GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-05-21
Euskararen normalizazioan protagonista izan nahi dutela aldarrikatu du herriak
Iragan astean, Bai Eskolak Euskalduntzeari! ekimenean parte hartu zuten eragileek egin zuten kanpainaren azterketa; atzo, berriz, azken hiru hilabete hauetan antolaketa lanetan ibili diren herritarren txanda izan zen. Euskararen egoerarekin jendeak kezka handia duela nabarmendu zuten, eta gauzak hala, «protagonista» izan nahi dutela.

DONOSTIA

«Eskolaren bitartez belaunaldi berri guztien euskalduntzea bermatuta ez egoteak kezka berezia eragiten digu, eta inoiz baino beharrezkoagoa sentitu dugu gure herrietan Bai Eskolak Euskalduntzeari! leloa hedatu eta horren alde indarrak biltzea». Halaxe azaldu zuten atzo Donostian eginiko agerpenean, ehunka herritarrek kanpaina horretan horrenbeste gogoz parte hartzeko sentitu duten beharra.

Izan ere, hurrengo belaunaldiak benetan euskalduntzea lortuko duen hezkuntza eredu baten beharra aldarrikatzen duen ekimen horretan, eragile eta erakundeez gain, herritar askok hartu du parte, eta horiek egin zuten, atzo, azken hiru hilabete hauetako lanaren azterketa. Herritarren parte-hartzea oso positibotzat jo zuten, hasieran egin zituzten eskualdekako batzarretan (45 osotara) 700 lagun inguru bildu bazen ere, «kideen kopuruak nabarmen egin baitu gora ondoren landutako harremanetan». Denek goraipatu zituzten hilabeteotan egindako ekimenen kopurua, aniztasuna eta erakargarritasuna.

Euskarak gaur egun duen egoera «kezkagarria» eta «gordina» ikusirik, «euskalduntzea bermatzen ez duten politikak aldatzea eta gainditzea ezinbestekoa dela» jabetu dira herritarrak, eta, alde horretatik, «garrantzitsua» dela «herritarren aktibazioa eta presio soziala sortzea aldaketak bultzatzeko». «Euskarak ezin baitu itxaron», nabarmendu zuten.



Eskualde batzarrak, hilabeteetako lanaren abiapuntu

DONOSTIA

Hasieran egin zituzten eskualdekako batzarretan 700 lagun bildu baziren ere, orduz geroztik Bai Eskolak Euskalduntzeari! kanpainan parte hartu dutenen kopuruak goraka egin du nabarmen. Horren errudun izan dira Euskal Herriko hiri, herri, auzo eta txoko guztietan egin diren ekimen ezberdin bezain askotarikoak.

Prentsaurreko agerpenetan, tokian tokiko hedabideetan eta iritzi artikuluetan ekimen horrek izan duen presentzia oso handia izan da, atzo adierazi zutenez. Horrez gain, hainbat mobilizazio ere egon dira bazter guztietan: elkarretaratzeak, mota ezberdinetako jaialdi eta ikuskizunak, kalejirak, eta abar. Ugari izan dira ere aldarrikapen horri atxikimendua eman dioten idazle, euskaltzain, euskaltzale, aktore, kantari, kirolari, margolari eta bertsolariak besteren artean.

Baina, halere, aldarrikapen horrek ez du bakarrik egin bide osoa, herritarrek atzo adierazi zutenez, lekuan lekuko aldarrikapenak batu baitzaizkio: hezkuntza sistemak kaltetutako jende gehiago egon ez dadin, erdal ereduen zabalpenak aurrera jarrai ez dezan, euskarazko irakaskuntzari oztopo gehiago jar ez dakizkion, euskaraz ikastea legezkoa izan dadin, Trebińukoek eta atzerritarrek ere, gainerako euskal herritarrek bezala, euskaraz ikasteko aukera izan dezaten, eta abar.



Kanpaina amaierako «maniFESTAzioa» Donostian

DONOSTIA

Agerpena aprobetxatuta, herritarrek datorren larunbatean Donostian (17.30ean Bulebarretik hasita) izango den maniFESTAziorako deia egin zieten herritar, erakunde, alderdi eta eragile guztiei. Hiru hilabetez bildutako milaka sinadurek «herri eskaera sendoa» gorpuztu dute, eta orain, eskaera horrek «kalean eta modu indartsuan» izan behar du agerpena. Izan ere, horien esanetan, herri eskaera horrek eragile guztien «erantzun positiboa» eskatzen baitu.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Otegi anuncia para la semana próxima «nuevos compromisos» en pro del diįlogo
Euskal Herria
«Construir Euskal Herria desde la izquierda»
Mundua
Los montenegrinos esperan con ilusión la crucial cita de hoy
Ekonomia
Por una polķtica industrial para Nafarroa
Kirolak
Europako tituluak itxaron egin beharko du
Euskal Herria
«El PSOE debe aclarar si acepta o no las decisiones de la sociedad vasca»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea