Bost emakume bildu ziren atzo goizean Durangoko Landakon mahaiaren inguruan: Zaloa Urain Kokein taldeko abeslaria, Maite Bastos aktorea, Lurdes Mendez Arte Ederretako irakaslea eta antropologoa, Oihane Perea bertsolaria eta Inma Errea idazlea. Aurkezle eta gidari lanak Amaia Alvarez filologoak egin zituen.
Euren eremuetan bizi duten bereizketaz hitz egiten hasi zuten solasaldia, eta emakume izateagatik tratu desberdina jasotzen duten ideia hartu zuten abiapuntutzat. Edozein diziplinatakoak izanda ere, argi gelditu zen emakumeen fisikoari eta sozialki onartutako sexu estereotipoei asko erreparatzen zaiela eta askotan jardun profesional edota kulturalaren aurretik jartzen dela.
Adinaren aldagaia kontuan hartuz gero, gainera, egoerak okerrera egiten duela nabarmendu zuten. Emakume helduek ez dute espazio errealik ikus-entzunezko emanaldietan, eta protagonistaren papera ez da eurentzat. «Izatera iritsiz gero, amona onen edo emakume gaiztoen paperetan sarrarazten gaituzte», adierazi zuen Maite Bastos aktoreak.
Atzo aipaturiko beste elementua zera izan zen: gizonak gizonentzako antolaturiko mundu batera sartzen dira kultur sorkuntzaren esparruan, egungo gizartean beste eremu batzuetan gertatzen den moduan.
Aldiz, emakumeen plazaratzeak ez du ekarri joko arauak eta gailentzen diren elementuak aldatzea.
Oihane Pereak azaldu zuen: «Bertsotan oso desberdin jarduten da emakumeak bakarrik ari garenean. Ez da arrazoian era tajantean oinarritzen den bertsogintza, modu sotilago batean egiten den bertsogintza baizik». Emakumeak gizonen erregistroak barneratuz iritsi dira plazetan parte hartzera, eta txapelketetan are nabarmenago antzematen da.
Oihane Perearen eta Lurdes Mendez irakaslearen beste aipamenetako bat historiak emakumeen kultur ekoizpenei eginiko fabore urriaren inguruan oinarritu zen. Artearen eta kulturaren historian emakumeen ekoizpen oro ezabatu dute existitu dela ere ukatzeraino. Esate baterako, Erdi Aroan emakumeak jarduten ziren herriko gertakari desberdinen inguruko kontakizunetan inprobisatzen, baina ondoren sinestarazi digute 1982. urtera arte emakumeak ez duela bertsogintzan parte hartu.
Egoera hori izanik, zein urrats egin ditzakegun galdetuta ideiak ugariak izan ziren. Emakume sortzaileen arteko sareak sortzea beharrezkotzat jo zuten, batetik. Emakumeak beren bidea aurkitu eta kultura egiteko beste modu berrien bila, gogoeta egin eta praktikan jartzeko espazioen beharra ere aldarrikatu zuten.
Emakumeen kultur sorkuntza kanon orokor eta uniformatzaileetatik atera eta erregistro propioak bilatze bidean, garrantzitsua ikusten dute autoestimua landu eta boterea hartzea bultzatzea. Ideia horiek guztiak praktikan jartzeko emakumeen arteko «konfabulazioari», probokazioari, estilo propioaren lanketari eta beren espazioen beharraren «inposaketari» iritzi zieten biderik zuzenena. Hori guztia umore dosi handi eta bikainez hornituta. -