GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-06-11
«Etxean nahi ditugu» esanez bat egin dute senideek Baionako deialdiarekin
Estatu frantsesean giltzapetutako euskal herritarren 60 senidetik gora elkartu ziren atzo Hendaiako tren geltokian. Ez zen lehenengo aldia bertan izaten zirela, presoak bisitatzeko Frantzian barrena ehunka kilometroko bidaia asko bertatik egiten baitute. Tren geltokiaren «hall»ean eginiko agerraldian, ekainaren 24an Baionan Ibaetako Foroak antolatuko duen manifestazio nazionalera joateko dei egin zion Etxerat-ek «herritar orori, demokrata orori».

HENDAIA

«Nola ez erran: etxean nahi ditugu». Halaxe amaitu zuten atzo Hendaiako geltokiko agerraldian Etxerat-en izenean hitz egin zuten Maite Agerrek, euskaraz, eta Jeannime Beyriek, frantsesez. Bi horien ondoan, beste bost lagun zeuden eserita bertan jarritako mahaian. Zazpi lagun, beraz, bat herrialde bakoitzeko: Nafarroa Beherean bizi den Maite Aranalderen aita (900 kilometrora du preso alaba); Nafarroa Garaitik etorritako Bixente Goikotxearen anaia (620 kilometrora anaia), lehengusu bat ere kartzelan duena (900 kilometrora); Kirru Otxoantesana ondarrutarraren anaia (1.000 kilometrora); Patxi Abad gasteiztarraren lagun bat (1.000 kilometrora); Ibon Fernandez gipuzkoarraren ama (1.000 kilometrora); eta aipaturiko Didier Agerre zuberotarraren eta Lorentxa Beyrie lapurtarraren amak (hurrenez hurren, 900 eta 800 kilometrora dituzte semea eta alaba).

Zazpi lagun horien atzealdean, zutik, beste 60 bat izan ziren; denak ere ekainaren 24an, euskal preso politikoen eskubideen alde, Ibaetako Foroak Baionan egingo duen manifestazioan parte hartzeko dei egiteko «herritar orori, demokrata orori, estatuek pertsonak salgai politiko gisara erabiltzea onartzen ez duen orori, herri honek aitzina egitea nahi duen euskaldun orori».

Agerraldia Estatu frantseseko kartzeletan euskaldunek pairatzen duten egoera salatzeko aprobetxatu zuten. 150etik gora dira bertan giltzapetuta eta sakabanatuta dauden preso politikoak; batez beste, haien herrietatik 828 kilometrora. Bizi-baldintzak gero eta okerragoak direla salatu zuten senideek, eta horren adibideak jarri zituzten: «Atxiloketa denbora lau egunetik sei egunera luzatu eta prebentziozko presondegi epea luzatu dute; kartzela-zigorrak bikoiztu eta hirukoiztu egin dituzte; eta sakabanaketa eta bakartze egoera azkartu dute».

Etxerat-en ustez, senideek ere pairatzen dituzten neurri horiek guztiek presoak «bahitu politikoak» direla erakusten dute, «dudarik gabe».

Herritarrei ez ezik bestelako eragileei ere dei egin zieten senideek, oso bestelakoa izan arren. Michele Alliot-Marie ministroari, Alain Lamassoure Hautetsien Kontseiluko presidenteari, Jean-Jacques Lasserre Departamenduko buruari eta alderdietako ordezkariei, konponbidean «aktiboki» parte har dezaten eta arduraz joka dezaten eskatu zieten.

Konponbiderako beste urrats bat

«Batu gaitezen euskaldun eta demokrata oro, preso eta iheslari guztiak etxeratu behar dituen eta senide gehiago sortzeko zirrikiturik utzi behar ez duen benetako konponbidea- ren bidean, bi estatuei pausoak eginarazteko», nabarmendu zuen Etxerat-ek, egungo egoerari lotutako asmo bat finkatu ondoren: «Jendea prensodegira, atzerriko herrietara eta hilerrira eraman dituen gatazka politiko honi, herri gisa, bukaera eman diezaiogun». Baionako karriketan, bide horretan beste urrats bat egingo dutela gehitu zuen. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Miles de personas con mil razones para parar el TAV
Euskal Herria
Udalbiltza festeja el Estatuto de Lizarra y relanza su reunificación ante la Guardia Civil
Mundua
Occidente se niega a condenar la masacre
Mundua
El Pentágono anuncia el suicidio de tres prisioneros del centro de Guantánamo
Kirolak
Biarritzek bigarren zatiaren hasieran erabaki zuen finala
Euskal Herria
EA plantea la creación «inmediata» de una única mesa de partidos
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea