GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria 2006-06-11
Julen Murgoitio
Arrastoa

Bi mila eta sei urtearen seigarren hilak sei egun izatean, orduantxe zen etortzeko antikristoa, ez dakit nongo izkribu zaharretan iragarria izan zenaren arabera. Eta heldu egin zen eguna, aste honetan heldu. Eta joan ere. Eta? ze kristo eta ze antikristo! Zer edo zer arraro gertatu ote zen egun seinalatuan? Atzera eta aurrera ibili ditut hilaren zazpiko egunkarietako orriak, antikristo horren arrastoa edo zantzua eman liezadakeen informazioaren bila. Ni neu, fedebako naizena, halako arrastoen bila! Hamaika egiteko gara gero! Ene, ene! Nire amak jakingo balu! Baina baneukan barruan halako irrika, jakin-mina edo, ea apostolu hark Apokalipsian iragarri omen zuena bete ote zen, eta horra! orriak aurrera eta atzera, kantari euskaldunak gizon arruntari egindako kopletan azaldu bezala; baina ni mahaiaren gainean, ez komunean. Ohiko egunkariak aurrean nituela ez nekien nondik hasi ere antikristoren zantzuaren bila, baina, zergatik jakin barik, ez nintzen kirol orrietatik hasi eta artezean jo nuen politika orrietara. Zera pentsatu nuen neure barruan: politika orrietan izan ohi bada egunero kristoa, antikristoa egotekotan ezin hortik urrun egon, ez baita profeta izan behar sinesteko antikristoa etortzekotan kristoa izorratzeko etorriko zela, beste ezertarako ez. Beraz, orriok arakatzen hasi nintzen eta hauxe kolpea! segituan sentitu nuen zantzuaren zirrara, hauxe da! topatu dut antikristoa! erretratua eta guztiz! Ez, apostolua ez zegoen txantxetan! horretan behinik behin. Ba bai, hantxe zegoen antikristoa, beheko estatuaren hiriburuko diputatuen jauregian, nazio-egoeraren debatean parte hartzen. Bejondeiela nazioa dutenei! are gehiago, beren nazioaren egoeraz urtero eztabaidatzen dutenei! Tira, noan harira, hantxe zegoen antikristoa tribunatik ozen berbetan, harrokeria betean, aulkian jesarrita zegoen kristoari atzamarra erakusten, inoiz baino antikristoagoa, inoiz baino atzamarragoa; mehatxari, kristoaren gobernuarekin hartu-emanak apurtutzat ematen zituela behin eta berriro esaten. Bai! pentsatu nuen, hauxe behar 666ko seinalea! Hala ere, oraindik apur bat denbora libre neukanez pare bat buelta gehiago eman nion buruan gaiari, sakoneko argitasunaren arrastoan, eta azkenean dudatan geratu nintzen: argi dago kristoa eta antikristoa hantxe zi-rela, jauregi hartan, bata bestearen aurrean, baina biotatik zein zen kristoa eta zein antikristoa? Demonio! zer zaila den hori argitzea! Baina argitu beharra daukat, niri behintzat gai batean behin sartuz gero azken muturrerainoko bidea egitea gustatzen zaidalako. Eta benetan kristoa denari galdetu nahi nioke ea zelan demontre egin zuen ogien eta arrainen ugalketa ospetsu hura, ogitan ez hainbeste baina arrainetan behintzat antxoa barik utzi zigun eta. Demonio! Eta Lazaro harenaz ere, jakin nahi nuke nik hura kamainatik altxatu eta korrika hasi zedin ez ote zuen gizajoa dopatu, odola berrituz. Eta galdetu ere, zelan egin zuen berak eskolan Apokalipsia urte bateko umeengandik hurrengo urtekoengana pasatzeko. Baina horretarako kristoa zein den jakin behar dut. A ze kristoa! Demonio! -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Miles de personas con mil razones para parar el TAV
Euskal Herria
Udalbiltza festeja el Estatuto de Lizarra y relanza su reunificación ante la Guardia Civil
Mundua
Occidente se niega a condenar la masacre
Mundua
El Pentágono anuncia el suicidio de tres prisioneros del centro de Guantánamo
Kirolak
Biarritzek bigarren zatiaren hasieran erabaki zuen finala
Euskal Herria
EA plantea la creación «inmediata» de una única mesa de partidos
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea