Iberiatik itzulia bi pianistaren eskutik
Ipar Euskal Herriko Lavèque ahizpen antzera, Donostiako bi pianista gazte izan genituen kontzertuan. Haiek bezala, pianistak fin eta aditu agertu zitzaizkigun, eta haiek bezain karrera luze eta oparoa egin dezatela opa diegu.
Lehen partean, Maurice Ravelen “Rapsodie espagnole” interpretatu zuten. “Prélude”, “Malagueña”, “Habanera” eta “Ferie” joaldiak bata bestearen ondotik hari finarekin egindako enkajeak bezala interpretatu zizkiguten. Jarraian, Isaac Albenizen “Iberia” suitetik “Triana” eta “Navarra” zatiak eskaini zizkiguten graziaz eta indarrez beterik. Bigarren partean Kuban sortutako Ernesto Lecuonaren “Malagueña” famatua jo zuten, eta elkar ulertze handia zutela erakutsi zuten. Ondotik Manuel Fallaren “El amor brujo” obratik “Pantomima” eta “Danza del fuego” interpretatu zituzten erritmo handiz. Amaitzeko, Manuel Infanteren hiru andaluziar dantza heldu ziren. Konpositore hori ez da hain ezaguna. Sevillan 1882an sortu bazen ere, Parisera gazterik joanik han gelditu zen 1958an hil zenera arte. Folklorez bestitutako produkzio inpresionista da berea.
Interpretazio polita eskaini ziguten pianistek. Publikoaren «braboak» eskertzeko, konpositore beraren obra ezaguna den “El Vito” kantua interpretatu zuten. Gero Piazzolaren tango bat, eta, azkenik, Aita Donostiaren “Oiñazez preludioa”. Bildu zen jendea oso gustura irten zen. Pianistak ere, harrera onaz jabetuta, irribarretsu atera ziren azken agurra adieraztera. -
Maite IDIRIN
|