Sorgin Jaiak «ohiko debekurik gabe» ospatuko dituzte aurten
Azken bost urteetan ez bezala, Lasarte-Oriako Udalak Sorgin Jaietako txosnak eta jaigunea ezartzeko baimena eman du. Jai Batzordearen iritziz, Udalak izan duen jarrera aldaketaren muina Sorgin Jaiek bost urtetan hartu duten «indarra» eta herritarrek eta elkarteek emandako babesa izan da. Lasarte-Oria Aurrerak ere ontzat eman du erabakia.
LASARTE
Lasarte-Oriako Udalak txosnak eta jaigunea herriaren erdialdean jartzeko baimena eman dio Sorgin Jaietako Batzordeari. Orain arte herriaren erdigunetik «urrun» zeuden lekuetan soilik ezar zezaketen festa eremua eta, alde horretatik, Batzordeko kideek positibotzat jo dute Udalaren jarrera. Adierazi dutenez, «bilera pare bat» egin dituzte udal ordezkariekin, eta hartu berri duten erabakiak ustekabean harrapatu dituela ziurtatu dute. Lasarte-Oria Aurrera herri ekimenak ere ontzat eman du erabakia eta Batzordea zoriondu nahi izan du «Udalaren oztopoen aurrean tinko mantentzen» jakin duelako. Ekimenaren iritziz, Udala «giro politiko orokorrarekin kutsatu da eta, azkenean, onartu du herriari bere espazioa ematea». Era berean, Lasarte-Oria Aurrerak Udalak erakutsitako jokamoldea «inflexio-puntua» izatea nahi duela azaldu du: «Herrian arazo ugari daude, gehienak Udalaren jarreratik eratorriak, eta erakutsi berri duen jarrera inflexio-puntua izatea nahi dugu, beste arloetara ere hedatzea espero dugu».
«Onartu beharra izan du»
Sorgin Jaietako Batzordeak ere begi onez ikusi du Lasarte-Oriako Udalak izan duen jarrera aldaketa, baina azken urteetako balorazioa ere egin du. Batzordeko kideen iritziz, Udalak Sorgin Jaiak «desagertzea bultzatu du azken bost urteetan, herriaren erdigunean ekitaldiak egin eta txosnak jartzea debekatuz zein laguntzak ukatuz». Horren ordez, Sorgin Jaiek herriko bizilagun eta elkarteen babesa lortu dutela adierazi dute Jai Batzordekoek: «Festa desberdinak antolatu nahi izan ditugu, eta azken bost urteetan indarra hartu dute. Horrekin batera, herritar eta elkarte ezberdinen babesa ere jaso dugu. Azkenean, Udalak hori guztia onartu beharra izan du», nabarmendu dute. Jaiei ekainaren 28an emango diote hasiera eta uztailaren 1ean amaituko dira.
«Bost urteko lanaren fruitua izan da»
LASARTE Sorgin Jaietako Batzordeko kideek jarrera positiboa adierazi dute Lasarte-Oriako Udalaren erabakiaren gainean, baina argi dute aurten «debekurik ez jasotzea bost urteko lanaren fruitua» izan dela. Gogora ekarri dute Udalak txosnak herriko erdigunean ezartzea ukatu eta soilik «festagunetik urrun zeuden lekuetan» jartzeko baimena eman zietela. Egoeraren aurrean, orduko Jai Batzordeak txosnak ez ezartzea erabaki eta hurrengo urtean sortu ziren Sorgin Jaiak, Lasarte-Oriako festen osagarri gisa aurkeztu zituztenak. «Jaietan hutsune nabarmena zegoela ikusi genuen, eta gure egitaraua osatzea erabaki genuen. Gure ekarpena herriko festen osagarri izatea nahi genuen», esan zuten Batzordeko kideek. «Laguntzarik gabe» Urtero egitarau zabala osatu eta herriko jaietan era aktiboan parte hartu badute ere, Batzordeko kideek esan dute bost urtetan ez dutela Udalarengandik «inolako laguntzarik» izan, eta txosnak ezartzeko irizpideak bere horretan jarraitu duela. Hartara, festei euren ekarpena egiteko txosna mugikorrak erabili izan dituzte eta, Udalak oholtza jartzea ere ukatzen zienez, kontzertuak taula gainetik kamioietara eraman behar izan dituzte.
|