Vicente Agirre 1832. urtean jaiotakoa izan zen lehena;Iziar Agirre 31 urterekin dugu, mementoz, azkenengoa. Bitartean, beste hiru belaunaldi eta, guztira, sei mediku azken hiru mendeetan. Dinastia bitxia eta alderdi interesgarriez jositako historia Antxon Narbaizak «Eibarko Agirre medikuak. Hiru mende medikuntzan (18602006)» liburuan jasotakoa, hain zuzen ere.
Hari nagusia izan arren, medikuntza ez da liburuak ukitzen duen gai bakarra. Familia eibartar horren historian euskarak, politikak edota Eibar herriarekiko amodioak ere beren kapituluak merezi dituzte. Hasiera-hasieratik.
Vicente 1832an jaiotakoa dugu agirretarren lehen medikua. Baina familia osoari gertatu zaion bezala, denbora eta ahalmena ugaldu zituen beste hainbeste arlotan murgiltzeko. Arazoz beteriko aro politikoa Karlistaldiak, monarkia, Lehen Errepublika... egokitu zitzaion, eta ez zuen dudarik izan:erreplublikanismoaren aldeko apustu bizia egin zuen, bai eta ideologia horrek galtzaileen bandoan egotea ekarri zionean ere. Adibidez, karlistak Eibarren sartu zirenean, Agirrek lanean jarraitu zuen. Soldatarik gabe, eta, hala ere, sekulako epidemien garaian, txertoak jarri zizkion herritar askori. Dohainik.
«Ciudadano Vicente» euskaltzale petoa zen, gainera. Erudizio ikaragarrizko liburu bat idatzi zuen etimologiari buruz. Dirudienez, Unamuno bera txundituta zegoen, etorkizunik gabeko izugarrizko lana egin zuela uste arren egungo linguista batzuk ez daude ados idazle famatuarekin, eta Agirreren teoriak ontzat hartzen dituzte, baina Vicente Agirreri ez zitzaion gehiegi axola Unamunok esaten zuena: «Euskera nere begininia da».
Vicenteren semeak, 1872. urtean jaiotako Ciriaco Agirrek, medikuntzarekiko eta herriarekiko maitasuna, zentzu filantropikoa eta erreplublikanismoa jarauntsi zituen. Aita bezala, Eibarko mediku titularra izendatu zuten eta Deban itota hil arte bere lan filantropikoaren eredu ugari jaso zuen herriak: tuberkulosia zuten pertsonak errekuperatzeko «Jardín de Convalecientes», ume gaixoendako udalekuak...
Nahiz eta berari buruzko berri gehiegirik ez egon, badirudi anaia Perikotxo oftalmologoa izan zela.
Ciriacoren semeak, Vicentek, tradizioa hautsi zuen: Ingeniaritza ikasi eta Bilbon bizi izan zen. Hausdura, hala ere, partziala izan zen, kulturak bere liburutegia famatua zen edota ideologia errepublikanoak garrantzi handia izan baitzuten bere bizitzan.
Izan ere, Gerra Zibilaren ondorioz familia hartuta Amerikara alde egin beharra izan zuen.Euskal Herrira itzuli eta Vicenteren etenaren ondoren, haren semeek, Ciriacok eta Jose Miguelek, familiaren tradizioari eutsi zioten.
Gaur egunean, biak mediku famatuak dira. Jose Miguel Zaragozako Ospitaleko Barne Medikuntzako burua da, eta anaiak kargu bera dauka Gurutzetako Ospitalean. Horren alaba, Iziar, berriz, radiologoa da. Mementuz, azkeneko belaunaldia.
Familia bitxia, dudarik gabe, Ciriaco Agirrek liburuaren aurkezpenean onartu zuen bezala. «Lehen belaunaldiak izan ziren bitxiak batez ere nabarmendu zuen Ciriacok, Vicentek eta Ciriacok garai hartan ezohikoak ziren hiru nolakotasunak baitzituzten:ikasketarekiko ikaragarrizko maitasuna, medikuntzarekiko ikaragarrizko maitasuna eta, batez ere, Eibarrekiko maitasuna».
Hiru mendetan erakutsitako maitasun horri esker ona emateko, Eibarrek orain beren historia jakinarazteko liburua eskaini die agirretarrei. -
EIBAR