Lurraren Eguneko manifestua aurkeztu dute
2000. urteko Lurraren Egunean, Euskal Herriko hainbat sektorek manifestu bat idatzi zuten erakundeei garapen ez iraunkorraren inguruko luzapen bat eskatzeko asmoz. Sei urte hauetan, erakundeek berek hartutako erabakiak besterik ez dutela jaso salatu zuten Lurrako kideek.
GARA
Bihar, Lekeition egingo duten Lurraren Eguna dela-eta, Lurra elkarteko kideek «Garraitz uharteko manifestua» aurkeztu zuten atzo, Bilbon. Ez da tankera honetako manifestu bat egiten duten lehenengo aldia. Izan ere, 2000. urtean, Euskal Herriko lurralde eta herri-sektoreetako ehun bat lagunek agiri bat izenpetu zuten erakundeei garapen ez iraunkorraren ereduaren inguruan luzapen bat eskatzeko asmoarekin.
Lurraren arabera, aipatutako eredu horrek milaka urteko Euskal Herria Euskal Hiri bihurtzeko mehatxua egiten zuen. Beraz, manifestuan ekonomiaren, gizartearen eta kultur garapenaren inguruan gizartean eztabaida handi bat zabaltzeko eskatu zuten.
Herri interesak islatzeko asmoz eta taldea aintzat har zezaten, parte hartzeko tresna errealak sortu nahi izan zituztela adierazi zuten. Baina honako hau esan zuen Lurrak: «Sei urte hauetan zehar, gure herrian dauden hainbat instituziotatik eurek erabaki eta egindako egintzen politika besterik ez dugu jaso». Horren adibide gisa, Zornotzako zentral termikoa irekitzea, Itoizko urtegia eta Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektua aipatu zituen. Horiek hala, adierazpen berri hori izenpetu duten sektoreek proiektu bat zabaltzeko deia egin zieten «ama lurra maite duten pertsona guztiei».
Etorkizuneko gizarte akordio zabal baten inguruan eta euskal habitata modu demokratikoan garatzeko bultzatu nahi dute egitasmoa. Horrekin, adierazi zutenez, honako hau lortu nahi dute: «Gure herrian bigarren trantsizio bat zabaltzeko aukera izatea eta Lurraren aldeko eztabaida piztea». Proiektua aurrera eramateko, 2002. urtean, Johannesburgoko Mundu Gailurrean Nazio Batuen Erakundearen (NBE) aurrean aurkeztu zuten agiria oinarritzat hartuko dute. Lurra taldeko kideek jakinarazi zutenez, bigarren trantsizio honen ardatzak izango dira: «Naturarekiko ituna, gure hizkuntzaren eta kulturaren aldarrikapena eta lurreko herri pobretuekin dugun zor historikoa aitortzea». «Defenda dezagun lurra gure amaren etxeari zutik iraunarazteko» leloaren pean, Lekeition egingo duten ekitaldietan parte hartzeko deia egin zuten.
Egunaren nondik norakoak
BILBO Haurrentzako jolasak, txalaparta festa eta albokariak egongo dira bihar Lekeition egingo duten Lurraren Egunean. Antolatzaileek 13.00 aldera adierazpena irakurriko dute Garraitz uhartean. Horrez gain, irlan inguruetako bertsolariek parte hartuko dute. Eguneko jarduera guztiak kalean egingo dituzte, naturarekiko konpromisoa aldarrikatzeko asmoz. Horrez gain, programatuta dauden egintzak taldeka izango dira, talde nortasuna indartzeko. Bertara joaten direnek, 13.30ean herriko plazako kioskoan ekitaldi nagusia egin ostean, hirurak aldera herri bazkarira joateko aukera izango dute Lekeitioko elizako aterpearen barnean.
|