San Pedro, Getaria, Isuntza, Ondarroa, Trintxerpe eta Donostia Arraun, A Ligara
·Beste hamaika traineruek txartela eskuratzeko bigarren aukera izango dute gaur
DONOSTIA
Kantauriko Arraun Elkarteak atzo izan zuen bere lehen estropada ofiziala, A eta B Ligak zehazteko sailkatze probak, hain zuzen ere. Hemezortzi talde euskaldun izan ziren San Pedron erlojuaren kontra jokatu beharreko estropadan, eta emozioa eta parekotasuna izan zen nagusi, batez ere aurreneko sei sailkatuen artean, A Ligan aritzeko txartela zuten postuetan amaitu zutenen artean. Azkenean, San Pedro, Getaria, Isuntza, Ondarroa, Trintxerpe eta Donostia Arraun Lagunak izan ziren azkarrenak, ordena horretan, eta dagoeneko badakite denboraldia KAEko A Ligan egingo dutela. Beste ontzi guztiek beste aukera bat izango dute gaur 12.00etan atzoko toki berean, beste hiru txartel egongo baitira jokoan. Estropada interesgarria izan zen atzokoa, zaleak erakartzen dituen horietakoa. Zozketaz zehaztu zen irteera-ordena. Deustu izan zen lanean hasten aurrena, eta ondoren, minutuz minutu, Donibane Ur-Joko, Portugalete, Donostia Arraun, Ondarroa, Santurtzi, Trintxerpe, Ur Kirolak, Getaria, Kaiku, Raspas, Lutxana, Hondarribia B, San Pedro, Zierbena, Algorta, Isuntza eta Urola Kostaren txanda iritsi zen. Hala, talde guztietako ordezkariek erlojua eskuan jarraitu zuten probaren nondik norakoak. Ibilbidean kokatutako ziaboga bakarra zen erreferentzia nagusia, eta puntu horretan San Pedro, Getaria, Trintxerpe, Isuntza, Santurtzi, Ondarroa eta Donostia Arraun izan zirenzazpi ontzi bizkorrenak, 9 minutu eta 38 segundoko eta 9 minutu eta 43 segundoko denbora tarte horretan. Kaiku, ia bost segundora, zortzigarren ontzirik azkarrena zen ziabogan. Gauzak hala, bigarren luzean erabaki behar zen KAEko Ligako A multzoan zein taldek aritu behar zuten, eta hala izan zen. Itzuliko luzean Isuntza izan zen onena 9 minutu eta 47 segundoko denborarekin, baina azkenean lekeitiarrek hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Postua, hala ere, gutxienekoa zen atzokoan, garrantzitsuena sailkapena lortzea zen-eta. Etxeko ontzia, ostera, estropadako erregularrena izan zen. Itzuliko luzea betetzeko Isuntza baino segundo bakar bat gehiago behar izan zuen, eta helmugan denbora onena egin zuen Isuntza baino hiru segundo azkarrago. Getaria bigarren sailkatu zen azkenean, ia bi segundora, joan den astean Mutrikun erakutsitako maila ona berretsiz. Beste hiru txartelak, ostera, Ondarroarentzat, Trintxerperentzat eta Donostia Arraun Lagunarentzat izan ziren, irabazlearengandik bost, sei eta zazpi segundora sailkatu baitziren, hurrenez hurren. Beraz, argi geratu zen KAEko Ligan parekotasun handia izango dela.
|