Ia hedabide guztiek lehenesten dituzten albisteei erreparatuz gero, gatazka politikoa gainditzeko prozesuaren gako nagusia ETAk iragarritako su-eten iraunkorrari eusten dion egiaztatzea da une honetan. Rodriguez Zapateroren hitzei jarraituz, horixe diote alderdien bozeramaile askok, eta horixe islatzen dute edonon.
Bakeak Euskal Herria aitortzen den eta euskal herritarren erabakia errespetatzen den neurrian izango duela etorkizuna uste dutenek lan franko dute egiteko. Bai orain, baita aurrerantzean ere, prozesuaren unean uneko benetako gakoak jendaurrean azaltzeko ahaleginak eta bi egin beharko baitituzte. Iritzi publikoa deritzon borroka oso garrantzitsua da, jakina; eta horretan gabeziak begi bistako- ak dira botere egiturak ez dituztenentzat. Aljergo edota Lizarra-Garaziko garaiak gogoratuz, lagun min batek as- kotan esaten dit orduan ere ez zela nahiko indarrik izan gertatzen ari zenaren mamia agertzeko, ezta eragile bakoitzaren jokabidea azalarazteko ere. Ondorioz, nahasmena sortzeko eta errealitatea desitxuratzeko parada izan zuten bidea galarazi nahi zutenek.
Apala bada ere, oraingo honetan aukera txikiena ere aprobetxatu behar da gertatzen ari dena eta gertatzen ari ez dena argitzen saiatzeko. Beraz, esan beharreko lehen gauza da prozesuaren etorkizuna ez dagoela ETAren su-etenaren egiaztatze horretan, ezta gutxiagorik ere. Aitzakia hutsa da hori, norberaren ardurak ezkutatzeko eta denbora politikoa kudeatzeko.
Oso bestelakoak dira gaur egun askatu beharreko korapiloak, prozesu politikoari sendotasuna eman nahi bazaio. Lehen kontua indarkeriari eusten diotenek erasoak etetea da. Ezker abertzaleak lan politikoa egiteko mugagabeko aukera izan behar du, eta, al- di berean, polizien ekintzak (atxiloketak, errepide kontrolak eta bestelakoak) bertan behera geratu behar dira.
Bigarren egin behar bat estatu frantses eta espainoleko gobernuei dagokie. Hitz batzuk esan behar dituzte. Hitz xumeak, sinpleak, demokratikoak: Euskal Herriaren geroa euskaldunen esku dagoela eta hitz hori errespetatuko dutela.
Hirugarren lana Euskal Herrian bertan egitekoa da, bertako eragileen artean. Oinarri sendoak finkatu eta elkarrizketarako mahaia osatu behar dute, denen artean euskal herritarrek nola hartuko duten hitza erabakitzeko.
Horiexek, zinez, egiaztatu beharreko kontuak. -