- Biarritz
Kolpatuak larunbatean jokatzeko moduan dira
BIARRITZ
Atzo eguerdiaz geroztik Biarritz Parisen da, eta larunbatera bitarte, hantxe prestatuko dute Tolosaren aurka jokatuko duten finala.
25 gizon eraman zituzten, eta horien artean ziren Betsen, August, Traille eta Yachvili. Zalantza ziren finalerako, baina azken orduko ezusterik ez bada, laurak izango dira Laguisquetek eta Delmasek zelairatuko duten hamabostekoan. Izango ez direnak Tillous-Bordes eta Malonga dira, biak ere 21 urtez azpiko Frantziako selekzioak deitu baititu, adin horretako Munduko Txapelketa jokatzeko.
Jokalariak lasai agertu ziren, baina badakite zer duten jokoan. Hiru asteren buruan bigarren finala izango dute, baina oraingoan ez dute hutsik egin nahi, bestela kolpe latza izango bailitzateke. Lievremontek, taldeko kapitainak, hori baieztatu zuen atzo Parisera abiatu aurretik.
«Finala gogorra izango da. Guretzat bigarrena izango da denbora gutxian, eta oraingoan garaipena lortu behar dugu. Aste garrantzitsua izango da hau guretzat. Gu gara Top 14ko txapeldunak, eta horri eutsi behar diogu. Tolosa ere talde indartsua da, eta haiek ere asmo berarekin zelairatuko dira», esan zuen.
Pasa den larunbatean Perpinyaren aurkako partidaren ostean, Biarritzek kritika batzuk jaso behar izan ditu, Europako Txapelketako neurketa batzuetan jaso zituen bezalaxe, oso atzean jokatu zuelako, baina horren inguruan zera esan zuen Lievremontek: «Aurretik ere espero zitekeen partida oso ikusgarria ez zela izango. Bi taldeek genuen asko jokoan, eta horrelakoetan arrisku gutxi hartzen dira. Beste finalerdian ere emaitza bera izan zen», gogorarazi zuen kapitainak.
Martin Aranbururentzako partida berezia izango da, azkeneko aldiz jantziko baitu elastiko zuri-gorria: «Partida ederra izango da jokatzeko, eta garaipen handi batekin agurtu nahi nuke taldea», esan zuen Parisera abiatu aurretik.
Honako jokalari hauek bidaiatu zuten atzo Frantziako hiriburura: August, Noirot, Balan, Lecouls, Johnston, Lealamanua, Carizza, Couzinet, Thion, Olibeau, Betsen, Harinordoki, Dusautoir, Lievremont, Yachvili, Dupuy, Peyrelongue, Bidabe, Bobo, Gobelet, Traille, Hegarti eta Brusque.
Nafarroa, zain
Biarritzen bezainbesteko ilusioa dago Baigorrin eta Donibane Garazin ere, eta ez da gutxiagorako, bi herri horien artean sortutako Nafarroa taldeak Liga Federaleko Bigarren Mailako finalerdia jokatuko baitu igandean Vendres-Lespignan taldearen aurka. Lekua, ordea, atzo iluntzean ez zekiten, baina Tolosa inguruan izango zela pentsatzen zuten talde hori-gorriaren arduradunek.
|