Alain IRIART | Pirinioetako Abeltzainen Elkarteko lehendakaria
«Herriak husten ari dira, hartzak egoera larritu baizik ez du eginen»
Gobernu frantsesak Pirinioetan berriz hartzak sartzeko plana indarrean jarri izanak mendia lanbidetzat duten laborarien, artzainen eta turismotik bizi direnen kexua eragin du. Berrikitan manifestazioa izan zen Bagnere de Luchon hirian. Halere, azken hilabeteotan lau hartz askatu dituzte, eta laster bosgarren bat ere sartuko dute.
Alain Iriart Larraiñe herrikoa da eta, urtero-urtero,
udarako sasoian, mendira bidaltzen ditu bere behiak. Pirinioetako Abeltzainen
Elkarteko lehendakaria izanik, Esloveniatik datozen hartz horien agerpenak
arrangura handia sortu duela nabarmendu du. Argi utzi nahi izan du, berez, ez
dagoela hartzaren aurka, baina, Esloveniakoak Pirinioetako bizitzara egokituak
ez direla nabarmendu du. Horrenbestez, hartzak Pirinioetan sartzerakoan lekukoen
iritzia ez dela kontuan hartu salatu nahi izan du.
Bagnere de Luchonen manifestazioa egin zenuten duela hiru aste, eta geroago, hartzaren alde direnek beste bat egin zuten Tolosan....
Bagnere de Luchonen izugarrizko manifestazioa izan zen, 5.000 lagun bildu baikinen. Bertan, mendiaz bizi garen gehienak bildu ginen. Pirinioetan bizi direnak, oro har, aurka daudela erran daiteke. Tolosan izan zirenen artean, berriz, denetarik bazen, baita manifestazio horretarako Parisetik jaitsi ziren batzuk ere.
Posible al da hartzak bertan direla zuen jarduera normaltasunez jarraitzea?
Kabalarekin eta behiekin bizi gara. Uda guztian mendian uzten ditugu libre. Hartza bertan izanez gero, egunero-egunero kabala ikustera igo beharko genuke mendira. Hori ezinezkoa da guretzat. Lehenago ere baziren hartzak, eta ez zegoen arazorik. Baina, Esloveniako hartzak ez dira mota berekoak.
Hartz motak kezkatzen al zaituzte gehien?
Berez ez gaude hartzaren aurka. Hemengo hartzarekin beti bizi izan gara, eta ez dugu sekula arazorik izan, baina Esloveniakoekin desberdina da oso. Gaur (atzo) bertan, artzain batek deitu dit hiru ardi hilak eta artalde guztia mendian barreiatua atzeman zuela esateko. Oso kezkatua zegoen. Ez dut ikusten zertarako nahi duten hartz horiek guztiak mendian askatzea, ez dut ulertzen.
Laguntzak eskuratuko dituzuela diote...
Bai, baina horretarako baldintza batzuk jarri dizkigute. Ardiak mendian uzteko orduan gune itxi batean atxiki behar ditugu. Baina, ardiak mendian daudelarik, bero handia egiten duelarik, itzalaren arabera mugitzen dira. Ezinezkoa da hamar orenez eremu itxi batean atxikitzea, bereziki bero handia egiten duelarik. Gure lan egiteko eran ezinezkoa da horrelako zerbait egitea. Guretako oso larria da gertatzen ari dena. Bost hartz sartu dituzte dagoeneko. Basajendeak bezala sartzen dituzte, lapurrak balira bezala. Sartu nahi badituzte, argi egin dezatela.
Zenbait lekutan pozoia jarri dute hartzak hiltzeko...
Entzun dut. Ez dakit nola egin duten. Baina, hartzaren afera horrek jarraitzen badu, zenbait jende gerlan hasiko da. Herritar asko kezkatua daude sortzen ari den egoerarekin.
Plana bultzatu dute zuen iritzia kontuan hartu gabe, ezta?
Guregana etorri direlarik plana finkatua zen. Gure iritziaren gainetik egin dute. Hasieran hogeita hamar hartz sartuko zituztela esan ziguten. Dagoeneko bost sartu dituzte. Hein horretan geldituko direla espero dugu. Aski da. Horrela jarraitzen badute Pirinioetako jarduera guztiak bukatuko dira. Jadanik, gaur egun, gero eta gazte gutxiago da hemen lanean eta bizitzen. Herriak husten ari dira. Hartzak lehendik larria den egoera larritu baizik ez du eginen.-
|