- Berezkoak
Zortzi pilotaririk onenak arituko dira Donapaleun
·Bihar bertan, 19.00etan hasita, jokatuko da lehen finalerdia
DONAPALEU
Gaur egun dauden lau bikorik onenak izango dira Donapaleun bihar hasi eta maiatzaren 7an amaituko den Amikuzeko Torneoan.
Honako hauek izango dira lehian: Ibarrola-Ezkurra II.a, Larretxea-Ozafrain, Sorhuet-Etxeto eta Muskarditz-Kurutxari. Aditu guztien ustez, gaur egun dauden zortzi pilotaririk onenak izango dira lehiaketa honetan. Bikoak ere orekatuak egin dituzte, eta faboritoak zein diren esatea ez da batere erraza izango. Akaso Ibarrola eta Ezkurra II.a izan daitezke txapela lortzeko hautagairik sendoenak, Paxkal sasoi betean baitabil, eta azkenaldian dena irabazten du. Gero, Ibarrolaren laguntza izango du aurrean, eta hark botearekin asmatzen duen egunean, berak bakarrik apurtzen du partida.
Gainerako bikoak ere sendoak dira. Larretxeak binaka asko jokatzen du, eta Ozafrainek azken lehiaketan lortu ez duena lortu nahi du. Muskarditz eta Kurutxari ere kontuan hartzekoak dira. Aurrelaria berriro ere sasoi bikainean dago, eta Kurutxari atzelari indartsua da, nahiz eta udako sasoia ez duen. Azkeneko bikoa Sorhuetek eta Etxetok osatzen dute. Etxeto udako eta neguko pilotaririk onena izan zen askoren ustez, baina orain freskotasuna falta zaio. Sorhuetek aurrean min handia egiten du.
Lehen finalerdia bihar jokatuko dute Ibarrola-Ezkurra II.ak eta Larretxea-Ozafrainek. Bigarrena hilaren 30ean jokatuko dute Sorhuet-Etxetok eta Muskarditz-Kurutxarik. Bi finalerdietako irabazleak maiatzaren 7an neurtuko dira. Biharko partida 19.00etan hasiko da, baina beste biek 17.00e-tan ekingo diote. Partidak Saint Jaime trinketan izango dira.
|