GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-06-24
APAIZAC OBETO espedizioa
Balea bizi den artean, tximeletak beti izango du non pausatu
Barachoixeraino marraztu dute mapan egindako bidea Apaizac Obeto espediziokoek eta bidean hirutan somatu dute balearen arnas hots bortitza, itsasoaren arnasa dirudiena. Gogorra da bidea, baina indarrez eman beharreko arraunkada bakoitzak taldea are gehiago batzen du. Bidean, tximeleta baten hegaldi ederrarekin liluratzeko tartea ere hartzen dute.

Bat-batean haizea geratu da, ordura arte abiada bizian eraman gaituen haize berak guk han geratu behar genuela erabaki du. Eta haizeak erabakitzen duenean, ez dago ezer egiterik, bere menpekoa zara. Hamabi ordu segidan daramatzagu nabigatzen, eta hurrengo portura arte arraunean hasteko berandu da; nekatuta gaude. Denak han gelditu behar dugula agintzen du. Orduan, hantxe geldirik, ur leherketa handi bat entzun dugu ababorrera, denek biratu dugu burua, baina azkarrenek soilik ikusi dute: balea! 400 itsas miliatan, lehenengo balea.

Egun asko generamatzan une horren zain eta antsietatea ere gertu genuen. Quebecetik lehenengo balea handia ikusi dugun Petit Valee (I 49º 12’ 57’’ ­ M 64º 09’ 22’’) herriraino milia asko nabigatu ditugu eta jende guztiak esan digu harrigarria dela balea gehiago ikusi ez izana. Burutik pasa zait baleek memoria atabikoa izango ote duten eta Beothuken moduko balea ehizarako txalupa ikustean, arraunkadak entzutean, gure ingurutik alde egiten ote duten. Kanadako itsas biologoek Red Bayko itsasertzean aurkitutako balea hezurretan ADN azterketak egin dituzte, eta horri esker badakigu belaunaldiz belaunaldi balea familia osoak izan direla ehizatuak ur horietan. Agian baleek ez, ez dute izango memoria historiko hori, baina eskerrak guk bederen, badugun.

Petit Valeetik abiatu eta arraunean 15 miliatan jardun ondoren, gure etsai itsasgorarekin, eta honen mainadakoak diren aurkako haize bortitzekin eta bizpahiru metroko olatuen enbatarekin egin dugu topo. Orduantxe, itsas zaindarien ontzi bat hurbildu zaigu, Jacques Fournier Parks Kanadako gure kontaktua karelean duela. Itsasargiaren beste aldera, hantxe, portutxo bat omen dago, Cap Rosiers. Horrelakoetan, hizkuntzaren zehaztasunaz hitz egin genezake: «hantxe» horrek ez du adiera bera ontzi motorizatu batetik hitz egiten duenarentzat eta arraunean ari denarentzat. Itsasargitik porturainoko tartea amaitezina egin zaigu, ezin aurrera egin. Beothuk olatuetan galduko da lehorreko ikusmiratik, inguratu beharra dugun itsasargiaren argi etenkatuaren erritmora. Olatu arteko zuloan, geratu egiten da, seko, eta berriz abian jartzeko gogor eman behar zaio; gora eta behera, balantza eroan, arraunkada asko huts egiten da, gainera. Horrelakoetan ez dago beste irtenbiderik; indarrak edonondik atera behar dira; ez dago etsipenerako tarterik eta arraunlari guztien apurrek indar bat osatu behar dute, talde lana da, bere zentzu zabalenean, baina baita estuenean ere: guztion aldetik arraunketaren sinkronizazioa eta neurri bereko ahalegina eskatzen du. Lehorrean erreferentzia puntu bat hartzen duzu, izan daiteke zuhaitz bat, etxe bat, itsasargia bera. Eta ikusten duzu ez dela atzean geratzen, arraunari eman eta eman eta txalupak ez duela aurrera egiten. Beothukek tona bateko pisua du eta gu hamabi beso baino ez gara. Eta hori horrela izanik ere, sei beso eta bi tona direla irudi lezake. Baina, bostehun urte eta gero, iritsi gara Cap Rosiersera, lehertuta baina pozik. Horrelako tarteak gainditzeak taldea indartzen du.

Cap Rosiers Forilloneko natur parkean dago, gure espedizioan laguntzaile dugun Parks Canada erakundeak kudeatzen duen natur parke ugaritako bat da. Champlain XVII. mendean kostalde hauetara iritsi zen frantziar exploratzaileak izendatu zuen horrela, bertan aurkitu zituen baso larrosa ugariak zirela eta. Oraindik ere badira. Bagenekien arraunean hasterako, ez dago larrosarik arantzarik gabe. Gau horretakoa ere badugu beste pasarte bitxi bat.

Txalupa ikustera hurbildutako arrantzale batzuek esan digute ilunabarrean, hondartzan, arrainak biltzeko aukera izango dugula. Bildu, ez arrantzatu. Hara joan gara eskifaiako batzuk, kuboak hartuta. Harrizko hondartza luze eta estuan, jende gehiago dago arrainen zain eta horietako batzuengana hurbildu gara. Adineko senar-emazte bi bikote dira eta haiek hobeto azaldu digute kontua. Arrainak sardina luze gisakoak dira eta urtean bizpahiru astetan hondartzaratzen dira, arrautzak errutera. Noiz agertuko diren itxaron baino ez da egin behar, eta halaxe egin dugu. Olatu txikien aurrean, harri gainean eseri gara. Ez da oraino arrainik ageri eta, bitartean, gizonetako batek bere kontuak esaten ditu, nola duela bi urte bere arrainontziak naufragatu zuen Anticostin, San Lorenzoaren bokale aurreko uharte handiko kostaldean, eta arrantzale guztiak ontzi puzgarrietan atera zirela hamabi metroko olatu artera, iraulika galzorian ibili eta helikopteroek atera zituzten arte... ez da arrainik etorri hondartzara errutera, baina zerua izartuta dago eta olatu txikien musikara dantzan ari diren harritxoen zaratotsa baino ez da inguruan entzuten. Itsasoak zer emango zain egon ondoren, esku hutsik baina gogo onez itzuli gara gure aterpetxora. Baba txikiak jango ditugu.

Bigarren enkontrua

Cap Rosiersetik irteeran itsas lanbroak inguratu gaitu, nola labarretarantz, hala zabalerantz ere. Lanbro horri taosa esaten diogu Zumaian. Egun handia da, ibai handia agurtuko dugun eguna eta badakigu labar izugarrien magalean nabigatuko dugula. Ordea, lanbro berezi horrek ez ote digu Gaspeko lur muturrerainoko (I 48º 44’ 42’’ ­ M 64º 09’ 22’’) hormatzarra ikusten utziko? Lanbroak merezi ditu lau lerro. Askotan aipatu digute San Lorenzo golkoko itsas lanbroa. Urteetan inguruotan bakailao ontzietan ibilitako Felixek esana dit asteak pasa izan dituztela beraiek lanbro artean, deus ikusi gabe. Hego haizearen beroak eta uraren hotzak bat egitean sortzen da lanbro hori. Ibaian egingo dugun azken nabigazioak gure begientzat izan behar zuen opariaren estalkia da.

Arraunketan atseden hartzeko geratuta gaude; olatu baga handi baina bareek kulunkatzen gaituzte; dena dago geldo dena isil, itsas belar handiak ur azalean doaz korrontearekin, eta bide beretik baina braza bat azpirago, marmoka txikiak doaz. Denen artean fantasia bat osatzen dute. Film bat balitz, zerbait gertatzera doala pentsatuko genuke. Eta halaxe izan da. Itsasoaren barrunbeetatik datorren arnas hots handi batek bat-batean gure arreta bereganatu duelako. Balea! Balea! Beste balea bat da; gugandik 60 bat metrora dabil, sartu irten, irten sartu, balearekin gure bigarren enkontrua da. Ikusi genuen lehenengoaren mota berekoa da, Aaronek minke deritze. Berak Ternuan sarri ikusten ditu, aitarekin arrantzan ari dela. Bizpahiru aldiz bota du haize bufada ozena, izugarria da. Irten sartu, irten sartuŠ eta ez da berriz irten. Ez dakit zerk eragiten duen harridura handiagoa, bere bizkar beltz luze eta zabala uretatik kanpo ikusteak ala arnas hots bortitzak. Itsasoaren arnasa dirudi. Balea hurbiletik ikustea ametsa nuen, eta berriz arraunean hastean, ipurdiko hanturak unea benetakoa dela adierazi dit.

Agur ibaia

Ibaiaren azken miliak ikusgarriak direla denek esan digute. Guretzat, ordea, ikustezinak izan dira lanbroa desagertu artean. Lehendabizi labarren goiko ertzak agertu dira, goian, oso goian, zein txikiak garen ohartarazten. Segidan, soinekoa eranzten ariko balitz bezala, beherantz joan da taosa, harri trinkozko horma erraldoia agerian utziz. Eta ur kotoizko soinekoa erabat oinpean bildu denean, hormatzarra bere biluztasunean agertu da gure begietara, itzel, eder, trinko, zuri, oparo, horma. Urazaletik hiruzpalau metrora bilduta dago lanbro grisa, bitxia, hari solterik gabeko oihala, amildegiaren azpian bildua. Azkenean, San Lorenzok guretzat gordea zuen opariari estalkia kendu dio. Labarretatik tarte gutxira ekin diogu arraunean, itsasorantz.

Istribor aldera gorantz begira egin ditugu itsasorainoko azken miliak. Azken lur muturreko itsasargiaren ondotik itsasoratzean, haraino eraman gaituen ia 400 miliako nabigazioa bukatu dugu. Atzean, oso atzean daude orain Quebec, Sain Jean de Port Jolieko itxaronaldia, uharteak eta beste. Espedizioaren beste fase bat hastera goaz. Hantxe, ibaiak eta golkoko urek talka egiten duten leku berean, gazta eta intxaur batzuk jaten geratu gara.

Etenaldiaren ondoren, Gaspeko badia zabala zeharkatu behar dugu, zazpi miliako zeharkaldia, korronteak lagun, baina haizea aurka, beraz, arraunean. Gogoz ekin diogu eta bi ordu pasatxotan lurralde berri honen kosta parean paratu gara. Badia barrenetik gugana, euri zamadun laino beltza mehatxuka dator eta azpian dakar bere zakur harrapakaria den haize hotza. Ez nuen inoiz honelako lainotzar beltzik horren altuera txikian ikusi. Hari ihesika indarrez ari gara arraunean, begiz jo dugun hondartzatxo batera. Tximistak eta trumoiak gainean ditugu eta laster lehenengo euri tantak ere. Orain arte ikusi ditugunetan hondar fineko lehen hondartza bada ere, haitz handi samarrak ditu tartean eta Beothuk, haritz egur sendokoa delako, bertan baratu ahal izan badugu ere, gure ondoan datorren XXI. mendeko laguntza zodiacarentzat arriskutsua da. Paradoxak. Uretara salto egin eta bi ontziei bultzaka jardun ondoren atera gara hondartza hartatik portu baten bila. Eta aurkitu dugu: Barachoix (N 48º 44’ 42’’ ­ M 64º 17’ 41’’). Ezagutzen genuen, euskal toponimiaren adibide ezagunetakoa baita. Euskaldunok Barratxoa esaten genion leku horri orain dela bost mende ere, kostatik itsasorantz ateratzen zaion kilometro inguruko lur eta belarrezko penintsula estu-estuagatik. Berriz ere hemen gaude. Hondartza polit batean sartu gara eta bertan egin dugu kanpamendua. Aaronek gure arraunekin eta bela oihalekin tipia egin du, amerindiar etxe tradizionala. Huroiek, Creeak, montaignesak eta abarrek oihalez egiten dute, eta mikmakek berriz urki azalez. Beraiek tipi mota honi wiwang esaten diote.

...eta hiru

Goizeko bost eta erdiak aldera, euritan atera gara hondartzatik, egoera hauetarako bereziki Biarnotik ekarri ditugun Pirinioetako aker larru iletsuak bizkarrean, soinean eta buruan. Gure Gore-tex eta neoprenoak dira. Abiatzerakoan, itxura horrekin beldurgarri gaudela iritzi diogu, baina Mixera otarrak jasotzen ari diren arrantzale batzuk barrezka ari dira, guri begira argazkiak ateratzen. Jakin-minez, zertan ari garen galdetu digute, eta, normaltasunez, Miscoura goazela erantzun diegu. Elkarri begiratu diote. Miscou 25 miliatara dago. Zaparrada bortitz horren pean arraunean goazela, tximeleta txiki bat nire tosta artetik hegan pasa da eta Itoizen kantu zaharra ekarri dit burura, «...ez joan, ez joan itsaso horretara, pausalekurik ez da», baina bera, hegal kolpe dardartian, joan egin da. Berriz ere lanbro artean, uretara jauzten den gorputz handi baten kolpe likidoa entzun dugu, balea da berriz. Aurrekoak baino handiagoa da, Aaronek Fin motakoa dela dio. Hari begira geratu gara, arnasa nola botatzen duen entzuten, euripean. Eta orduan bururatu zait gure itsasoan ezetz, baina honetan badela oraindik tximeletarentzat pausalekurik. Beti izango ditu segundo batzuk, zorionez oraindik arnasa hartzen duten baleen gainean atsedentxoa hartzeko. -

WWW.ALBAOLA.COM


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Derecho... capacidad... respeto a decidir
Jendartea
Los sanjuanes empezaron con retraso
Euskal Herria
Nuevo paso de Marlaska para amordazar a Otegi
Kultura
Fallece la ilustradoraAsun Balzola
Euskal Herria
Marlaska amplía la operación policial a los empresarios
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss