J.L.
BIARRITZ
Egun handia izango da gaur Biarritzen. Orain dela hiru aste, nahiz eta galdu eta triste samar egon, herri guztia kaleratu zen, beren taldea animatzeko eta ongietorria egiteko. Gaur, aldiz, atzoko garaipenaren ostean, ez dira gutxiago izango.
Taldea 15.00etan iritsiko da EuskalHerrira, eta orduan hasiko da taldearentzako prestatuta dauden ekitaldiak. Festa, hala ere, atzo hasi zen, eta batek baino gehiagok jarraituko du festan lo asko egin gabe.
Biarrizko jokalariek ez dute atseden hartzeko betarik izango iluntzera bitarte, hegazkinetik jaitsi orduko hasiko baitira ekitaldiak. Ordu horretan herriko agintariak han izango dira jokalariak zoriontzeko, eta autobusa zain izango dute.
Han sartu, eta herri osoari itzulia emango diote. Luzea izatea espero da, milaka eta milaka lagun egongo baitira Biarrizko karriketan. Hori amaitutakoan, herriko etxera joango dira, eta handik, zaleei hitz egingo diete jokalariek, baita abestu ere, seguru asko. Ekitaldi hori ere luze samarra izatea espero da, jokalariak eta zaleak bat eginda egongo baitira.
Herriko etxetik jaitsitakoan, oinez joango dira Kasinora, zaleak zuzenean agurtu ahal izateko. Han afaria izango dute jokalari, entrenatzaile eta zuzendariek, herriko agintariekin, eta gaueko ordu txikietan amaituko da gaurko eguna.