DONOSTIA
Zortzi ekintza nagusi ditu Eibarko Klub Deportibok antolatu duen “Argazkilaritza maiatzean 2006” egitarauak: sei erakusketa, lantegi bat eta argazki rallya. Erakusketen artean, lau argazkilari ezagunenak dira, bosgarrena Argizaiola sariena eta seigarrena Klub Deportiboko Argazkilaritza Taldearena.
Dagoeneko zabalik daude Portalean bi erakusketa, Jose Juan Gurrutxagarena eta Jose Vicente Mascarellena. Gurrutxaga donostiarra da eta kirolen argazkiak egin ditu batik bat, kirolarien ahalegina, emozioa, abiadura eta bere argazkietan osagarri desberdin horiek biltzen dituzten uneak jasotzen ditu.
Mascarell valentziarra da eta argia da bere langai ia bakarra, beste modu batean esateko, bizitza bera. Argazkilari horren ustean, sorkuntzarako tresna gisa darabil kamera.
Pio Guerendain iruindarra ere txit ezaguna da argazkilarien artean. Nafarroako elkarteko lehendakari izan da urte askoan; Contraluz galeriaren zuzendaria da eta nazioarteko sari ugariren jabe da. Argazkilaritzari buruzko aldizkarietan atera ditu bere lanak, eta Marie-Loup Sougez-en “Argazkilaritzaren historia”n ere jaso dira bere argazki batzuk. Munduan zehar egin ditu erakusketak, eta Eibarrera etorriko da hilaren 17an.
Koldo Badillo urduńarra da, eta berea da bukatu den erakusketa bakarra. Topalekun eduki du “Nafarroako koloreak” izenarekin duen paisaia sorta ederra. Lurralde horretako aniztasuna ikus zitekeen bere erakusketan, mendi aldetik hasi eta Erribera bitarteko lurrak islatu baititu. Paisaiak diren arren, irudi horietan maiz bere ametsak ezartzen dituela ematen du.
Klub Deportiboko Argazkilaritza Taldeak hilabete osoan erakutsiko ditu bere lanak El Ambigun. Depor tabernan, azkenik, Argizaiola saria irabazi duten lanen erakusketa dago hilaren 9tik 31 bitartean. Sari hori Euskal Herriko Argazki Elkarteek eratu zuten 1973an. Geroztik sari hori irabazi duten lanak biltzen ditu erakusketak.
Bestalde, Kote Cabezudo argazkilari donostiarrak lantegia emango du datorren larunbat goizean Portaleako areto nagusian. Sarrera doan izango da. Estudioko argazkilaritzaz emango ditu bere irakaspenak Cabezudok. Eta, egitarauari amaiera emateko, hilaren 28an Argazki Rallya egingo dute. Goizeko zortzi eta erdietan hasi eta arratsaldeko ordu bi eta erdietan bukatuko da. Zuri-beltzeko argazkiak eta koloretako diapositibak onartuko dituzte.