- Bath
Ingelesak jadanik Donostian dira
BIARRITZ
Bath talde ingelesa bart heldu zen Donostiara, bihar Biarritzen aurka jokatuko duen norgehiagoka prestatzeko. Bertako izarretako bat David Bory frantsesa da, eta, haren esanetan, taldean dagoen elkartasuna garrantzitsua da.«Entrenatzaileak geure artean ikaragarrizko elkartasuna sortu du, eta horrek asko laguntzen digu. Leicesterren horrek lagundu zigun, eta irabazi ostean, sekulakoa izan zen guretzat. Donostian badakigu 32.000 ikusle izango direla, eta euskaldunek beti erakusten dute horrelakoetan zer egin behar den. Euskal Herriko hainbat herritako eta eskualdetako jendea izango da Biarritz animatzen, eta pentsatzen dut giroa ere sekulakoa izango dela», esan zuen. Ingelesek zortzi urte daramatzate ezer irabazi gabe, eta aurten Heineken Kopa lortzea omen da helburua: «Garbi dago hori dela helburua. Talde handiak utzi ditugu bazterrean, eta finalerdietara iritsiz gero, helburua dena irabaztea izan behar da. Badakigu norgehiagoka oso zaila izango dela. Biarritz sasoian dago, Top 14ko defentsarik onena dute, eta Ingalaterrako Ligako lehen sailkatua kanporatuta datoz. Hala ere, gu irabaztera gatoz», esan zuen David Bory jokalariak.
Sarrerak salgai
Atzo jarri ziren Anoetan partida horretarako sarrerak salgai. 55 eurokoak dira; hala ere, zaleek erantzun ona eman zuten, eta ilara dezentea egon zen sarrerak erosteko. Gaur goizean eta arratsaldean, betiere ordurako agortzen ez badira, azkeneko aukerak izango dira. Bihar arratsaldean Anoetako harmailak berriro ere gainezka izango dira.
|