- Heineken kopako finalerdia
Biarritzek dena alde dauka finalean sartzeko
·Lapurtarrak faboritoak dira gaur Bathen aurka jokatuko duten finalerdian
BIARRITZ
Biarritzek Europako Kopako finala jokatzeko azkeneko urratsa egin nahi du gaur arratsaldean Bath taldearen aurka. Zuri-gorriek irabazten badute, Galesen jokatuko den finalean izango dira.Azkeneko bi urteetan ere finalaren atarian izan dira, baina Tolosak, orain dela bi urte, eta Stade Françaisek, iaz, kanpoan utzi zituzten; hirugarrengoan lortu nahi dute, ordea, orain arte inoiz erdietsi ez dutena. Aurten, gainera, lehenengo aldiz etxean jokatuko dute finalerdia, zaleen babesean, eta ez dute hutsik egin nahi. Bath talde ingelesa izango da finalaren aurretik menderatu beharreko taldea. Partida ez da erraza izango, baina lapurtarrak faborito garbiak dira. Etxean jokatzeaz gain, aurrez aurre izango duten taldea ez dago unerik gozoenean. Ingalaterrako Ligan zortzigarren dago, eta horrek garbi erakusten du faboritoa zein den. Gainera, aurreko kanporaketan, zuri-gorriek Ingalaterrako Ligako lehen sailkatua menderatu zuten, eta horrek ere indar handiagoa eman behar die Biarritz taldeko jokalariei. Hala ere, kanporaketa hauek partida bakar batean erabakitzen dira, eta hor edozer gerta daiteke. Gainera, Bathi denboraldia ongi amaitzeko geratzen zaion bide bakarra Europako Kopa da, eta finalean izan nahi du. Final-laurdenetan ere ez zen faborito, baina irabazi zuen, eta gauzak oso zail jarriko dizkie euskaldunei.
Lievremont-en hutsunea
Biarritz, berriz, unerik gozoenean iritsi da finalerdietara. Egia da joan den ostiralean galdu ostean, Ligako lehen postua galdu zuela, baina ez da ahaztu behar zuri-gorriek ohikoak diren jokalari asko etxean utzi zituztela, gaurko partidarekin pentsatuz. Aurrez aurre zuen taldeak, berriz, estreinako lauretan sartu ahal izateko nahitaezkoa zuen irabaztea. Biarritzek, berriz, Ligako finalerdiak jokatzeko txartela ia-ia poltsikoan dauka.Jokalariei dagokienez, azkenaldiko hutsuneei Lievremont kapitainarena gehitu behar zaie. Saleren aurkako partidan min hartu zuen. Orduan ez zirudien larria zenik, baina orduz geroztik jokatu ezinik dabil, eta gaur arratsaldeko norgehiagoka ere harmailetatik ikusi beharko du. Berarekin batera, gaurko partidan Marlu izatea espero zen, baina ia urtebete min hartuta egon ostean, berriro ere kolpea hartu du. Joan den astean berriro jokatzen hastekoa zen lehen taldearekin, baina orain dela bi aste bigarren taldearekin jokatu zuen partidan berriro ere min hartu zuen, eta heldu den denboraldira bitarte itxaron beharko du berriz ere berdegunean izateko. Beste hutsuneak azkenaldiko berak dira. Lalamanua, Gaitan edo Avril ez baitira heldu den denboraldira bitartean jokatzeko moduan jarriko. Harmailetan berriro ere giro aparta izango da, 32.000 ikuslek gainezka jarriko baitituzte Anoetako eserlekuak. Ez da Ingalaterratik zale gehiegi espero, eta Anoetan izango diren ia guztiak Biarritzen aldekoak izango dira. Denen nahia partidaren amaieran Biarritzen garaipena ospatzea da. Hori bai, festa giroa goiz-goizetik hasiko da Anoeta inguruan. Frantziako bigarren kateak, Espainiako Teledeportek eta ETB telebista kateak zuzenean emango dute norgehiagoka.
Biarriztarrek ez dute nahi gehiegizko konfiantzarik
DONOSTIA Biarritz da irabazteko faborito nagusia, baina gehiegizko konfiantzarik ez dute nahi. Atzo Donostian eman zuten prentsa agerraldian garbi utzi zuten. «Faboritoak gara, baina adi ibili behar da. Bath hemen badago, zerbaitegatik izango da. Dena partida batera jokatzen da, eta edozer gerta daiteke», esan zuen Benoitz Augustek. Bera izango da gaurko partidako kapitaina, Lievremont min hartuta baitago. Jacques Delma Laguisquet entrenatzailearen laguntzailea da, eta berak ere gauza bera esan zuen. «Partida batera jokatzen denean, beti izaten da arriskutsua, edonork irabaz baitezake neurketa. Gero, atzean eta aurrean oreka topatu beharko dugu. Markagailuan aurretik garenean, gero eustera joaten gara; nahi gabe ateratzen den zerbait da», esan zuen. Ingelesek, berriz, garbi utzi zuten Biarritz dela gaurko kanporaketa irabazteko faborito.
|