GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-05-21
«Etxea», errealitatea beste modu batez ikusita
·Pertsonaien «bihotz-begietatik» eraiki du Josu Penadesek bere nobela berria

Errealitateak aurpegi bat baino gehiago ditu, eta errealitate poliedriko horri literaturaren bidez begiratzerik badagoela uste du Josu Penadesek. Horretarako, hainbat pertsonaiaren larruazalean sartu eta, Lizardiren esamoldea erabiliz, errealitatea haien «bihotz-begietatik» azaltzen saiatzen da. Ahalegin horren lekuko da Alberdaniaren eskutik argitaratu berri duen nobela: «Etxea».

DONOSTIA

Alokatzeko etxe baten bila dabiltza Maite eta Asier ama-semeak, eta Mirenena eta Mikelena ikustera doaz. Gelaz gela ari direla, pertsonaien arteko elkarrizketatxo batzuk izaten dira, azalekoak, baina. Mamia, aldiz, pertsonaia bakoitzak egoera berean ikusten, sentitzen eta pentsatzen duen horretan dago. Izan ere, “Etxea” pertsonaien barne bakarrizketez osatua da.

«Pertsonaiak dira nobelaren ardatz ­adierazi dio Josu Penadesek berak GARAri­. Agertzen direnak lau baino ez dira, baina agertzen diren horiek adina eragin dute zuzenean agertzen ez direnek. Alde horretatik, nobela polifoniko edo sinfonikoa da».

Barne bakarrizketan pertsonaia bakoitzak bere erreferentzia mundua darabil. Erreferentzia mundu hori errealitatea aditzeko bahe moduko bat da. «Asier, esaterako, eskizofrenikoa da, edo hori, behintzat, saiatu naiz islatzen, espresuki esan gabe ­esan du Penadesek­. Bada, Asierrek Arkitektura ikasketak egin ditu. Gainera, aita filosofia eta arte kontuetan aditua zuen, eta hori ere Asierren erreferentzia munduan islatzen da. Amak, berriz, ikusten eta sentitzen duena adierazteko Matematikako erreferentziak darabiltza, semeak ez bezala».

Pertsonaien arteko elkarrizketetan gai xumeak agertzen dira, etxeari buruzkoak-eta; barne bakarrizketetan, berriz, gizakia beti kezkatu duten «gai potoloak» diranagusi, hala nola, bakardadea, oinazea, memoria, itxaropena edota utopia. «Gero eta gutxiago sinisten dut hitz potoloetan ­ohartarazi du idazleak­. Eta erlatibizatu behar direla uste dut. Ukatzeraino, ordea?». Galdera horri erantzuten saiatzen da pertsonaien larruazalean sartuta.

Beraz, literatura gizakiari buruz hausnartzeko lanabes gisa erabiltzen duela esan daiteke. Alde horretatik, “Etxea” literatura «ulertzeko» duen moduaren emaitza da, edo, beste era batean esanda, «nik dudan literatur asmo baten araberako emaitza». Izan ere, literatura «gauza askotarako» erabil daitekeela onartzen du Penadesek, baita «entretenitzeko» ere ­«beste kontu bat da bakoitza zerekin entretenitzen den», zehaztu du­. Baina beretzat literatura «bizitzara hurbiltzeko leihoa» da. «Zuk zeuk bizi ez dituzun egoerak aztertzeko edo kezkatzen zaituzten gaiak jorratzeko, pertsonaien larruazalean sartu eta gogoeta egin dezakezu. Hori egiten dut nik», jakinarazi du. Idazlearen iritziz, literatura artea da, baina artea modu honetan ulertzen du: «Begirada hegemoniko edo tipikoa ez den begiratzeko beste modu bat».

Josu Penades (Bermeo, 1962) irakaslea da lanbidez. “Lauxeta: historian hezurmamituriko sinesmena” izan zen bere doktore tesia. Haur eta gazte literaturako hainbat liburu argitaratu ondoren, 2002an plazaratu zuen bere lehen nobela:“Hurrengo itsasgoren zain”. Horren segida da, Penadesen literatur asmoari dagokionez, “Etxea”. Eta dagoeneko prestatzen ari den nobela berria ere beste urrats bat izango omen da bide berean.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Otegi anuncia para la semana próxima «nuevos compromisos» en pro del diálogo
Euskal Herria
«Construir Euskal Herria desde la izquierda»
Mundua
Los montenegrinos esperan con ilusión la crucial cita de hoy
Ekonomia
Por una política industrial para Nafarroa
Kirolak
Europako tituluak itxaron egin beharko du
Euskal Herria
«El PSOE debe aclarar si acepta o no las decisiones de la sociedad vasca»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea