Euskal Curriculumarekin jarrera alda dezala eskatu diote Hezkuntza Sailari
ANDOAIN
Eskola publikoetako zuzendari, irakasle, guraso eta ikasle talde bat prentsaren aurrera agertu zen atzo Euskal Curriculumaren prozesuan Lakuako Hezkuntza Sailak hartu duen jarrera kritikatu eta alda dezala eskatzeko.Salatu zutenez, eremu publikoan eztabaida egiteko «oztopoak» jarri dituzte ikasturte hasieratik. Hartara, Hezkuntza Sailaren berezko tresnen bitartez eskolaz eskola eztabaida bultzatzeari uko egin diola eta, ondorioz, eskola publiko asko eztabaidatik kanpora geratu direla jakinarazi zuten. Horrez gain, Hezkuntza Sailak egin beharreko eztabaida «itxuraldatzea eta mugatzea» erabaki duela esan zuten, «ez baita Euskal Curriculumari buruz hitz egiten, baizik eta EAEko curriculumari buruz». Hezkuntza Sailak eskola publikoetara bidali duen eskutitza ere «negargarria» iruditu zaiela gaineratu zuten. «Euskal Curriculuma den gai garrantzitsua orri soilean jorratzen du. Ez du prozesuan orain arte egin diren urratsen berri ematen. Eztabaida egiteari uko egiten dio eta materiala webgune batean zintzilik dagoela esaten du», salatu zuten besteren artean. Horiek hala, Hezkuntza Sailari bere jarrera norabide egokian jar dezala eskatu zioten, «herri ikuspegiaz eta Euskal Curriculumaren egitasmoaren oinarriak zainduta». Horretarako, eskola publikoetan eztabaida ahalbidetzeko eta aukera berdintasuna bermatzeko baliabideak jar ditzala exijitu zioten. Gainera, eremu publikoko eragile guztiei «arduraz joka dezatela» eskatu zieten, eta eskola publikoei, Euskal Curriculumaren inguruko eztabaidan murgil daitezela.
|