- N1
Avironek egoera okertzen jarraitzen du
AVIRON 0 BOULOGNE 1
BAIONA
Avironek bere egoera okertu zuen atzo, etxean galduta. Astebetean hiru partida jokatu behar zituen, eta bederatzi puntuak behar zituen lasaitasun apur bat lortzeko. Baina lehenengo hiru puntuak galdu ditu, eta berriro ere jaitsierako postuetan da.Zuri-urdinek partida negargarria egin zuten atzo, eta amaieran zaleek zuten etsipen aurpegia oso ulergarria da, eman zuten itxura penagarriaren ostean, itxaropen handia izatea oso zaila baita. Lehen zatian Aviron indartsu abiatu zen, eta Louitek, Chakirrek eta Vareillesek izan zuten talde zuri-urdina aurretik jartzeko parada, baina hogeigarren minututik aurrera desagertu egin ziren, eta kanpotarrak nagusitzen hasi ziren. Azkenean, lehen zatia amaitzeko hamar minuturen faltan, aurretik jarri ziren. Hala ere, kanpotarrek aldea handitzeko aukera izan zuten, baina Ruffier atezainaren geldialdiek markagailuari bere horretan eutsi ahal izan zioten. Bigarren zatian baloiaren jabetza euskaldunena izan zen. Kanpotarrek uko egin zioten erasora joateari, baina ez zuten aparteko larritasunik izan, bigarren zati osoan lapurtarrek aukera bakarra izan baitzuten, eta hori azken segundoetan izan zen. Ech Cherguiren jaurtiketa atzelari batek atera zuen atepetik. Avironek asko hobetu beharko du gelditzen diren partidetan, bestela jai dauka.
|