TORONTO
Kanadako Poliziaren eta ehunka indigenen arteko liskar gogorrak izan ziren atzo Torontotik 100 bat kilometrora dagoen Kaledonia lurraldean.
Six Nations leinuko kanadiar indigena talde batek etxebizitzak eraikitzen ari diren lurzoru bat okupatuta dauka duela ia hilabete bi. Lur hori berena dela aldarrikatzen dute. Gobernuak, ostera, baietsi egin du 1841ean Estatuari eman ziotela.
Etxebizitzak eraikitzeko lanak geldiarazi nahian, Six Nations leinuko dozenaka kidek kanpalekua ezarri zuten gune horretan. Egunez egun jende gehiago elkartu zen, Ontario eskualdeko beste herrietatik Kaledoniarantz joaten hasi zirelako. Atzo ehunka manifestari bildu zirela jakinarazi zuten Kanadako hedabideek.
Duela egun batzuk, indigenen buruzagiak eta Kanadako agintariak negoziatzen aritu ziren, baina saioak porrot egin zuen. Ostiral goizaldean, Six Nations komunitateko kideek azaldu zutenez, Polizia kanpalekura indarrez sartu zen indigenak handik kanporatzeko asmoz. Segurtasun indarrek negar eragiteko gasak eta pistola elektrikoak erabili zituzten liskarretan, eta hamasei pertsona atxilotu zituzten.
Operazioa izan eta lau ordura, Six Nationeko kideek inguruko errepideak itxi zituzten kamioi batekin eta su emandako pneumatikoekin osatutako barrikadekin. Atzo iluntzean indigenek kanpalekuan jarraitzen zuten eta, Poliziak esan zuenez, mementoz ez zuen beste erasorik egiteko asmorik.
Kanadan ohikoa da, Gobernuak haien lurretan eskua sartzen duenean, indigenek protestatzea. 1995ean, esaterako. Ipperwash-en (Ontario) manifestari bat hil zen liskarretan. Gobernua aborigenen kanposantu batean parke bat eraikitzen ari zen.