«Bidasoa» liburua atera du Nafarroa Oinez-ek
IRUÑEA
Aurten Beranegingo duten Nafarroa Oinez-eko ekitaldien barruan “Bidasoa” argazki liburuxka aurkeztu berri dute. Lanean Luis Oterminen argazkiak dira nagusi Isabel Millet, Joxan Oiz eta Edu Zelaietak idatzitako poesiek lagunduta. Hala, liburuxkak Bidasoako «arima» biltzen du Xanti Alzuguren Nafarroa Oinez 06ko koordinatzailearen esanetan. «Izan ere, Bidasoa ibaia topaleku izan da gizadietan. Lapurtarrek, gipuzkoarrek eta nafarrek bat egin duten erreka putzua baino gehiago da Bidasoa», azaldu zuen Jon Abrilek, laneko hitzaurrea idazteko ardura izan duenak, hain zuzen.
Argazkietatik abiatuta
Liburuxka osatzeko lehenik eta behin Oterminek bidalitako argazkien aukeraketa egin zuten, eta, ondoren, irudien gaineko «gogoeta» egin ostean, poesiak idatzi zituzten.Bai hitzaurrea baita poesiak ere, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez idatziak daude, baina, hala ere, ez dira itzulpen hutsak. «Hizkuntza aberastasuna da, eta, ondorioz, eta hiru hizkuntzak dakizkitenek gauza bera irakurri ez dezaten, bakoitzak bere hausnarketa egitea erabaki genuen», aditzera eman zuen Isabel Milletek. Gauzak horrela, frantseseko idatziak Milletek idatzi zituen. Jaiotzez paristarra da, nahiz eta orain Etxalarren bizi eta Beran egiten duen lan, eta besteak berriz, JoxanOiz eta Edu Zelaietaren artean osatu zituzten. Emaitza, hala ere, «jarraian irakurri eta osagarriak diruditen poesiak» izan dira Oizek esan bezala, nahiz eta printzipioz «hori ez zen nahia», gaineratu zuen. “Bidasoa” liburuxka salgai da jada, bai Nafarroa Oinez 06ko ohiko salmenta puntuetan, baita liburu-dendetan ere. 12 euroren truke lor daiteke. Tirada, berriz, 1.500 alekoa egin dute.
|