MADRIL
Auzitegi Nazional espainoleko Santiago Pedraz epailearen aurretik gaur goizean pasatu beharko du Ibon Meñikak. Iragan astearte arratsaldean kontrol batean atxilotu zuen Guardia Zibilak Abadiño inguruetan, eta harrezkero ez da ezer askorik jakin haren egoeraz.Inkomunikatuta izan dute gaztea atxiloketaren ostean. Guardia Zibilak berak eskatutako luzatzea onartu dute, gainera; eta, beraz, gaur artean haren konfiantzazko abokatuak eta senide eta lagunek ez dute haren egoerari buruzko berririk izan.
Horiek hala, defentsak ostegunean GARAri azaldu zionez, gaur epailearen aurretik pasatu beharko du 10.30ean, baina ez dakite hori ere inkomunikatuta egin beharko ote duen gazteak.
Zamudiokoa kide den 18/98+ lan-taldeak berak ere kezkatuta dagoela agertu zuen herenegun. Inkomunikazioak torturak eta tratu txarrak ahalbidetzen dituela gogorarazi zuen, eta berehala kalera dezatela eskatu. Segik, Batasunak eta Askatasunak ere antzeko irakurketak egin dituzte.
Herrikoa, itxita oraindik ere
Nolanahi ere, Meñikaren atxiloketa dela-eta, Zamudioko herriko taberna miatu ez ezik, zigilatu ere egin zuten guardia zibi- lek, eta hala dute oraindik ere. Astearte arratsean eraman zuten gaztea, eta gauean bere etxeko logela miatu ostean, herrikora joan ziren poliziakideak. Bi orduz paretaren aurka izan zituzten ilaran bertan zeuden herritarrak ere.
Hala, Zamudioko bizilagunek idatzi bat kaleratu dute egunotan, eta bertan gaitzesten dute «indar errepresibo eta okupatzaile espainolek, berriro ere, Zamudion bere intentzioen berri utzi» dutela.Asteartean jazotakoa gogorarazi ostean, zera ere salatu zuten segidan: «Herriko taberna inongo arrazoi barik itxi zuten. Nortzuk zarete zuek elkarte kultural baten lokala ixteko? Zein arrazoirekin?».
Arlo horretan, bizilagunek GARAri azaldutakoaren arabera, guardia zibilek lokaletik eramandako gauzen artean dirua zegoen 300 eurotik gora gutxienez, eta baliteke ateratako kaxetan ohiko propaganda eta agendak ere izatea.
Meñikaren bizilagunek ere inkomunikazioan hainbat herritarrek torturak salatu dituztela aipatu zuten. Bestetik, inkomunikatuta izan bitartean senide eta lagunek inongo berririk ez izatea ere salatu zuten.
«Egoera ulertezin hau probokazio eta bake prozesua zapuzteko gura duten adibide argitzat hartzen dugu», esan, eta dei egin zuten Meñikaren askatasuna eskatzeko mobilizazioetan parte hartzera.
Ustezko finantzaketa bonoak
Polizi iturriak aipatuz, berri agentzia espainolek atzo azaldu zuten Meñika atxilotu zutenean 90 bat bono hartu zizkiotela autoan. Iturrion aburuz, «ETA finantzatzeko bonoak» ziren horiek, bakoitza 60 euroko balio- koa. Hala, «ETAri laguntza ematea» egotz diezaiokete.