Esparru politikoa Konstituzio espainolak ezartzen duela erantzun dio De la Vegak
MADRIL
Juan Joxe Ibarretxe lehendakariak euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen inguruan eta alderdien mahaiaren gaineanegindako adierazpenei azkar erantzun zieten ordezkari politikoek. Gobernu espainola izan zen lehendabizikoetakoa. Maria Teresa Fernandez De la Vega presidenteordeak nabarmendu zuen «inora ez doazen adierazpenak» direla Ibarretxeren esanak, eta «erabakiak hartzeko arau demokratikoak» argi daudela gaineratu zuen: «Konstituzioa, lege- di espainola eta autonomia estatutuak». Aurrerantzean ere, Konstituzioak eta estatutuek eta legediaren barnean alda daitezkeen estatutuek diotenari jarrai- tuko diotela adierazi zuen, eta «gauza zehatzak» aurkezten direnean erabaki «zehatzak» hartuko direla nabarmendu zuen. Juan Jose Ibarretxeren gisako adierazpenak «inora ez doazen adierazpenak» direla esan zuen.
«Abertzaletasun erradikala» Modu berean zuzendu zitzaion PSEko bozeramaile Rodolfo Ares lehendakariari, eta «legezkotasuna ez betetzea» ezin duela onartu esan zion. «Ibarretxek, beste behin ere, bere tesiak sostengatzeko ad hoc eginiko joko-arauak asmatu nahi ditu», salatu zuen Aresek, eta segidan esan zuen euskal herritarrek erabakitzeko ahalmenerako «euskal herritarrek onartutako arau eta mekanismoak» dituztela; hain justu ere, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Autonomia Estatutuaz hitz egin zuen.
Bestalde, Aralarreko koordinatzaile nagusi Patxi Zabaletak, Juan Joxe Ibarretxe lehendakariarekin bat egiten duela adierazteaz gain, orain, alderdien mahai bat beharrean hiru behar direla esan zuen. Autodeterminazioa «eskubide historikoak gaurkotzea» dela berretsi zuen Zabaletak, eta jarraian zera agertu: «Ibarretxerekin bat gatoz ideia nagusian, baina ohartarazten diogu Euskadin autodeterminazio eskubidearen ariketa egiteko hiru gune, hiru erritmo eta hiru prozesu asimetriko daudela onartzeko pausoa eman beharra dagoela». Hala, hiru mahai eratzea beharrezkotzat jo zuen Patxi Zabaletak.
EAEko PPko idazkari nagusi Carmelo Barriok gogor deitoratu zituen lehendakariaren esanak. Ibarretxek «ETA-Batasunaren aldarrikapenekin erabat bat egiten duen abertzaletasun erradikalaren bozeramaile lana» egiten duela salatu zuen. Gainera, Barrioren esanetan, lehendakariak Parlamentu espainola eta Gasteizko Legebiltzarra gutxiesten ditu.
Eztabaidan mugarik ez jartzeko eskatuko dio EAk Zapaterori
DONOSTIA Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente espainola Kongresuan ordezkaturik dauden alderdi politikoekin egiten ari den bilerak direla-eta, datorren asteartean Eusko Alkartasuna bertaratuko da Moncloara. Bilkura horri buruz, Begońa Lasagabaster EAko diputatuak adierazpenak egin zituen, eta euskal herritarrek erabakitzen dutena errespetatzeko galdegingo diola aurreratu zuen. Era berean, Euskal Herriko esparru politikoaz eztabaidatuko duen mahai horren inguruan, «salbuespenik gabe» guztiek parte hartzea bermatuta egon behar duela esango dio EAk Zapaterori. Bai eta, beren aburuz, eztabaidak kanpoko mugarik gabea izan behar duela. «Gatazkak jarraitzen du» Lasagabasterrek adierazi zuenaren arabera, lehenik eta behin, presidente espainolari entzun egingo diote. Entzun, haren eskumenen arabera, zein den hark duen ideia, eta zer-nolako «ibilbide mapa» duen buruan. «Biztanleen sektore batek soilik nahi duenaz hitz egingo dela esateak edota zertaz hitz egin daitekeen eta zertaz ez esango duten kanpo mugek ez dute balio», gaineratu zuen Donostiako agerraldian Begońa Lasagabasterrek, hain justu, asteartean, Zapaterori euskal herritarrek erabakitzen dutena errespetatzeko galdegingo diotela jakinarazi zuenean. Horrekin batera, normalizazioari eta bake prozesuari dagokienez, EAk presidente espainolari sostengua be-rretsiko diola gaineratu zuen. «Alor teknikoez harago, iraganeko estrategiak eta biolentzia desagertzeko nahia azaltzearekin batera, hemen gatazka politikoa dagoela gogoraraziko diogu, jarraitu egiten duena eta konpondu beharrekoa dena», gaineratu zuen EAko diputatuak.
|