Gauzarik «garrantzitsuenak» biltzen dituen sanferminetako egitaraua
Hirurehun ekitaldik baino gehiagok osatuko dute 2006. urteko sanferminetako egitaraua. Horren zutabe nagusiak urteroko berberak direla nabarmendu zuten atzo eginiko aurkezpenean, udal ordezkarien esanetan, «garrantzitsuena jada asmaturik dago-eta». Berritasunei dagokienez, egitaraua bera izango da nabarmenena, «berria, ausarta eta ia-ia bildumazaleentzako dokumentua» baita. Txupinazoa botako duenaren izenik, hala ere, ez dute oraindik argitu nahi izan.
IRUÑEA
«Uno de enero, dos de febrero...». Gutxi-asko denok ezagutzen dugun abesti ezagunak dioenaren arabera, atzokoa izan zen uztailaren zazpira, San Fermin egunera garamatzan eskaileraren azken-aurreko maila. Peñetako kide askok eta askok gogo biziz ospatu ohi dute maila horietako bakoitza, baina atzokoak inoiz baino ikusmira handiagoa sortu zuen, atzo eman baitzuten aditzera Iruñeko udal agintariek 2006ko San Fermin jaietako egitaraua. Alkate andereak berak adierazi zuenez, berritasun handiegirik ez dago aurtengo ekintza eta ekitaldien artean, izan ere, «garrantzitsuena jada asmaturik dago-eta». Horrela bada, musika izango da beste behin protagonista nagusia, era eta gustu ezberdinetako musika mota eta taldeak, bai hemengoak eta bai kanpokoak ere iragarri baitituzte sanferminetarako: Kepa Junkera, Berri Txarrak, Oreka Tx, Tapia ta Leturia... Horiez gain, gaur egungo talderik ezagunenetako asko ere Iruñean izango dira: The Blues Brothers, Celtas Cortos, El Sueño de Morfeo, Raimundo Amador, La Pulqueria... Jazzak, hip-hopak, musika bandek, jaietako orkestrek eta abarrek ere beren lekua izango dute hiriburu osoan zehar ezarriko dituzten hainbat agertokitan: Gaztelu plazan, Carlos III.a pasealekuan, Sarasate pasealekuan, Foruen plazan, Ilargi Erdia parkean, Gurutze plazan eta Basotxoan, besteren artean. Azken urteetan bezala, gaztetxoenek Rodezno Kontearen plazan izango dute erakargarririk handiena, eta urtetik urtera ospe handiagoa hartzen ari den su-festen nazioarteko lehiaketa ere ez da falta izango. Ohikoez gain, Italiatik, AEBetatik eta Angolatik etorritako su-etxeek hartuko dute parte. Behin eta berriz adierazi zuten aurkezpena egin zutenek festa kalera ateratzeko desioa: «Kalea agertoki pribilegiatua izango da, eta bertan biziko ditugu festetako unerik garrantzitsuenak», nabarmendu zuten.
Diseinu berritzailea
Aurtengo berritasunik nabarmenena egitarauaren beraren diseinua izan da, udal ordezkarien arabera, «berria, ausarta eta bildumazaleentzat egina».Diseinua «artistiko, berezi, berezkoago, berriago eta dibertigarriago» hitzekin definitu zuten. Bestalde, aurten Aralar alderdiko udal taldeari dagokio txupinazoa botatzea, baina ez dirudi, oraingoz behinik behin, Udalak txanda hori errespetatzeko asmo gehiegi duenik. Horren gainean galdetuta ere, Yolanda Barcina alkateak suziria piztuko duena nor izango den aurreratzeari uko egin zion: «Oraindik hilabete osoa geratzen da. Gaur protagonista nagusia egitarauak izan behar du, bestela, gure sanferminetako magiaren parte diren sekretu gehiegi aurreratuko baikenituzke», adierazi zuen. Hirian egiten ari diren lan gehienak uztailerako amaiturik egotea espero duela ere esan zuen Barcinak.
|