GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-04-22
Joxe Mari Urbieta «Egañazpi», Sakabirekin 32 urtez pandero jotzaile izandakoa, hil da
·«Sakabiren soinuak eta gure osabaren ahotsak duoa egiten zuten beti», esan zuen bere ilobak, Martin trikitilariak

Herenegun ilunabarrean, zortziak aldean, hil zen Joxe Mari Urbieta «Egañazpi», 32 urtez Sakabiren bikotekide artistikoa izandakoa. Etxean bi seme eta alaba utzi ditu eta trikitizaleen gozamen izan diren Sakabirekin grabatutako bost bat disko eta txapelketetako beste hainbat pieza. 86 urte zituen, giltzurrunean minbizia zuen eta oso makalik ibilia zen azkenaldian. Gaur arratsaldeko zazpietan adiskide eta trikitizaleen azken agurra jasoko du herriko kultur etxean.

DONOSTIA

Joxe Mari Urbieta Egañazpi, Sakabiren bikotekide artistikoa 30 urtez izandakoa, minbiziak eraman du azkenean 86 urte zituenean. Jehovaren lekukoa zen azken urteotan, eta haren alde elizkizunik egingo ez bada ere, gaur arratsaldeko zazpietan azken agurra egingo diote trikitizale eta lagunek Zestoako kultur etxean.

1920an jaio zen Aizarnako Egañazpi baserrian, eta Sakabirekin grabatutako dozena erdi bat disko eta txapelketa grabazioez gain, trikitizaleen memorian hainbat eta hainbat oroitzapen gozo utzi ditu.

«Panderoa ondo jotzeaz gainera, abeslari on bat zen. Oso ahots ona zuen, tinbre onekoa. Entzutekoa da Sakabirekin grabatu zuen lehen diskoa. Gu musikoak jaio gara. Ni ere egañazpitarren leinukoa naiz. Honek ez zekien solfeorik, baina ez zuen beharrik ere, sekulako belarria baitzuen. Sakabiren soinuak eta bere ahotsak duoa egiten zuten beti. Arin-arin eta fandangoetan, kantatu behar ez zuenetan alegia, tarareatu egiten zuen», esan zuen bere ilobak, Martin trikitilariak.

«Sakabi arte, pandero jotzaileak eta soinu jotzaileak aparte ibiltzen ziren. Panderoa instrumentu autonomoa zen. Askotan, gainera, emakumeen lana izaten zen hori. Nire ustez, Sakabi izan zen lehena soinu txikiak eta panderoak elkarrekin bikote moduan ibili behar zutela konturatzen. Eta Egañazpiri bota zion begia», kontatu zuen Iñigo Aranbarrik, Trikitixa Elkartearen aginduz “Sakabi. Soinu txikiaren handitasuna” liburua idatzi zuenak. Egañazpik berak Herri Irratian egin zioten elkarrizketa batean kontatu zuenez, Santa Engraziko erromeria batean aukeratu zuen Sakabik. Egañazpik 25 urte zituen. Egañazpi baserritik gertu dagoen Ilurdainen ba omen ziren hiru anaia panderoa jotzen zutenak, eta Egañazpiko mutikoak haiei imitatzen aritzen omen ziren etxeko bandeja zahar batzuk eskuetan hartuta. Hamazazpi urte zituela hasi omen zen igande arratsaldeetan Santa Engraziara joaten. Han ezagutu zuen Sakabi. Soldaduzkatik bueltan hasi zien biak elkarrekin etengabe ibiltzen.

«Ahotsa oso ona zuen. Etxetik zetorkion nonbait zaletasuna, bertsopaper asko ere omen zuten etxean. Auzoko Ilurdain baserriko anaia batzuei begira ikasi omen zuen panderoa jotzen, artean panderorik ez zuenean, bandeja zahar bat astinduz, eta 25 urte zituela hasi zen Sakabirekin. Eta 32 urte eman zituzten elkarrekin. Esklusiba modukoren bat zuten elkarrekin. Sakabik besoko erreuma zuen eta 60 urte bete zituenean soinua uztea erabaki zuen eta Egañazpik jarraitu egin zuen», kontatu zuen Iñigo Arabarrik.

Maltzeta trikitilariak ere gauza bera esan zigun. «Oso pandero jotzaile ona. Ahotsa zuen ona eta erritmoa ematen ere oso ona zen», esan zuen. Iriondok ere haren ahotsa goraipatu zuen. «Bi kopla edo berrogeita hamar kantatu, eztarririk ez zuen behartzen. Ea nola zaintzen zuen galdetu genion behin, eta zapi bat lepoan janzten zuela erantzun zuen. Eta esaldi hori famatua egin zen irratian», kontatu zuen.

Lajarekin ondoren

Sakabi gaixotu eta ondorengo urteak Lajarekin ere ibili zen Egañazpi. «Lau bat urtean asko ibili nintzen Egañazpirekin. Ezkontzetara asko eta baita erromeria batzuetara ere. Oso kantari ona zen; gauzak ondo egitea gustatzen zitzaion gizona zen. Gizon bezala ere oso jatorra zen. Ni Landakandarekin hasi aurretik, asko ibili ginen elkarrekin. Gero berak beste bide bat hartu zuen eta panderoa utzi egin zuen», kontatu zuen Lajak.

Mikrofonorik gabeko garaietako pandero jotzailea izan zen. «Hasiera batean behintzat, mikrofonotik gabe kantatzen zuten. Gero erosi zuen bozgorailu txiki bat eta bere Lanbretarekin joaten zen joan behar zuen lekura, atzean Sakabi eta bozgorailua zituela», jarraitu zuen Aranbarrik.

Egañazpik Zestoako Egiguren torno fabrikan egiten zuen lan, eta larunbatak libre izateko aste barruan sartzen omen zituen orduak. «Egun batean bi eguneko lana egiten zuela esaten omen zuen, hamasei ordu segidan sartuz», gogoratu zuen Aranbarrik. Orkasagirre bertsolariaren bertsoekin ibili zen Egañazpi hasieran. Baina hori gazterik hil zenez, 65eko diskotik aurrera kantutegira jo zuten. Trantsizio garai horretan oso ondo ikusi zuten herriak zer nahi zuen, eta errepertorioa ere aldatu egin zuten, eta “Aupa gizonak” eta gisakoak sartu zituzten beren piezen artean. Ez ziren pertsona ideologizatuak. Jendearen gustua egitea zen beren egitekoa», esan zuen Aranbarrik.



Zazpietan azken agurra Zestoan
Zestoako kultur etxean egingo zaio gaur azken agurra Joxe Mari Urbieta Egañazpi-ri. Jehovaren lekukoa zenez, ez da haren aldeko hiletarik eta elizkizunik izango. Hil ondoko lorerik ere ez dute onartzen nonbait, baina familiakoek tanatorioan loreak onartzea erabaki zuten azkenean, eta, trikitizaleentzat izan zuen itzala kontuan izanik, azken agurra egitea kultur etxean. -



Osaba-ilobek irabazi zuten txapelketa

DONOSTIA

Azken urteak eman ditu gaixo, eta poliki-poliki bajatzen joan omen da Egañazpi. Bi seme eta alaba utzi ditu. Hamabi senide izan ziren Egañazpin, eta arreba baten semea da Martin trikitilaria. «Oso osaba berezia zen guretzat, bere kantu eta panderoarekin ezagutu genuelako», kontatu zuen atzo Martinek. «Sakabik eta biek oso bikote ona, ezkondutako bikote bat ematen zuten. Urtero Larraulera etortzen ziren biak. Gogoratzen dut bere seme bat eta ni neu bateratsu hasi ginela soinua ikasten.Ni bost bat hilabete ikasten neramala etorri zen batean, jotzeko esan zidan eta aitari eta amari ondo joko nuela esan zien. Txapelketak hasi zirenean 79an enpate bat egin genuen Laja-Landakanda eta Martin-Egañazpik eta soinu-jotzaileei txapel bana jarri ziguten eta pandero jotzaileak gabe utzi zituzten. Hurrengoan irabazi genuen, 1980an», esan zuen Martinek. Hogeita hamalau urteren aldea zuten. Ondoren erromerietan ere elkarrekin ibili ziren.

Joxe Mari Iriondok ere harreman estua izan zuen garai batean. «1962an bederatzi pieza grabatu genituen Loiolan. “Zure urtebetetzea”, “Aupa pelotariak”, “Ehiztarien goza- mena” eta irratian arrakasta izan zuten beste batzuk, eta geroztik harreman estua izan nuen. Diskoa grabatzera ere neuk animatu nituen», esan zuen Joxe Mari Iriondok. “Trikitixa de Azpeitia” izenarekin bi disko grabatu zituen 1963an. “Trikitixa. Zure urtebetetzea” etorri zen gero, 1973an. “Trikitilariak” grabatu zuten bi urte geroago eta txapelketakoak ondoren.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
El rey anuncia que «devuelve» el poder para seguir mandando
Mundua
El Polisario rechaza el diálogo directo con Marruecos que propone Annan
Euskal Herria
Movimientos y muchas fotos fijas para treinta días ¿sin violencia?
Kultura
Joxe Mari Urbieta «Egañazpi», Sakabirekin 32 urtez pandero jotzaile izandakoa, hil da
Euskal Herria
Jokin Gorostidi, ingresado muy grave tras sufrir un paro cardíaco
Ekonomia
Informes policiales ayudan a Sanz a criminalizar la protesta de VW
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea