Rajoy etorri zaigu Iruñera Nafarroaz ez dela hitz eginen aldarrikatzeko. Bera, nafarra ez dena, guri, nafarroi, etorri zaigu Nafarroaz aginduak emateko. UPNkoek gonbidatu dute, edo berak erabaki du, batek daki, finean Sanzen alderdia PPren sukurtsala da, nafar eskuina beti espainiar eskuinaren sukurtsala izan baita.
Iraingarria da nor eta nafarra ez den Rajoy Nafarroara etortzea nafarron hitza errespetatu behar dela esateko. Noiz errespetatu dute espainiar agintariek nafarron hitza? Espainiak ez du inoiz Nafarroa errespetatu, espainiar erregeek ez zuten atsedenik hartu Nafarroako erresuma berenganatu arte. Rajoy 1512an armada erasotzailearen buru Albako Dukearen bide beretik datorkigu, indarra esku batean eta errespetu aldarrikapenak bestean. Nork kendu dizkigu foruak, berriz, Norvegiak, Kanadak? Ez, foruak Espainiak kendu dizkigu. Eta Espainia da nafar hizkuntza zigortu duena, armada okupatzailea inposatu diguna, Bardeak gure borondatearen kontra gerla prestakuntzan erabiltzen dituena, eta gure etorkizunaz libreki era- bakitzeko aukera ukatzen diguna. Zerbait argitzen baldin badu Nafarroaren historiak, honako hauxe da: kasu Espainiaz (eta Frantziaz, jakina!).
Aspertuta nago nafarron borondatea gora eta behera, Nafarroa ez dela ukitzen eta abar entzuteaz, betiko kateak justifikatzeko. Nor da nafarron borondatearen beldur? Oso esanguratsua da orain herri kon- tsulta gaitzesteko erabiltzen duten argudioa: herriari galdetzea, ETAri arrazoia ematea litzateke, erakunde honen ibilbidea ontzat ematea.
Nafar eskuina, oraingoz 1936ko uztailean bizi dena, urduri dago, barruntatzen duelako negozioa bukatzen zaiola. Ez da kasualitatea Ayesaren gurutzada su-etena faltsua dela argudiatzeko. Ezta UGTn eta beste hainbat esparrutan gertatzen ari dena ere. Aldaketa haizeak dabiltza Nafarroan barna, eta aldaketaren aurkariek erasoari ekin diote. Aski da espainiar komunikabide batzuk aztertzea Nafarroa berriz ere borroka antzeztoki nagusia bilakatu dela hautemateko.
Jadanik ezin dute disimulatu: zatiketan oinarritutako markoa agorturik dago. Mantenduezina da oraingo egoera. Aldaketa galarazteko estrategiak porrot egin du.
Rajoy etorri zaigu indarra adierazteko, bai, baina berak eta Leringo Kontearena egin nahi duen Sanzek ahulezia agertu dute. Ahulezia eta beldurra. -