MAULE
Euriak ez zuen barkatu, eta arratsalderako Mauleko plazako kioskoan irekiera ekitaldirako eta ondorengo kontzertuetarako dena prest bazuten ere, Gaztetxe Martxako arduradunek azpiegitura guztia kendu beharra izan zuten zaparrada eta zaparrada artean.
Berez ekitaldia 19.30ean hastekoa zen eta 21.00ak jo zuten hasi zenerako. Gaztetxe Martxa guztian joango den furgonetan jarri zuten soinu ekipoa, eta handik egin zuten ibilaldia hasteko baimena eman zuen ekimena. Txalapartarien eta bertsolarien saioak eginez hasita, Gaztetxe Martxako arduradun batek manifestua irakurri zuen, ibilaldiaren muina eta helburuak gogorarazteko.
Ondoren, atzoko hasierara bertaratu ziren 200 gazte inguru afaltzeko bildu ziren Mauleko aterpe batera; afaria ere euriak hala aginduta aterpe batera eraman behar izan zuten, hasieran plazan afaltzekoak baitziren.
Eta, afalostean, Iruñeko Zartako eta Mauleko Siquen taldeen kontzertua izan zen. Gaua Mauleko Euskal Jai pilotalekuan ematekoak ziren martxako parte-hartzaileak, eta gaur goizeko bederatzietan ekingo diote ibilaldiari.
Donapaleu, Izura, Donibane Garazi, Makea (hemen bazkalduko dute), Itsasu, Ezpeleta eta Uztaritzen barna (azken herri horretan gaztetxea inauguratuko dute, gainera), Hazparneraino iritsiko dira gaur. Hazparnen kalejira bat egitea daukate aurrez ikusita eta, ondoren, bertan emango dute gaua.
Mauletik Iruñerako bidea hamazazpi egunean egingo duen Gaztetxe Martxak helburu dauka Euskal Herriko gaztetxe mugimenduaren errealitatea ezagutzera ematea.
Gaztetxe guztien aldarrikapenei gehituko zaizkie martxak bidean harrapatuko dituen herrietako eskaerak. Gaztetxe mugimenduaren kontrako «eraso kanpainari» erantzutera dator, beraz, gaur bertan abiatuko den Euskal Herrian barnako ibilaldia.