. Kantutegiak, alabaina, oraintsu arte iraun du inprimatu gabe, hainbat ikertzailek ezagutu eta bere argitalpena biziki gomendatu duten arren. Erbesteko gutunak
Hau ez da Patri Urkizuk Chahoren inguruko lan bat plazaratzen duen lehen aldia. Izan ere, 1992an “Azti-begia eta beste izkribu zenbait” eta “Agosti Chahoren bizitza eta idazlanak” argitaratu zituen. Hala ere, zuberotarraren harrobia oraindik ez dela agortu nabarmendu zuen atzo ikertzaile lezoarrak. Adibide bezala, Gasteizen Napoleon III.a erbesteratuta zegoela, Chahok idatzi zituen gutunak gogorarazi zituen Urkizuk. -
|