- Adierazpenak
Patrice Laguisquet: «Lehenengo bi entseguek erabaki dute partida»
·Entrenatzaile lapurtarraren ustez, bigarren zati oso ona egin zuten
Jon LEUNDA
BIARRITZ Patrice Laguisquet, Biarrizko entrenatzailea, gizon zoriontsua zen atzoko finalaren ostean. Orain dela hiru aste Cardiffen jasandako kolpea ez zitzaien atzo nabaritu, eta bigarren urtez jarraian, Liga irabazi dute zuri-gorriek. «Guretzat garrantzitsua zen irabaztea. Galesen Europako Kopa galdu ostean minduta egoten zara, baina aurrera egin beharra zegoen, eta horixe egin genuen, Ligaren aukera hor baitzegoen. Azkenean ongi heldu gara final honetara, eta garaipena eskuratu dugu», esan zuen. Bigarren zatian lortutako lehen bi entseguak erabakigarriak izan zirela esan zuen: «Lehen zatia estua izan da. Ahalegindu gara, baina berak ere ongi aritu dira defentsan, eta parean aritu gara. Bigarren zatia hasi eta berahala bi entsegu jarraian egin ditugu, eta hor apurtu da partida. Hortik aurrerra lasaiago jokatu ahal izan dugu. Berek jokoa zabaldu egin dute, eta guk aukerak aprobetxatzen jakin dugu. Uste dut bigarren zati oso ona egin dugula», esan zuen agurtzeko Patrice Laguisquet Biarritz taldeko entrenatzaileak. Entrenatzaileaz gain, jokalariak ere kontent ziren. August, esaterako, pozak zoratzen zebilen, eta ez da gutxiagorako: «Partida ona egin dugu. Lehen zatia estua izan da, baina gu ongi aritu gara bigarren zatian eta bagenekien horrela jokatuta irabaziko genuela eta hori egin dugu. Buruz eta gorputzez ongi aurkitzen ginen, eta elkarlanean jarraitzea besterik ez zitzaigun geratzen. Gero, bi entsegu jarraian egiteko zortea izan dugu, eta garaipena geurea izan da.Zaleek merezi zuten horrelako poz bat. Cardiffen burumakur itzuli ziren, baina gaur badute festa egiteko arrazoi bat», adierazi zuen. Imanol Harinordoki ere ez zegoen haserre: «Europako Kopa galduta, berriro gauza bera gertatzeko kezka izaten da, baina zorionez dena ongi joan da. Ikaragarria izan da horrenbeste jarraitzaileren aurrean garaipena eskuratzea. Ongi aritu gara, lana ongi egin dugu, eta azkenean garaipena eskuratu ahal izan dugu», esan zuen.
Tolosakoak, triste
Guy Novess, Tolosako entrenatzailea, burumakur agertu zen, baina lapurtarren garaipenari ez zion inolako aitzakiarik jarri: «Lehen zatian ongi aritu gara, ez da alderik egon. Gu ahalegindu gara erasora jotzen, baina ezinezkoa izan zaigu haien defentsa gainditzea, baina irabazteko aukerekin joan gara», esan zuen. «Bigarren zatian indartsu hasi dira haiek, eta oso denbora gutxian bi entsegu egin dituzte, eta gero ezin izan diogu horri bueltarik eman. Biarritzek merezita irabazi du, gu baino hobeak izan dira, eta ez dago aitzakiarik», aipatu zuen amaitzeko Novessek.
|