Artedrama Euskal Laborategiaren lehen edizioa abian da aste honetan Aulestin
Nazioarteko antzerki ikastaroak antolatzen ditu Antzerkiola Imaginarioak irailean Orduñan. Aurtengo egitaraua aurreraturik dute. Baina beste pauso bat eman nahi zuten, eta euskara hutsean emango zen ikastaroa antolatu nahi izan dute Artedrama Euskal Laborategia izenarekin. Helburua? Euskal Herrian antzerkiaren arloan egiten diren bilaketa lanen berri euskaraz ematea. Maite Agirre, Ander Lipus, Aitor Agiriano, Borja Ruiz, Iñaki Ziarrusta eta Antton Luku dira irakasleak.
AULESTI
Astelehenean hasi eta larunbatera bitartean Maite Agirre, Ander Lipus, Aitor Agiriano, Gaitzerdi taldeko Borja Ruiz eta Iñaki Ziarrusta eta Antton Luku pasatuko dira Antzerkiola Imaginarioak Aulestin prestatu duen Artedrama izeneko ikastarotik. «Irailean nazioarteko ikastaroa antolatu ohi dugu Orduñan. Aurten aste pare batez bilduko gara. Irakiar bat eta indiar bat ere izango dira aurtengo irakasleen artean, baina hor ingelesa edo gaztelera erabiltzen dira nagusiki, eta euskara hutsean ikastaro bat antolatu nahi genuen. Asmo horrekin antolatu dugu Artedrama hau. Sei irakasle pasatuko dira ikastarotik, eta bakoitzak bere laborategi pertsonala proposatuko du, antzerkiaren arloan egin duen bilaketa pertsonala agertuko duela esan nahi du, alegia», esan zuen Miren Gaztañagak, antolaketaz arduratu den Antzerkiola Imaginarioko aktoreak.
Aulestiko ikastaroaren helburua, beraz, Euskal Herri osoko irakasle ezagunak biltzea izan da. «Etorri den irakasle bakoitzak berak antzerkiaren arloan egin duen bilaketa lana agertuko du. Aste osoan zehar Ander Lipus eta Aitor Agiriano arituko dira egunero bakoitzak bi ordu emanez. Lipus Antzerkiolako zuzendaria da, eta Agiriano, berriz, gure antzezlanen musika egiten duena, eta Doctor Deseoko gitarra jotzailea ere bada. Horiez gainera, Maite Agirrek bi egunetan eman zituen klaseak, astelehenean eta asteartean; Gaitzerdikoak etorriko dira asteazken, ostegun eta ostiralean, eta Antton Luku etorriko da larunbatean. Klaseak neurri handi batean praktikoak izango dira, Lukurenak salbu, hura Iparraldeko antzerkiaren inguruan arituko baita», jarraitu zuen Miren Gaztañagak.
Antzerkiola Imaginarioaren ahalegin nagusietakoa izan da beti aktoreen prestakuntza. «Oso garrantzitsua da guretzat gure inguruan egin den lanaren berri izatea. Antzerkiaren inguruan, gorputz adierazpena, gestualitatea edo espazioa etengabe aztertu behar diren arloak dira», eman zuen aditzera Gaztañagak.
Aulestiko aterpetxean hartu dute ostatu 15 aktoreok, eta elkarrekin bizi dira aste honetan. Gazteenak 19 urte ditu, eta zaharrenak 48 urte. Gehienek antzerki taldeetan lan egiten dute. Oraindik ez dute erabaki, baina aurtengo edizioak jarraipena izan dezake datozen urteetan.
|