Gaztetxe martxa
Pausoz pauso... autogestioari ateak zabaltzen heldu den maiatzaren 7ra arte
·Jai batekin hasiera ofiziala emango diote maulen herriz herri Iruñera bidean jarriko den ibilaldiari
Gaztetxe eta gazte asanbladen lan eta dinamika Euskal Herrian barrena jakinaraztea, babes soziala lortzea eta autogestioaren aldeko apustua ezagutaraztea izango dira gaur Maulen abiatu eta maiatzaren 7an Iruñean amaituko den Gaztetxe Martxaren xedeak. Ibilbidean hainbat herri zeharkatuko ditu, eta bakoitzean tokian tokiko errealitateaz bustiko da. Antolatzaileek zein parte hartuko duten gaztetxe eta gazte asanbladetako kideek dei egin dute antolatuko diren ekimenetan parte hartzera; izan ere, denetik izango da: kontzertuak, kalejirak, hitzaldiak, bizikleta ibilaldiak...
DONOSTIA
Mauletik Iruñera, gaurtik heldu den maiatzaren zazpira arte, bidean Euskal Herriko hainbat herritako gaztetxe eta gazte asanbladen egoitzetan geldialditxoak eginez. Horixe gaur arratsaldean, «Pausoz, pauso... autogestioari ateak zabaltzen» lemapean abiatuko den Gaztetxe Martxaren ibilbidea. Hamazazpi egunez, Euskal Herriko gaztetxe mugimenduaren errealitatea kaleratzea eta egunez egun egiten den lana ezagutaraztea dira, besteren artean, helburuak. Bira, baina, herriz herriko errealitateez aberastuko da, eskualde eta herri bakoitzak bere inguruari dagozkion errebindikazioak gaineratuko baititu martxaren etorrerarako antolatutako ekimenetan. Errebindikazioa erdigune badu, martxa jai giroan egingo dela gogorarazi dute antolatzaileek. Gaur bertan bazkaria egin eta ilunabarrean emango diote hasiera martxari ekitaldiarekin. Bihar hasiko dute bidea. Herriz herri geldialdiak egingo badituzte ere, zita garrantzitsua izango da Iurretan hilaren 29an. Han manifestazioa eta ekitaldia egingo dituzte, eta hainbat musika talderen emanaldiak ere antolatu dituzte. Okerrik ez bada, bertan joko dute Anari, Brigada Criminal, Lor eta Lendakaris Muertos taldeek.
Gaztetxe Eguna
Ordurako birak zeharkatuak izango ditu Zuberoa, Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Gipuzkoa, eta bidea jarraituko du Bizkaian barrena, Araban eta Nafarroan. Bertan, Iruñean emango diote amaiera martxari Gaztetxe Egun Mundialarekin.Deia egin diete Euskal Herriko gazteei herriz herri antolatuko diren ekitaldietan parte har dezaten; izan ere, oinarrizko jotzen dute herriaren sostengua izatea, «botereak etengabe gaztetxe mugimenduaren kontra egiten duen eraso kanpainari» aurre egiteko. Aurrera bada! Abia dadila autogestioaren aldeko oihua Euskal Herrian barrena.
