Gerry Adams Euskal Herrira iritsiko da gaur, hainbat eragilerekin biltzearren
Sinn Fein alderdiko presidente Gerry Adams Euskal Herrira iritsiko da gaur, une honetan Euskal Herriak bizi duen egoera politikoaren gaineko informazio zuzena eskuratzeko. Horretarako, hainbat eragilerekin biltzeko asmoa du Irlandako errepublikarren buruak. Hain justu, gaur bertan, arratsaldeko 18.30ean Bilboko hotel batean, Batasuneko ordezkaritza batekin ekitaldi publiko batean parte hartuko du euskal agertoki politikoaren gogoeta plazaratzearren.
DONOSTIA
Sinn Fein alderdiak eta bere presidente Gerry Adamsek berebiziko interesa agertu dute beti Euskal Herriko egoera politikoaren gainean. Interes horrek, baina, gora egin du azken hilabete luze hauetan. Horren erakusle da Adams berriro ere Euskal Herrira etortzea; gaur bertan iritsiko da Loiuko aireportura, 15.30 aldera.
Euskal Herriko egonaldia gaur eta bihar artekoa da. Tarte horretan, Irlandako errepublikarren burua hainbat eragile politikorekin egotekoa da gaur egungo egoera politikoaren informazioa zuzenean eta lehenengo eskutik lortzeko. Batasuneko ordezkaritza batekin, esa- terako, gaur arratsaldeko 18.30-ean ekitaldi publikoa egingo du Bilboko Abando hotelean, «egoeraren azterketa plazaratzeko», indar abertzaleak prentsa adierazpenean jakinarazi zuenez.
Euskal Herriko egonaldia bukatutakoan, Sinn Feineko presidentea Madrilera eta Kataluniara joatekoa da. Horietan ere, zalantzarik gabe, martxoaren 24tik indarrean den ETAren su-eten iraunkorrak eragin duen egoeraz eta geroztik izan diren adierazpen eta mugimenduez ere hitz egingo du.
Azkenaldian, Adamsek hainbat adierazpen egin ditu Euskal Herriak bizi duen gatazka konpontzeko prozesuaren gainean. Adibidez, urtea hasi zenetik, Jose Luis Rodriguez Zapaterori hiru eskutitz igorri dizkiola jakinarazi du hilabeteotan batean, Batasuneko ordezkarien aurkako erasoek bertan behera geratu behar dutela eskatu zion; bestean, prozesua laguntzeko borondatea agertu zion; hirugarrenean, ETAk su-etena iragarri ostean, «aukera historiko hau baliatzeko» esan zion.
Azken adierazpena maiatzaren 26an egin zuen, zortzi mahaikide Auzitegi Nazionalera deituak izan zirela-eta. Gatazka konpontzeko giltza elkarrizketa dela, guztien parte-hartzea beharrezkoa dela eta Batasunaren ilegalizazioa «gatazken konponkidearen logikarekin» bat ez datorrela azaldu zuen orduan.
|