Unai ARTETXE
DONOSTIA
Ruben Belokik eta Juan Martinez de Irujok hitzordu garrantzitsua dute gaur 18.15 Donostiako Atano III.ean, Buruz Buruko Txapelketako finalerako azken txartela jokoan baitute. Aimar Olaizolak joan den larunbatean lortu zuen neurketa erabakigarriena jokatzeko beharrezkoa zuen garaipena, eta Goizuetako aurrelariak gaur jakingo du finalean bere aurkaria nor izango den.
Norgehiagokak ikusmin handia piztu du, eta ez da gutxiagorako, Belokirena eta Irujorena pilotari handi biren arteko lehia izango da-eta. Burlatako atzelariak lau txapel eskuratu ditu bakarka frontoi osoan, eta final-laurdenetan Patxi Ruizen aurka egindako erakustaldiaren ostean, moralez gainezka iritsiko da hain hitzordu garrantzitsura. Irujo, aldiz, egungo txapeldunordea da; orain urte bi txapela jantzi zuen, eta askoren ustez, markak hautsiko dituen aurrelaria da.
Hala eta guztiz ere, Iberokoa izango da pilotazaleen faboritoa. Binakako Txapelketa maisuki irabazi zuen Eulaterekin batera, eta ondoren opor laburrak hartu zituen arren, orduko sasoi ona mantendu du. Hori erakutsi zuen, behintzat, orain aste bi Peñagarikanoren aurka jokatutako final-laurdenetako neurketan, gipuzkoarrak asko estutu bazuen ere, hogeita bira iristeko arazo handiegirik ez baitzuen izan.
Gaurkoa, baina, oso bestelako partida izango da. Irujok dohain handiak ditu; hori ukaezina da erasoan eta defentsan izugarrizko bitartekoak baititu. Sakearekin ere nabarmen hobetu du, eta azken bi aste hauetan, gainera, alderdi hori entrenatzen egon da.
Aspeko pilotariak ez ditu bere kartak ezkutatu nahi izan, eta osteguneko material aukeraketan azaldu zuenez, pilota frontisetik ahalik eta urrutiena jartzen saiatuko da, ondoren tantoa azkar amaitzeko asmoz.
Beloki, ordea, une ezin hobean dago, eta Patxi Ruiz jipoitu eta gero sekula baino arriskutsuagoa da. Asegarcekoak sentsazio onenak berreskuratu ditu, eta Ruizen aurka egin bezala, Irujoren kontra ere ehuneko ehuna emateko prest irtengo da kantxara.
Sakea izan daiteke, beste behin, batak edo besteak garaipena lortzeko gakoa. Belokik bikain baliatu zuen arma hori final-laurdenetako neurketan, eta Iberokoaren aurka ere luze sakatzen saiatu da, ezker hormara arrimatuz, ondoren dejada edo horma biko baten bidez tantoa amaitzeko asmoz.