Euskal gazteak musikak bildurik Extravagances-en
·Biarrizko jaialdiak hainbat estilo elkartuko ditu uztailaren 28an eta 29an
Alpha Blondy, Sargento Garcia, Louise Attaque, The Locos eta Oscar de Leon nazioarteko artistekin batera ezezagunagoek ere joko dute Biarrizko Agileran uztailaren bukaeran izanen den Les Extravagances jaialdian. Biarrizko CSM produkzio-etxea eta Donostiako Get In dira antolatzaileak, eta Euskal Herriko gazteak erakartzen saiatuko dira.
BIARRITZ
Aurtengo berezitasun nagusia Bidasoa hegoaldeko ikusleak Biarritzera erakartzeko egin den lana da. Euskal Herriko gazteak Agilerako kontzertuen inguruan biltzeko nahiak antolakuntzan iaz zegoen Biarrizko CSM produkzio-etxearekin batera Donostiako Get In ezartzera eraman du Biarrizko herriko etxea; hiruren artean aterako dute aurrera jaialdia. Azken hori azpiegiturez arduratuko da, eta bi produkzio-etxeen artean egin dute taldeen aukeraketa eta antolakuntza.
Gauza praktikoagoetara ere zabalduko da Bidasoaren bi aldeetako jendea Biarritzera eramateko egitura. Esaterako, garraiobide bereziak antolatuko dituzte Gipuzkoatik Biarritzera joateko. Sarrerak erosteko ere, Lapurdiko ohiko tokiak izango dira; FNAC, Virgin eta Biarrizko Turismo bulegoa. Baina, horiez gain, Kutxako kutxazainetan ere izango dira, eta, noski, baita Elkar Megandenda sare guztian ere. Egun baterako sarrerak 28 euro balioko du, eta 45 euro jaialdi guztirakoak.
Iaz lehen urtea izan zuen Les Extravagances jaialdiak, eta egungo musikak eskaintzen dituen estiloak nahastea du helburu. Izenak dioen legez, talde eta bakarlari famatuak, eta oraindik bidean diren beste musikariak elkartuko dituzte. Nazioarteko taldeak Euskal Herrikoen ondoan izango dira, eta bitxikeriei tokia utziko diete. Antolatzaileek hautaketa musikal heteroklito eta ezberdina egin nahi izan dute, adin guztietako ikusleak erakartzeko, nahiz eta horrelako ekimenetara gazteak hurbiltzen diren gehienbat.
Arratsaldeko sei eta erdietatik gaueko ordu bata eta erdiak arte izango dira kontzertuak. Ostiralean Gwayav’ taldeak emango dio hasierari jaiari, gero Vaguement La Jungle, Toot’s And The Maytals reggae taldea, Oscar D’Leon artista ezaguna, Alpha Blondy eta bukatzeko Ska-p taldeko kantariak osatutako The Locos taldea izanen dira. Larunbata Zaporekin hasiko da, Sarah Slean eta Zebdako kantariak diren Mouss & Hakimekin jarraituko da eta Sargento Garcia, Louisse Ataque eta Deloreanekin bukatuko da jaialdia.
Herritik hartu eta ematen duen jaialdia
BIARRITZ Biarritz eta Euskal Herria promozionatzen lagundu nahi duen jaialdia da Extravagances. CSM produkzio-etxeko Cedric Rouxek aipatu zuen bezala, kantari eta talde askok Biarritzera etortzea onartzen dute hango giroaz gozatu ahal izateko. Rouxek aipatu zuen musikari askok kontzertuaren inguruko egunak libre hartzen zituztela beren biren bitartean gure artean goxo egon ahal izateko. Kanpotarrak gure herrira erakartzen dituen jaialdi honek bertako jendea ere mugiarazten du. Iaz lehen aldiz antolatu zen Extravagances laguntzera 200 boluntario joan ziren. Antolatzaileek, beren aldetik, herriarekin bat egin nahi izan dute, bai bertako taldeak karteldegian ezarriz, baita sarrera bakoitzeko euro bat Agilerako gazteei emanez ere. Kontzertuen inguruan bestelako egiturak ere antolatu dira, esaterako, «herri publikoa» izango da estadioaren aparkalekuan, non eskualdeko sukaldari eta artisauek beren produktuak saldu ahal izanen dituzten.
|