PSko hautagai batek 35 orduko lan astearen aurka dagoela jakinarazi du
·Ségolne Royal ministro ohia bere alderdiak abian jarritako legearen aurka agertu da berriz ere
PARIS
Datozen hauteskunde presidentzialetarako PSko hautagai izateko faborito den Ségolne Royal bere alderdiak abian jarritako 35 orduko lan astearen aurka agertu da berriz ere. Lege hori 1997 eta 2002 urteko legealdian adostu zuten, hau da, Lionen Jospinen agintaldian.
Haren web orrialdean egindako adierazpenetan, ministro ohi eta egun Poitou-Charentes eskualdeko presidente Royalek aitortu zuen lan astea 40 ordutik 35era pasatu izanak Estatu frantseseko herritarren «egoera okertzea» ekarri duela. Egoera sozio-ekonomikoa ere «ahulago» dagoela azaldu zuen.
Erreforma lana sortzeko soilik bultzatu zutela esan ostean, lan ordutegiaren murrizketak ekarriko zituen «lan baldintzen» aldaketa ez zela kontuan hartu kritikatu zuen. Royalen ustez, 35 orduek «flexibilitate handiagoa» ekarri dute, baita «lan eskubideen ahultasuna» ere. «Lan erritmoa handitu da eta lan jardunaldia zatitu», adierazi zuen, eta bizi kalitatean eragin dituen onurak «eztabaidagarriak» direla nabarmendu zuen.
«Ordutegian flexibilitatea duten langileen kopurua %10etik %40ra pasatu da, Ameriketako Estatu Batuetako langile kopurua baino gehiago», gaineratu zuen, eta bereziki gutxien kualifikatutako langileen egoera okertu dela berretsi zuen.
|