Kartzelan euskal preso politikoek pairatzen duten egoera oso larria dela entzuten dugunean ez gara harritzen. Tamalez, garbitzeko, suntsitzeko eta deuseztatzeko espazioa den kartzela jakin badakigu existitu egiten dela.
Zoritxarrez, Euskal Herrian kartzela politikaren ondorioak hurbiletik pairatu ohi ditugu, egun 700 bat herritar bahituta baititugu. Dispertsatuak, oinarrizko eskubideak urraturik, euskal preso politikoen izaera aitortu gabe, bizi-baldintza kaskarretan...
Euskal preso politikoek pairatzen duten egoera oso larria dela entzuten dugun bakoitzean, harritu baino, esaldia bera adibidez josten dugu.
Hamaika aldiz salatu dugun kartzela politikak sistema patriarkarraren eragina daukala ezin dugu ahaztu, hots, androzentrismoan oinarritzen den kartzela politika dela, hain zuzen. Eredu maskulinoan oinarritu eta gizonen ereduari egokitutako jendarte eremua da.
Etengabe ezkutatu nahi den herriko zatia da kartzela, eta, bizitzaren esparru guztietan bezala, emakumeok pairatzen dugun egoera zapalkuntza egoera da. Sistema patriarkarraren ondorioak kartzelan ere nabarmenak dira, alegia.
Beraz, sexu-genero gatazkaren ondorioz, emakume presoek pairatzen duten zapalkuntza espezifikotzat hartu behar dugu. Sexu genero gatazkak espetxealdia ere nabarmenki determinatuko baitu.
Emakumeen diskriminazioa estrukturala den heinean, espetxealdiaren une eta gune guztietan dago.
Lehenik eta behin, espetxealdiak bizi-baldintzak okertzea ekarriko du. Bigarrenik, sakabanaketa politika dugu, emakumeen kasuan berezko ñabardurak dauzkana.
Bestalde, instalazio kaskarragoak dira oro har. Besteak beste, espazio arazoak aurkituko ditugu, jarduera guztietan eredu maskulinoa nagusituz, edota instalazioen erabileran diskriminazio nabarmena egonik (esate baterako, emakumeek aukera gutxiago dute).
Halaber, euskal emakume presoek pairatzen duten sakabanaketa handiagoa da, eta isolamendu egoerak ere areagotu egiten dira.
Amatasun egoerari heldu nahi badiogu, espetxe politikak ama presoarengan zein haien haurrengan isla zuzena duela jabetuko gara.
Izan ere, Euskal Herriko espetxeetan ez dago ama presoak jasotzeko egokitutako modulurik, eta ama izaterakoan gure herritik kanporatuak dira.
Egun, haurdun daudela jakin ahala, Euskal Herritik kanporatuak dira. Egoera horren ondorioz, emakume askok beren haurdu- naldia ezkutatzera behartuta ikusten dute beren burua. Jakina, ezkutatzeak ondorio latzak dakartza; esate baterako, ezin dituzte errebisio ginekologikorik egin, elikadura berezirik ez dute hartzen...
Frantses estatuak sustatzen duen kartzela politikari erreparatuta, salbuespen egoera dela ondoriozta dezakegu.
Lehenengo datua: ama eta haurra elkarrekin 18 hilabetez egon daitezke. Ez gara pedagogian adituak izan behar, haurra hezteko eskubidea guztiz urraturik dagoela jakiteko.
Bigarren datu kezkagarria: soilik bi maison d’arret daude haurrak edukitzeko prestatuak.
Azkenik, arduratzekoa den hirugarren datua: preso zigortuentzako modulu egokitua amatasun egoerarako zortzi espetxek dute. Frantses estatu osorako, zortzi kartzela egokituak!
Jakina, maiz ama presoak espetxe «normaletan» daude, ziegan inongo prestakuntza barik.
Espainiar estatuak bideraturiko espetxe politikari dagokionez, egoera ez da askoz hobea.
Ama eta haurra 3 urte bete arte egon daitezke elkarrekin, salbuespenik gabe. Teorian, instalakuntzak bermatu behar dituzten arren, amatasuna garatzeko baldintzak ez dira betetzen. Eta, ondorioz, ez dago ez ginekologia ezta emagintza zerbitzurik ere.
Espainiar estatuan ere datu kezkagarriak daude. Esate baterako, amentzako modulua bost espetxek dute. Eta gertuena Euskal Herritik 300 kilometrora.
Espetxearen segurtasun irizpideak direla medio, ama eta haurraren arteko harremana guztiz baldintzaturik dago. Ama eta haurraren bizi-baldintzetan eragin itzela du. Baina, harremana baldintzaturik ez ezik, amak ez du erabaki ahalmenik bere haurrarengan. Ama presoek ez dute autonomiarik.
Bestalde, haurra hezteko gunerik ez dago. Ez dago espazio fisikorik. Halaber, aitarekin komunikaziorako hamaika traba eta oztopo daude, eta horrek haurraren bizi-baldintzan eragin zuzena du.
Aski da. Hondatzaile, suntsitzaile eta garbitzaileen esku dagoen kartzela politika errotik atera behar da. Sufrimenduan eta sexismoan oinarritzen den espetxe politika erauzi behar da.
Emakumezko preso eta ama presoen eskubideak bermatu behar dira. Emakumeak eskubidea du ama izan nahi duen edo ez erabakitzeko, egoera pertsonal, ekonomiko, sozial edota politiko ororen gainetik.
Amatasun eskubidea integralki bermatu behar da. Beraz, erditzerainokoa ez ezik, zaintza eskubidea ere bermatu beharko luke.
Amatasun eskubidea behar bezala gauzatzeko beharrezko bitartekoak eskaini behar dira. Azpiegitura, kalera irteteko programak...
Esan bezala, Euskal Herrian ez dago instalakuntzarik ama izateko. Hortaz, ama presoa izateko eskubiderik ez dago. Haurrek eta amek Euskal Herrian egon behar dute, dagozkien bizi-baldintza duinak bermatuta. Kartzelan umeen bizitza kalitatearen errespetua bermatu behar da. Haurrak aitarekin trabarik gabeko komunikazioa izan behar du.
Laburbilduz, ama presoari askatasun eskubidea ukatu zaio. Ondorioz, beste gainontzeko eskubideak ber- matu behar zaizkio.
Garaia da. Androzentrismoan oinarritzen den espetxe politika suntsitzeko garaia dugu. Kartzelan zein kalean emakumeen zapalkuntza estrukturala iraunarazten duen patriarkatua gainditu behar dugu.
Euskal emakumeon eskubideak aitortu eta bermatu behar dira. Bai kalean bai kartzelan emakumeoi dagozkigun eskubideak borrokatu behar ditugu.
Gure eskubideak gauzatzeko garaia delako, euskal emakumeok gure eskubideen alde borrokatzeko deia egin nahi dugu. Eta horregatik aldarrikatzen dugu euskal preso politiko guztien eskubideak bermatzeko, estatus politikoa aplikatu behar dela. Hau baita modu bakarra euskal preso politikoek ama eta aitatasun eskubidea (gainontzeko eskubideekin batera) bermatua izateko. Ildo horretatik jendarte guztia busti behar da estatus politikoa lortzeko. -