Batasunak bat egin du AHTren aurkako manifestazioarekin eta joatera deitu du
Batasunak «mila arrazoi» ikusten ditu AHTri aurre egiteko, eta hala adierazi zuen atzo. Besteren artean, gizarteari helarazi zaion informazioaobjektiboa izan beharrean «alderdien interesen araberakoa» izan dela salatu zuen, eta, horrexegatik, herritarrak eta eragileak larunbatean Donostian batzea garrantzizkotzat jo zuen.
DONOSTIA
Batasunak bat egin du AHT Gelditu! Elkarlanak larunbat honetarako deitu duen manifestazioarekin. Eusebio Lasak eta Joseba Alvarezek azaldu zutenez, Batasunak «mila arrazoi ditu AHTri ezezkoa emateko», eta, horien artean, bost nabarmendu zituzten.
Alde batetik, instituzio eta administrazioek ez dutela informazio objektiboa zabaldu eta «eztabaida arbuiatu» egin dutela azaldu zuten. «Ez dute inolako borondaterik herriari hitza emateko, eta, ondorioz, instituzio eta herrien arteko dibortzioa areagotzen ari da», ziurtatu zuen Lasak. Alvarezek zehaztu zuenez, «propaganda faltsua» helarazi diote gizarteari, eta eragile sozialak «baztertu» dituzte. Adibide gisa, Ezker Abertzaleak maiatzaren 19an Gasteizko Parlamentuan AHTren gaineko herri galdeketa egiteko aurkeztu zuen proposamena ukatua izan zela ekarri zuen gogora. Batasunaren iritziz, Lakuako Gobernua herritarren eta instituzioaren arteko «talka sortzeko beldur» da, eta arrazoi horrexegatik egiten dio uko galdeketari.
AHTren proiektuaren atzean «EAJ, PSOE eta UPNk dituzten interesak» ere salatu zituzten Batasuneko kideek, eta, horrekin batera, «Ibarretxeren Gobernuaren hipokresia» gaitzetsi zuten: «Ingurumenaren eguna dela-eta, Urdaibain izango dira gaur. Hitz politak entzungo ditugu haien ahoetatik, baina, naturarekiko batere errespeturik ez duen proiektua jarri nahi dute martxan», azaldu zuten.
Hirugarrenik, AHTk ohiko trenak baino sei bider gehiago kontsumitzen duela eta garraio arazoak areagotu egingo dituela kritikatu zuten, eta Paris eta Madril lotzearekin batera «eskualdeak urrundu» egingo dituela ere ziurtatu zuten. «Herria 40 minututan zeharkatu beharrean bertatik ibiltzeko aukera emango duen trena» hobetsi zuten.
«AHT gelditzea posible da, gure eskuetan dago, eta horregatik kalera atera eta astakeria horri aurre egin behar diogu», ziurtatu zuten. Era berean, alternatibak egon badaudela ekarri zuten gogora, eta Batasunak trenbide sozialaren aldeko apustua egiten duela nabarmendu, baina, hori abiatzeko«AHT gelditzea ezinbestekoa» dela azaldu zuten.
Kanpaldia Urbinan obrak hastea ekiditeko
DONOSTIA AHT Gelditu! Elkarlanak urtero antolatzen duen kanpaldia Arabako Urbina herrian izango dela iragarri du, «obren hastapenari oposizioa egiteko eta borrokaren autoorganizazioa eta koordinazioa bultzatzeko». Azpiegitura erraldoia ekiditeko indarrak batzea ezinbestekotzat jo du Elkarlanak, eta, alde horretatik, «AHTren aurkako herri mugimendua sendotu eta Euskal Herri osora hedatzeko» herritarren parte-hartzea eskatu du. Lakuako Garraio sailburuak «eztabaidak atzean utzi eta obrak egiteko» garaia dela esan zuen, eta AHT Gelditu!-k, berriz, «inposaketari aurre egin eta Jaurlaritzaren erretorika eta propaganda desmunatzeko unea» dela. Bestalde, Elkarlanak larunbat honetan Donostian deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin dio gizarteari: «AHTren aurkako borrokan duen garrantziaz ohartuta, mobilizazio honetan ahalik eta jende gehien biltzeko deia egiten dugu». Manifestazioa 17.30ean abiatuko da Anoetako estadiotik, eta 19.00etatik aurrera Rock Maratoia izango da Donostiako Alde Zaharrean.
|