- N1
Avironek ezin die puntuei ihes egiten utzi
BAIONA
Avironek Bolougne hartuko du gaur, 20.00etan, Didier Deschamps zelaian. Zuri-urdinek ezin dute hutsik egin, bestela jaitsierako postuetan sartuko baitira.Aviron une honetan ez dago maila galduko luketenen postuan, baina atzetik lau besterik ez ditu, eta bere atzetik duen taldeak puntu kopuru berak ditu. Beraz, beste emaitzek asko laguntzen ez badiote, gaur puntuak ezinbestekoak ditu berriro ere jaitsireko postue- tan sartu nahi ez badu. Avironek astebetean hiru partida izango ditu. Gaur eta asteartean etxean jokatuko du; asteartean atzeratutako neurketa izango du; eta heldu den larunbatean, berriz, Ajaccion, sailkapeneko azken sailkatuaren zelaian jokatuko du. Talde horrek, gainera, maila ia galduta dauka. Beraz, garrantzitsua litzateke Avironek jokoan dauden bederatzi puntuak eskuratzea. Hori lortuko balu, mailari eusteko borroka horretan, zuri-urdinek urrats handia egingo lukete. Jokalariei dagokienez, Estrade eta Lalane min hartuta daude, eta oraindik ez dira osatu. Horiei Talmonten hutsunea gehitu behar zaie, min hartuta baitago eta ez baita osatu. Bestetik, Xabier Ipaharragerrek taldea utzi du. Aurrelari baionarrak lana topatu du, eta oraingoz futbol profesionala uzteko hautua egin du. Beraz, litekeena da hamaikakoa hau izatea: Ruffier, Pardeilhan, Laporte. Sergent,Lalague, Choplain, Bidegain, Chakir, Louit, Vareilles eta Ech Chergui. Hori baieztatzen bada, Bouet, Sartolous, Lamothe, Vaz eta Lestage geratuko dira aulkian. Berrikuntza Lamothe gaztea da. Bigarren taldeko jokalariak lehen aukera izango du lehen taldearekin aurrenekoz jokatzeko.
Genets
CFA Mailan, Genets Angelukoak atzeratutako partida jokatu zuen Bordelen Girondins B taldearen aurka, eta 2-1 galdu zuen. Lapurtarrek mailari eusteko borrokan dabilen beste talde baten aurka jokatu zuten, eta ezin izan zuten garaipenik lortu, eta jaitsierako postuetan jarraitu beharko dute. Ez dira partida asko geratzen denboraldia amaitzeko, eta hori-berdeek lan handia dute oraindik egiteko.
|