BIARRITZ
Buru-makur agertu zen atzo Patrice Laguisquet, Biarritz taldeko entrenatzailea. Lehen zatian izandako deskuiduek eragina izan zutela onartu zuen. «Bigarren entseguan sekulako deskuidua izan dugu. Sekula egin behar ez den horietakoa izan da. Baina ez da bakarra izan, ez gara ongi aritu eta horrelako partida bat izateko opari gehiegi egin ditugu», esan zuen entrenatzaileak.
«Ostikoekin metroak irabazi nahi izan ditugunean, ez gara ongi ibili, normalean baino askoz ere okerrago. Entseguak egiteko ia aukerarik ez dugu sortu, eta baloiarekin azkar ateratzeko arazo asko izan ditugu. Dena dela, horrelako partidetan presio handia izaten da, eta jokalariei ezin zaie ezer esan», erantsi zuen zuri-gorrien entrenatzaileak.
«Stringerrek lortu duen entseguan egin dugun akatsak erabaki du norgehiagoka», esanez hasi zen hizketan Lievremont, Biarritzen kapitainak.
«Oso nekatuta amaitu dugu partida, baina porrotak ez dauka aitzakiarik. Markagailuan puntu batera jarri garenean, ahalegindu gara aurrean zigorren bat topatzen, baina ez da heldu, eta azkenean ezin izan da», erantsi zuen.
Declan Kidney Munsterreko entrenatzaileak bestelako aurpegia zuen, eta ez zen gutxiagorako, Europako Kopa irabazi baitzuen. «Partida handi baten ostean lortu dugu garaipena. Talde honek eskarmentu handia dauka, eta horrek balio izan dio gaur Europako Kopa irabazteko. Aurreko biak galdu egin ditugu, eta haietan ikasitakoak asko balio izan digu», esan zuen entrenatzaile irlandarrak.
«Atzean egindako lanari esker, eta izan dugun diziplinari esker lortu dugu garaipena. Lehen zati oso ona egin dugu. Garaipen honek garrantzi handia dauka, baina ez guretzat bakarrik, baita zaleentzat ere. Aurreko bi finaletan galdu egin genuen, eta gaur, denak ospatzeko moduan izango gara», esan zuen Peter Stringerrek, Munsterreko jokalariak.
Biarritzeko jokalariak bart heldu dira Biarritzera, baina festarako ez zegoen gogo handirik, eta egin beharrekoak gaur egingo dira. Finala irabazi ez zutenez, Biarritzeko Kasinoan egingo zaie harrera gaur, 19.30ean. Hori bai, gaur egin beharrekoa hemendik hilabetera egitea espero dute, Top 14 Liga irabazteko itxaropen handia baitute.