«Aurrera eramaten ari garen ekintzak mugimenduaren indarraren isla dira»
Asier IZQUIERDO-Miren MADARIAGA | Gaztetxe Martxaren antolatzaileak eta Udondo eta Karabie gaztetxeetako kideak
Gaztetxe Martxaren antolaketan buru-belarri aritu dira lanean, beste makina bat lagunekin batera. Gaur hasi eta Iruñera iritsi bitartean gaztetxeen errealitatea gizarteratzea, autogestioaren aldeko oihua entzunaraztea eta babes soziala biltzea dituzte helburu behinenak. Indartsu ari zarete lanean azken
denboraldian; gaztetxe mugimendua osasuntsu dagoela esan daiteke? Asier Izquierdo. Gaztetxe eta gazte asanbladen egoera oro har nahiko ona da. Gaztesareak eta Gaztetxeen Euskal Herriko Koordinadorak egin zuten Gaztetxeen Gidan argazki nazional bat atera zen, eta bertan ikusi genuen 150 gaztetxe eta gazte asanblada baino gehiago zeudela eta horietan iraunkorki 3.000 gaztek baino gehiagok parte hartzen zutela. Era berean, deigarria da gaztetxeetan egiten diren ekimen kulturalen kopurua; herri kultura eta gazte sorkuntza indartzeko lan handia egiten dugu. Urtero milaka euro gastatzen ditugu ekimen kulturaletan; hein handi batean, instituzioek dituzten hutsuneak betetzen ditugu. Miren Madariaga. Mugimendua indartsu dago eta uste dugu gorpuzten ari dela. Horren erakusgarri dira aurrera eramaten ari diren hainbat ekimen. Gaztetxe eta gazte asanbladen mugimenduari
beste bultzada bat emateko tresna garrantzitsua da koordinadora. A.I. Euskal Jai hustearekin Euskal Herrian erantzun oso zabala izan zen. Hori indartzeko eta botereak gaztetxeen kontrako eraso iraunkor bat hasi zuela ikusita sortu zen EuskalHerriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Koordinadora. Denbora honetan lan handia egin du elkarlana eta komunikazioa bultzatzen, eta orain modu honetako ekitaldi bat bultzatzea erabaki zen asanbladetan, honek koordinadoraren markoa indartzeko balioko duelakoan. Zeintzuk dira, zehazki, martxa honekin
erdietsi nahi dituzuen helburuak? A.I. Gure benetako izaera eta egunerokotasunean aurrera eramaten dugun lana kaleratzea dira helburu behinenak. Milaka eta milaka gazte gara gaztetxe eta gazte asanbladetan antolatzen garenak autogestioan eta asanblearismoan oinarrituz. Aniztasuna dago mugimenduan, baina badago zerbait batzen gaituena, gazte izatearen grinarekin batera jendartea eraldatzeko asmoa alegia, ikuspegi kritikoa bultzatuz. Mugimendu hau guztia jendarteratzea ere helburu du martxak, modu horretan eta etengabe jasaten ditugun erasoetan babes soziala lortzeko. Babes sozialaz mintzatzen zarete; ezin uka,
ordea, azkenaldian gaztetxeen mugimendua herrietan sustraitzen ari dela. Martxa
honek beste bultzada bat emango dio. M.M. Bai. Martxak gaztetxeetan lanean ari den jendearen dinamizatzaile izan nahi du, gainera. Badaude gaztetxe batzuk geldiago egon direnak eta Gaztetxe Martxa horiek berriz ere kalera begira lanean hasteko tresna izango da. Modu honetan, gazte asanblada eta gaztetxeen barne funtzionamendua indartu asmo dugu. Nola garatu da proiektua herriz
herri? M.M. Eskualdeko asanbladak sortu dira eta euren arteko komunikazioa bultzatu da, etorkizunera begira ere erabilgarria izan daitekeena. Herriz herri, gaztetxe eta gazte asanblada bakoitzak erabaki du bere herrian zer ekintza garatu eta nola kaleratu. A.I. Subjektuak gazte asanbladak eta gaztetxeak dira; koordinadorak marko bat eskaintzen digu, gure artean eztabaidatzeko eta proiektuak aurrea ateratzeko. Jende askoren lana ahotan duzue, baina asko
eta asko mehatxupean ari dira egun hauetan ere. A.I. Beharrezkoak gara, kultura sozial aktibo eta
parte-hartzean oinarrituaren sortzaile izanez, herri mugimendurako gazteon
inplikazioa eta aportazioa bideratzen dugulako. Honengatik guztiarengatik
botereak ez gaitu nahi. Horregatik, botereak gure espazio askeak ixten ditu,
epaitzen gaitu eta isunekin itotzen gaitu. Hala ere, esan beharra dago gero eta
gehiago kostatzen ari zaiela husteak argudiatzea, eta hori, hein handian,
belaunaldiz belaunaldi autogestioan eta asanblearismoan sinestu duen jende
horren guztiaren lanaren fruitu da-
|